Erakusketa: Goya eta gorte ilustratua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2018-02-14 • 2018-05-28

Goya eta gorte ilustratua

1-13 Aretoak

Ikasketak Zaragozan eta Italian egin ostean, Francisco de Goya (Fuendetodos, Zaragoza, 1746 - Bordele, 1828) Madrilen jarri zen bizitzen 1775ean, eta El Escorial jauregirako ehiza-gaietako tapizen zirriborroetan laguntzeko iritsi zen Karlos III.aren gortera. Aitortza hainbat urtera iritsi zitzaion: lehenbizi, erregearen margolari izendatu zuten (1786), eta, geroago, ganberako margolari nagusi (1799). Nolanahi ere, gortean arrakasta handia izan arren, Goyak ez zuen Zaragozarekiko, bere sorterriarekiko, harremana eten. Haurtzaroko adiskide Martín Zapaterrekin trukatutako gutunek irudikatzen dute, neurri handi batean, senide eta lagunekiko zeukan harremana; era berean, bere garapen profesionalari buruzko funtsezko informazioa ematen du. Pradok ezohiko maileguan utzitako 13 gutunek eskaintzen dute Goya gorteko margolariaren beste aurpegia. Horixe da, hain zuzen ere, erakusketa honen tesia, eta Karlos III.aren eta Karlos IV.aren gorteetako margolariak izandako arrakastaren eta hark bere hurbilenekoekin mantendu zuen harremanaren bidez iraunarazitako sustraien oroitzapenaren artean dabil joan-etorri.

Prado Museo Nazionalak, "la Caixa" Banku Fundazioak eta Bilboko Arte Ederren Museoak elkarlanean antolatutako Goya eta gorte ilustratua erakusketa bihartik aurrera egongo da ikusgai, Zaragozako CaixaForumetik igaro berritan. Manuela B. Menak eta Gudrun Maurerrek zuzenduta - Prado Museo Nazionaleko XVIII. mendeko Pintura eta Goya Ataleko Kontserbazio burua eta kontserbatzailea, hurrenez hurren—, 96 artelan biltzen ditu; Prado Museotik dator haietako zati handi bat (71; horietatik 52 olioak dira, eta gainerakoak dokumentazio eta dekorazio-artez osatuta daude).

Horri Bilboko Arte Ederren Museoaren maileguak gehitzen zaizkio (9 margolan), hala nola, Puerto Ricoko Ponceko Arte Museoaren, Zaragozako Museoaren, Colección Ibercaja Fundazioaren, Aragoiko Herriaren Adiskideen Errege Elkarte Ekonomikoaren eta hainbat bilduma pribatuaren maileguak ere.

Goyaren mihiseek eta kartoiek osatutako atal nagusiaz gain, XVIII. mendeko beste margolari esanguratsu batzuen lanek osatzen dute erakusketa, hala nola Luis Paret, Mariano Maella, José del Castillo, Luis Meléndez, Antonio Carnicero edota Lorenzo Tiepolorenek. Goyaren lana testuinguruan kokatzen dute lan horiek, eta aragoitarraren jeinuzko originaltasuna nabarmentzen dute. Azkenik, Martín Zapaterrekin izandako posta-trukea ere gehitu zaio, bai eta miniaturak eta arte dekoratiboetako hainbat pieza ere.

Erakusketaren harira egindako zaharberritze lan zabalaz gain, egindako ikerketak ere hainbat berrikuntza dakartza: esate baterako, Martín Zapaterren erretratu berri baten eta miniatura baten aurkezpena - Goyak berak eta Francisca Ifigenia Meléndezek eginak, hurrenez hurren - eta Goyak Ramón Pignatelliri egin zion erretratu galduaren kopia bat, zeina Agustín Esteveri egozten baitzaio.

Bilbon berrikuntzak ere eskaintzen dira, hala nola oraintsu zaharberritutako Pantaleón Pérez de Nenín edota Luis Pareten Bermeoko bista ezohikoa, bere testuinguruan aurkeztua eta museoak duela gutxi eskuratu duena.

 

Erakusketaren ibilbidea

 

1.- "Zaragoza/Bihotza/Zaragoza/Zaragoza"

Fuendetodos herrixkan jaio eta Zaragozan hazi zen Goya; bertan bizi ziren bere gurasoak, eta han bizi izan zen apalki 1775era arte. 1773an Josefa Bayeurekin ezkondu zen; Karlos III.aren ganberako margolari Francisco Bayeuren arreba zen, bai eta Ramón eta Manuel Bayeu margolariena ere. Goya, beraz, koinatuak gonbidatuta abiatu zen Madrilera, gaztarotik desiratutako gorte-ibilbideari ekitera.

