Pomozte baskicky'm detem! (Lagundu euskal haurrak!) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Pomozte baskicky'm detem! (Lagundu euskal haurrak!)

Kokoschka, Oskar

Pöchlarn (Austria), 1886/03/01-Montreux (Suitza), 1980/02/22

Urkolorea kartoi meheari itsatsitako paperean

96,9 x 74,2 cm

O K (eskuineko beheko angelua)

1937

84/73

1984an eskuratua

Bere ibilbide artistikoan zehar, egunero lantzen zuen obran modu batean edo bestean eragin zuten gorabehera ugari bizi izan zituen Kokoschkak. Honenbestez, bere pinturan, bere belaunaldiko artista askoren lanetan bezala, arrasto garbiak utzi zituzten ezegonkortasun ekonomikoak, sentimendu eta osasun egoerek eta egoera politiko jakin batzuek. Zentzu horretan, Lehen Mundu Gerran zehar bere obra estiloaren eta landutako tematikaren ikuspegitik aldatu ez bazuen ere (beste artista espresionistek ez bezala), Bigarren Mundu Gerrak eta Espainiako Gerra Zibilak hein handi batean baldintzatu zuten egile honen jarduera artistikoa, izan ere, faxismoak eta burura eramaten ari ziren gerra izugarrikeriak salatuko zituzten lanak burutuko zituen ordutik aurrera.

Anarkista izan zen Kokoschka, eta bere bizitzan eta obran erabakigarria gertatu zen Gestapok bere laurehundik gora obra konfiskatu izana; horietatik bederatzi aukeratu zituzten 1937an Munichen eta Vienan egingo zen Entarteete Kunst (Arte Degeneratua) erakusketan ikusgai jartzeko. Ekitaldi horren aurrean, faxismoa argi eta garbi salatzeko jokabidea egin zuen bere Kokoschkak, eta artista degeneratu baten Autorretratu eufemistikoa landu zuen. Bestalde, Alemaniako Condor Legioak Gerra Zibilean Bizkaiko Gernika bonbardatu ostean Pomozte baskickým detem! (Laguntza euskal haurrei!) marrazkia egin zuen. Marrazki hori afixa batera eraman eta Bohemiako hainbat hiritan eta herritan paratu zuten bonbardaketak kaltetutako euskal haurrei laguntza emateko kanpaina bat aurrera eramateko dirua biltzeko; ekimen horrek III. Reich alemaniarrarekin arazo gehiago izatea ekarriko zion. Kokoschkaren hitzak ekarriko ditugu hona: (...) "Afixa batekin erantzun nuen Pragako kaleetan, Gernikako eraso faxistaren euskal haur biktimak Bohemian hartzeko deia egiten zuen afixak, eta aldi berean, irudiaren hondoan, Hradschin sutan ikus zitekeen, bonbek eragindako suak hartuta, Pragako hiriak jasan zezakeen erasoa ohartarazi nahian. Bila ez ziren zailtasun diplomatikoak saiheste aldera, Pragako polizia behartuta zegoen afixa hormetatik kentzera, baina gauez gazteek berriz ere paratzen zuten han eta hemen. Breslauko irrati alemanak mehatxu egiten zidan: Pragara iristean lehenengo kale argitik zintzilikatuko zaitugu!" (...).

Ongi bereizitako bi eremu bertikaletan egituratzen da Picassoren Gernikaren garai eta esanahi bertsuko obra hau, nahiz eta honakoak sinbolikoa baino ikuspegi sozial handiagoa eskaintzen duen. Alde batetik, ezkerretara, kolore biziekin landua, Gernikako bonbardaketaren pasarte bat jasotzen du. Bertikalean eta behetik gora aztertuta, eraitsitako gurutze handi bat, itxura batean bihozberatasuna eskatzen ari den irudi bat, hainbat hildakoren gorpuak, hildako zaldi bat eta sutan dagoen eraikin bat ikus ditzakegu. Azken hori Pragako Hradcanyko gaztelua da, egileak bertara jasoa ziur baitzegoen naziek Txekoslovakiari erasoko ziotela eta bertako biztanleak ohartarazteko. Azkenik, goiko zatian, bonba hegazkin handi bat. Bestalde, eskuinaldean, kontrapuntu gisa, Pragako hiriaren ikuspegi lasaia eskaini du artistak, bertara joan baitzen 1934. urtean bere jaioterrian nazismoa geldituko zuenik ez zegoela ikusirik. Irudi horretan Karluv most (Karlosen zubia) antzeman dezakegu, Pragako zubirik zaharrena, Moldava ibaia alderik alde igarotzen duena. Ibai horrek zeharo liluratuko zuen Kokoschka, hamasei aldiz margotu baitzuen 1934 eta 1938 bitartean. Beheko aldean, obrako protagonistak ikus ditzakegu, emakume bat zutik ezkerreko besoarekin haur bati eusten diola eta eskuineko eskuarekin beste bati heltzen diola: laguntza eskea da bi eremuak biltzen dituena.

