Emakumeak grisez jantzita - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Emakumeak grisez jantzita

Iturrino, Francisco

Santander, 1864/09/09-Cagnes-sur-Mer, Frantzia, 1924/06/21

Olioa mihisean

86 x 99,5 cm

F. Iturrino (eskuineko beheko angelua)

c. 1915-1916

82/188

Bizkaiko Foru Aldundia ekarpena 1926an

Margolari eta grabatugile gisa nabarmendu zen Iturrino. XIX. mendearen amaieran, Bruselan eta Parisen egin zituen ikasketak, eta harremana izan zuen naturalismoa bera eta naturalismoak modeloaz egiten zuen adierazpen objektiboa baztertzen zituzten egile eta joerekin. Iturrinoren obra gai piktoriko apur batzuetan oinarritzen da -paisaiak, erretratuak, emakume taldeak, biluziak-, eta, postinpresionismoaren mugen barruan lan egin bazuen ere, haren pinturaren alderdi jakin batzuek -argiaren eta kolorearen erabilera burutsua, pintzelkadaren adierazkortasuna, konposizioaren askatasuna eta, oro har, margolaritzako konbentzionalismoekiko interesik eza- abangoardia fauvistaren ekarpenetara hurbiltzen dute. Derain, Picasso eta, batez ere, Matisseren laguna izan zen; Matisserekin, hain zuzen, Espainia hegoaldean barrena bidaiatu zen 1910ean eta Marokon barrena 1912an, eta haren eragin nabarmena du, Cézannerena bezalaxe, Iturrinoren heldutasuneko ekoizpenaren parte batek. Laster lortu zuen ospea Frantzian, eta hainbat erakusketa egin zituen (Artista Independenteen Saloia, Arte Ederren Sozietate Nazionalaren Saloia, Vollard galeria...); 1911n, areto berezi bat eskaini zioten Parisko Udazkeneko Saloian. 1919an egin zuen bakarkako lehen erakusketa Madrilen, eta Bilboko Pintura eta Eskulturako Nazioarteko erakusketan ere parte hartu zuen. Museoan, bestalde, haren lanari buruzko hil ondoko erakusketa handi bat egin zen 1926an, eta, erakusketa haren bidez, haren zenbait obra gehitu zitzaizkion bildumari, honako hau, besteak beste.

Emakumearen gorputzaren adierazpena -jantzita nahiz biluzik, atsedenean nahiz mugimenduan- da Iturrinoaren lanaren alderdi originalenetako bat. XX. mendearen hasierakoak ditu lehen emakume taldeak, ia beti lorategietan edo landako paisaietan kokatuak. Bere garaiko beste artista batzuen aldean, ez zuen izan berezitasuna edo alderdi pintoreskoak erretratatzeko halako interesik, eta, bere karreraren hasieran Salamancan eta Andaluzian -lanean denboraldi luzeak igaro zituen lekuak- kokatutako gai kostunbristako irudiak egin bazituen ere, kolorea eta kolorearen indar adierazkor eta dekoratiboa dira haren lanaren ardatz nagusiak. Grisez jantzitako emakumeak obran, irudiek betetzen dute konposizioaren espazio ia osoa -aska baten alboan ageri dira, xehetasunik ia erakusten ez duen lorategi sarri bateko lasaitasunean-. Garrantzirik gabeko eszena hutsal batean, elkarrizketan buru-belarri ari direla dirudi, margolariaren begiradaz kezkatu gabe. Iturrinok kolorearekiko zuen irrika leunduta ageri da hemen, tonu argiak erabili baitzituen nagusiki, nahiz eta uretan ikusten den orban berdeak, kareleko loreontzien ukitu horiek eta nesken adatsetako gorri minak interes sentsorial izugarria ematen dioten konposizioari. Iturrinok arreta berezia jarri zuen jantzietan: grisez margotu zituen, fintasunez, gona hegaldunen, beso harroen eta emakumeen gorputza iradokitzen duten gardentasunen erritmo dekoratiboetan atsegin hartuz. (Miriam Alzuri)

Bibliografia hautatuta

  • Exposición organizada con motivo de la concesión, por la Real Academia de Bellas Artes de San Fernando, de la Medalla de Honor al Ayuntamiento de la Villa [Folleto]. Bilbao, Ayuntamiento, 1952. n° cat. 45.
  • Castañer López, Xesqui. "Iconografía de la mujer en los pintores vascos, siglos XIX y XX", Kobie : bellas artes, n° 2. 1984. p. 116, il.
  • Llano Gorostiza, Manuel. Pintura vasca. Bilbao, Artes Gráficas Grijelmo, 1965. p. 76.
  • Pintores y escultores vascos de ayer, hoy y mañana. Bilbao, La Gran Enciclopedia Vasca, 1974. p. 197.
  • Bengoechea, Javier de. Museo de Bellas Artes, Bilbao. Bilbao, La Gran Enciclopedia Vasca, 1978. p. 275.
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 71. (Con el título Mujeres en gris).
  • Mur Pastor, Pilar. La Asociación de Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao ; Caja de Ahoros Vizcaína, 1985. p. 113.
  • Tesoros del Museo de Bellas Artes de Bilbao : pintura, 1400-1939 [Cat. exp.]. Madrid, El Viso, 1989. pp. 162-163.
  • Siete pintores españoles de la Escuela de París [Cat. exp.]. Madrid, Atenea ; Caja de Madrid, 1993. p. 124-125.
  • Joos, Petra. Francisco Iturrino, 1864-1924 [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Mapfre, 1996. pp. 30, 132-133.
  • Joos, Petra. Francisco Iturrino, 1864-1924 [Cat. exp.]. Donostia-San Sebastián, Fondación Social y Cultural Kutxa, 1996.
  • Los 98' Ibéricos y el mar = os 98' Ibéricos e o mar [Cat. exp.]. Madrid, Sociedad Estatal Lisboa '98, 1998. pp. 170-171.
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Museo de Bellas Artes de Bilbao : maestros antiguos y modernos. Bilbao, Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa = Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa, 1999. pp. 188-189
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Maestros antiguos y modernos en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2001. p. 112
  • 110 Años 110 Obras [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 208-209, sin n° cat.
  • 110 Ans 110 Oeuvres [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 208-209, sin n° cat.
  • 110 Urte 110 Artelan [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 208-209, sin n° cat.
  • 110 Years 110 Works [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 208-209, sin n° cat.