Zaragozan José Luzánen prestakuntza jaso ostean (1760-1764), arrakastarik gabe saiatu zen San Fernandoko Arte Ederren Akademian beka bat lortzen; geroago (1766), pinturako saria ere ez zuen eskuratu. Bere baliabideekin Erromara joan zen (1769-1771), Marrazketaren Akademian ikastera, eta, hogeita hiru urterekin, Italiatik itzuli berritan, hainbat enkargu garrantzitsu jaso zituen; esate baterako, Pilarko basilikaren koretoko horma-irudiak eta Aula Deiko kartusiarren elizakoak, bai eta hainbat ugazabarentzako margolan erlijioso kopuru esanguratsu bat ere.

Garaiko artistek, arkitektoek, eskultoreek zein aristokraziako mezenasek, bai eta adiskide merkatariek edota garaiko enpresa ekonomikoetako protagonistek ere –Martín Zapater, Juan Martín de Goicoechea, Ramón Pignatelli eta beste hainbat–, eutsi zioten artistaren eta Zaragozaren arteko harremanari; hiriaren oroitzapena bere memorian iltzatuta geratu zen beti, Bordeleko azken urteetaraino.

 

2.- Goya eta Madril, 1775. Ehiza

Familiarekin 1775ean Madrilen kokatu ondoren, eszena zinegetikoz osatutako tapizetarako bederatzi kartoi egitea izan zen bere lehen lana, El Escorial jauregiko dekoraziorako. Ehiza xehearen zalea zen Goya, "mundu osoko dibertimendu handiena". Martín Zapaterrekin partekatzen zuen zaletasun hori, bien arteko posta-trukeak agerian utzi zuenez; ordura arte errege familiarentzat, nobleziarentzat eta elizjendearentzat gordetako ekintza hartan parte hartzeko pribilegioa zuten biek.

Aldaketa sozial hori, zeinetan burgesiak Gobernuan ere garrantzia irabazi baitzuen, garaiko erretratu ofizialetan eta ehizako gaiei buruzko margolanetan islatzen da. Goyaren kartoietan, adibidez: haietan, klase apalenetako protagonistak ageri dira erreferentzia klasizistekin nobletuta. Bestalde, ehizako natura hila bere adierazpen errealistaren bidez bereizten da trofeotik; hark, ordura arte, izaera sinbolikoagoa izan ohi zuen.

 

3.- Gorte ilustratua: topaguneak

Madrilek goiena jo zuen Borboiko dinastia 1700ean tronura heldu zenetik; Frantziatik etorria zen, eta Luis XIV.aren handitasunaren eta modernitatearen oinordekoa zen. Ordurako, hiru monarka izan ziren nagusi: Felipe V.a eta haren semeak Saboiako Maria Gabrielarekin izandako semeak, Luis I.a eta Fernando VI.a. 1775ean Karlos III.a zegoen agintean, Farnesioko Isabelen semea. Errege ilustratua zen, ideia aurrerakoiko ministroz inguratua zegoen –Esquilache, Campomanes edota Floridablanca–, eta hiriaren eta erresumaren modernizazioarekin jarraitu zuen; industria eta merkataritza garatu zituen, eta klase sozialak antolatu zituen; hartara, lehenbizikoz, burgesia sortu berria eta lanerako aukera hobeak zeuzkaten herritarrak definitzen hasi ziren.

Arteek ere jaso zuten koroaren bultzada, arte ederren akademiak sortu baitziren, eta atzerriko hainbat artista eta arkitekto gonbidatu zituzten, besteak beste, Houasse, Ranc eta Van Loo Frantziako erretratugile finduak; Gianquinto eta Tiepolo, Italiatik etorritako konposaketa mitologikoen sortzaileak; errege-jauregi berriaren aktitektoak, Filippo Juvara eta Giovanni Battista Sacchetti, eta, geroago, mendearen erdialdera, Francesco Sabatini, eta Juan de Villanuevak zuzenduriko hainbat egitasmoren arkitektoak. Rokoko estiloko margolari guztiz finek, esate baterako, Flipartek, Amigonik eta Paretek, Anton Raphael Mengs neoklasikoari eman zioten bide. Harekin, berriz, artista espainiar gazteek hartu zuten lekukoa 1770eko hamarkadan; tartean, Goyaren jeinuzko figura.