Bestalde, oso obra adierazkorra da, eta higikunde espresionistari berezkoak zaizkion ezaugarri guztiak biltzen ditu: funtsezko ezaugarriak, kolore primarioak, konposizio argia eta halako sinplifikazioa berau lantzeko teknikari dagokionez. Izan ere, ikuspegiak eta paisaiak irudikatzeaz gain, gizakiaren sufrimenduaz ere arduratu zen espresionismoa, lan honetan eta Kokoschkak egin zuen obra guztian agerikoa den bezala. Aldi berean, ezaugarri formal horiek guztiak berezkoak ditu afixagintzak, afixaren helburua baita mezua azkar eta erraz ulertzea ahalbidetuko duten formula batzuk zehaztea.

Bestalde, gouache honetatik abiaturik landu zuen afixak konposizio eta forma berari eutsi bazien ere, kolore apur bat irisatua ageri du, eta behe aldean obrari izena ematen dioten hitzak ageri dira Txekoslovakiako bandera zaharraren gainean. Gainera, egilearen deitura osoarekin sinatuta ageri da obra, eta ez soilik siglekin; jasan zezakeen errepresioaz eta beste higikunde politikoen iritziez harago, agian beste keinu ausart bat izan zuen bere borroka horretan guztiz konbentzituta zegoelako. Honela adierazi zuen urte batzuk geroago: (...) "Asaldatzaile komunistak ez bezala, ni ez nintzaien herritarrei ideologia baten bidez zuzentzen, nik, inolaz ere, giza kontzientziari dei egin nahi nion, ez besterik" (...). Eta 1945ean, Londresen zegoela, afixa litografiko bat landu zuen -metroko geltokietan itsatsi zituen afixaren kopiak-, bertan Kristo gurutziltzatua ikus zitekeen haur batzuek inguratuta, eta honako hau irakur zitekeen: "INRI. Eguberri hauetan hotzak eta goseak hilko diren Europako haurrak gogoan". Hain zuzen ere Londresen nazismoaren aurka borrokatu zen, eta horretarako obra batzuk saldu zituen helburu humanitarioarekin, hitzaldiak eta konferentziak eskaini zituen, eta hainbat erakusketa egin zituen faxismoari kritika egiten zioten obrez beterik, horien artean aipagarri Arrautza gorria (1940-1941), Anschluß. Alizia herrialde miresgarrian (1942) eta Gure borrokaren xedea (1943) izenburukoak. [Javier Novo González]

Bibliografia hautatuta

  • Widerstand statt anpassung : Deutsche kunst im Widerstand gegen den faschismus, 1933-1945. Berlín, Elefanten Press, 1980. pp. 220-227.
  • Oskar Kokoschka, 1886-1980 [Cat. exp.]. Bordeaux, Galerie des Beaux Arts, 1983.
  • 1984 Orwell und die Gegenwart. Wien, Museum Moderner Kunst, 1984. p. 50.
  • Für Spanien: Internationale Kunst und Kultur zum spanischen Bürgerkrieg: zum Gedeken an den 50. Jahrestag des Anfanges des spanischen Bürgerkrieges. Bochum.
  • Kokoschka, Oscar. Mi vida. Barcelona, Tusquets, 1988. p. 152.
  • Becher, Peter ; Canz, Sigrid. Drehscheibe Prag: deutsche Emigraten, 1933-1939 = Staging point Prague: German Exiles, 1933-1939. Munchen, Adalbert Stifter Verein, 1989. p. 231.
  • Hülseweig-Johnen, Jutta. Oskar Kokoschka : Emigrantenleben Prag un London, 1934-1953. Bielefeld (Alemania), Kerber, 1994. pp. 16, 31, 162, 181, 238.
  • Cava Mesa, Maria Jesús; Silvestre, María; Arranz, Javier. Memoria colectiva del bombardeo de Gernika. Gernika-Lumo, Gernika Gogoratuz, 1996. p. 306, il.
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Museo de Bellas Artes de Bilbao : maestros antiguos y modernos. Bilbao, Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa = Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa, 1999. p. 215.
  • De Picasso a Bacon : arte contemporáneo en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Segovia, Museo de Arte Contemporáneo Esteban Vicente, 1999. pp. 88-89.
  • Entre la figuración y la abstracción : arte contemporáneo en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Pamplona, Museo de Navarra, 1999. pp. 72-73.
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Maestros antiguos y modernos en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2001. p. 136.
  • 1937 : Perfektion und Zerstörung. Tübingen, Berlin, Kunsthalle Bielefeld, 2007. pp. 176-177.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 234-237, n° cat. 96.
  • Indalecio Prieto euskal politikan, 1883-1962 = Indalecio Prieto en la política vasca, 1883-1962 [Cat. exp.]. Vitoria-Gasteiz ; Madrid, Eusko Jaurlaritza = Gobierno Vasco ; Fundación Indalecio Prieto, 2012. p. 85.
  • Bilbao Salsidua, Mikel. Euskal kartelak 1902-1971 Carteles vascos. Gernika, Euskal Herria Museoa, 2012. p. 35.
  • Bilbao Salsidua, Mikel. "Arte y propaganda en el Bilbao de los años 30 : una mirada a través del cartel político y bélico", Bidebarrieta : revista de humanidades y ciencias sociales de Bilbao, n° 24. 2013. p. 79.
  • Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. pp. 247, 289, 292, n° cat. 147.
  • Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 393-394, 396-398, 401, n° cat. 220.
  • Pinturas traducidas : el grabado de reproducción en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 36-37, il.