Normadiako itsasaldea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Normadiako itsasaldea

Morera i Galícia, Jaume

Lleida, 1854-Madril, 1927/04/23

Olioa mihisean

92,3 x 175 cm

J Morera (eskuineko beheko angelua)

c. 1891-1892

DEP631

Bizkaiko Foru Aldundiaren gordailua 2000an

Morerak garai batean hainbat bidaia egin zituen Europako iparraldera, laino lodien eta euri ugarien meteorologiak markaturiko eskualde haietan barrena. Izan ere, handik gutxira, bere paisaietan Europako iparraldeko gaiek markaturiko denboraldi bat hasi zuen Morerak bere ibilbidean (1880-1891). Paisaietan kolore grisaxkak eta ilunak erabili zituen, irudikatutako motiboek nolabaiteko leuntasun idealista bat ematen bazioten ere; argi efektuek halako malenkonia kutsu bat ematen zioten bere paisaiei.

Bidaia horietako batean, 1891ko udan egin zuenean segur aski, Normandiako kostaldean ibili zen Morera, eta hantxe egin zituen hemen mintzagai dugun lan hau egiteko beharreko zirriborroak, Normandiako hondartza izenaz ere ezaguna. Izan ere, obra honen atariko zirriborro bat kontserbatu da Sevillako Arte Ederren Museoan; behin betiko obrarekiko alde bakarra da hartan ez direla ageri konposizioa zentratzen duten bi emakumeak eta irudikapenaren ikuspegia txikiagoa dela. Zalantzarik gabe, Morerak koadro hau hartu zuen oinarritzat, geroago, Madrilen zuen estudioan segur aski, azkenean Arte Ederren Erakusketa Nazionalean 1892. urtean aurkeztu zuen obra egiteko. Erakusketa hartan lehen domina lortu zuen, paisaia bati azken aldiz halako saria eman ziotenetik hogeita hamar urte igaro ondoren, eta bitxia bada ere bere maisu Carlos de Haes-ena izan zen hura. Era berean, handik bi urtera, obrak urrezko domina lortu zuen Bilboko Arte Erakusketan, Bizkaiko Aldundi Probintzialak babestua, eta azken finean, erakunde hark berak erosi zuen 1.500 pezetatan.

Garai hartan itsasoaren gaiak margolari lleidarrarengan piztu zuen interesaren barnean sartuko genuke Normandiako kostaldea izeneko lan hau. Hondartza lanbrotsuetan inspiratu zen, haietan itsasoa mugimenduan agertzen da ia beti, eta hondartutako txalupak eta arrantzan ari diren arrantzaleen eszenak ere sartzen ditu tarteka. Mintzagai dugun obra honen kasuan, Morerak Normandiako kostaldearen ikuspegia eskaintzen digu, itsaso nahasia dago eta olatuak hondartzan hausten dira. Diagonalean jarritako zurezko hesi bat ere irudikatu du oraingoan, efektua eragiteko eta konposizio baliabide gisa, bestelako gaiak azaltzen dituzten obretan askotan erabilia. Atariko zirriborroko kolore grisak eta beltzaranak uretan urdinen sorta aberats bilakatu dira behin betiko obran, eta zeruak ere askoz ere ñabardura gehiago ditu hodei gehiago izateagatik.

Nolanahi ere, arreta handiena pizten duena da arrantzan ari diren bi emakume arrantzaleren irudiak sartu izana, konposizioaren erdialdetik pixka bat alde batera eramanak. Lehen esan dugu Moreraren obraren bereizgarrietako bat dela geroago giza irudiak sartzea bere paisaietan, Erroman egin zuen prestakuntza aldiaren eraginez izango zen segur aski. Baina, kontuan izanik obra zein xederekin egin zuen --erakusketa nazionalean aurkezteko- egokiagoa izango litzateke pentsatzea Morerak, garai hartako beste paisaia margolari askok bezalaxe, erabaki zuela publikoaren, eta batik bat kritikarien, eskakizunei erantzutea, obretan narrazio elementu bat, "gaia" deitua, egon zedin gomendatzen baitzuten. Hori zela eta, batzuetan gertatu zena izan zen, paisaian sartutako giza irudi hark izugarrizko garrantzia hartzen zuela azkenean, eta irudiez osaturiko paisaia izan beharrean, paisaia batean aurkeztutako eszena kostunbrista bilakatzen zela. Nolanahi ere, harrigarria da Morerak erakusketa nazional batean lortutako lehen mailako lehen domina bakarra hain urrun egotea bere Haes maisuak egindako irudirik gabeko paisaiatik, askoz ere egokiagoa joera naturalista berriekiko. Nolanahi ere, lehiaketa nazionaletan nagusitzen zen akademizismoa ikusita, argi dago zailtasun handiak zeudela paisajismo berriak berekin zeraman errealismoa onartzeko. [Jesús Navarro Guitart, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Jaime Morera i Galícia, 1854-1927 [Cat. exp.]. Lleida, Museo d'Art Jaume Morera, 1999. pp. 61 y 80.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 196-197, n° cat. 48.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Consorci de Museus de la Comunitat Valenciana, 2006. pp. 196-197, n° cat. 48.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 196-197, n° cat. 48.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 373-375, n° cat. 75.
  • Itsasoa artean, itsaroaren artea : Bilboko Arte Ederren Museoko Bilduma = El mar en el arte, el arte del mar : colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa-Museo Marítimo Ría de Bilbao, 2010. p. 17.