 

4.- Adiskidetasuna eta arrakasta

1786an, gortera iritsi eta hamar urtera, erregearen margolari izendatu zuten Goya. 1780an San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako akademiko izendatua zuten, eta handik gutxira Zaragozara joan zen, Pilarko basilikaren kupulako freskoen ardura hartzera. Obren zuzendaritza batzarrari, ordea, ez zitzaizkion gustatu, eta Francisco Bayeuren zuzenketak onartzera behartu zuen Goya. Ordurako akademikoa zenez gero, umiliazio handi baten moduan bizi izan zuen hark, eta Madrilera itzuli zen, bere jatorrizko hirian lan gehiagorik ez egiteko. Erregearen enkargu berririk ere ez zuen jaso, haiek Bayeuren esku zeudelako; hala ere, artista onik atera zen, Floridablanca Estatu idazkariaren babesarekin, hainbat pertsona esanguratsurenarekin –Luis de Borbon infantea edota Osunako dukeak, kasu– eta Jovellanos eta Ceán Bermúdezen moduko intelektualen laguntzarekin.

Azkenean, 1789an, ganberako margolari postura igo zen Goya. "Erregearengandik hasita, mundu guztiak ezagutzen nau", esan zion handik gutxira Zapater adiskideari. 1790ean Zaragozara bidaiatu zuen ezustean, eta lagunarekin elkartu zen berriz; erretratu bat egin zion orduan, eta beste bat 1797an, Bilboko irudian: Aragoiko gizarteko kide nabarmendu gisa ageri da bertan, Goya bezala, urritasunezko urteetatik urrun.

"Mirarizko hamarkada" deitu izan zaionean handiagotu zen artistaren ospea; aristokraziako eta politikako kide esanguratsuenentzat margotu zuen. Karlos IV.aren eta Maria Luisaren margolari ofiziala zenez gero, haien erretratuak ere egin zituen.

 

5.- Fintasun femeninoa XVIII.mendean

Fintasunaren kontzeptua Espainian garatu zen XVIII. mendearen bigarren erdian, zibilizazioaren ideiarekin lotuta. Manera, ohitura eta gustuen bidez goratzeko desio bat zekarren, eta gizarteko erabilera berrietan eta janzkeretan gorpuztu zen. Tertuliak eta gaualdiak orokortu ziren, jaiak, dantzaldiak, antzerkiak eta paseoak; ekintza horien ondorioz, emakumeak ere hasi ziren espazio publikoak betetzen. Testuinguru hartan, janzkerak ezinbesteko funtzioa hartu zuen, ez soilik gizartean ikusgarri bihurtzeko, zibilizatutako usadioen adierazle gisa baizik. Aldaketa haiek gizarteko maila guztiei eragin zieten; soinekoaren demokratizazioari eta oihal gero eta eskuragarriagoei esker, euren artean nahasten hasi ziren, eta horrek itxurakeriazko jolas bati eman zion bide. Egoera hura "jantzi nazional" bat sortzeko proposamenarekin ebazten ahalegindu ziren, baina egitasmoak ez zuen arrakastarik izan. Nobleak, majoak eta petimetrak dira atal horretako erretratu eta eszenetako protagonistak; haietan, modaren garapena jarrai daiteke, Rokokoaren fintasun eta joritasun dekoratibotik hasi eta ia iraultza kutsua daukan Neoklasizismoko soiltasuneraino.

 

6.- Euskal herritarren eta nafarren erretratuak

Goyari Bilbon eskaintzen zaion lehenbiziko erakusketa denez, museoak ahalegin berezia egin du gorteak XVIII. mendearen amaieratik XIX. mendearen hasierara Euskal Herrian izandako hedapena erakusten duen atal bereizi bat aurkezteko. Horregatik, Goyak urte haietan erretratatutako 11 euskal eta nafar herritar ageri dira bertan, garai hartako mundu politiko, komertzial eta militarreko pertsonaia sorta bat: Miguel de Múzquiz y Goyeneche, Villar de Ladróngo markesa eta Gausako kondea –Ogasun ministroa eta San Carlos Bankuaren sustatzailea 1782an–;José de Urrutia jeneral jauna –bere mendean norbere merituengatik, eta ez nobleziakoa izateagatik, gradu horretara iritsitako militar bakarra–; Martín Miguel de Goicoechea eta Juana Galarza de Goicoechearen bikoteko erretratua –Goyaren nafar jatorriko aitagin- eta amaginarrebakideak–, edota Leocadia Zorrilla, Goyaren besoetakoa eta giltzaina Bordeleko bere azken urteetan.

Gausako kondearen erretratua 1783. urtearen ingurukoa da, eta oraindik zenbait konbentzionalismo betetzen ditu; margolan horren eta Joaguín María Ferrer y Cafranga irudiaren artean –bere azken erretratuetako bat, 1824an margotua–, berebiziko introspekzio psikologikoa antzeman daiteke, eta, aldi berean, garapen handia nabari da; bertan, agerian geratzen dira Goyaren egiazko talentua, apeta eta asmakizuna. 

 

Irudian:
Francisco de Goya (Fuendetodos, Zaragoza, 1746-Bordele, 1828)
Oilo itsua, 1788
Olioa mihisean. 269 x 350 zm

Babeslea: