Zaldi baten zirriborroa, Le duel lanerako - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Zaldi baten zirriborroa, Le duel lanerako

Bonheur, Rosa

Bordele, Frantzia, 1822/03/22-Château de By, Thomery, Frantzia, 1899

Arkatza

23,4 x 32,2 cm

Rosa Bonheur (eskuineko beheko angelua)

c. 1895

82/789

Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an

Trazu kartsuko eta bizkar okerreko zaldi hau da Rosa Bonheurrek Le duel (Duelua) margolanari begira egin zuen zirriborroetako bat. Duelua izenburuko margolana handia da neurriz, ez dakigu egun non dagoen, baina arrakastatsua izan zenez J.B. Prattak haren grabatu lana egin zuen. 1895ean egina, egilearen bizitzaren azken urteetan beraz, odol garbiko bi zaldiren arteko borroka latza irudikatzen da bertan. Bonheurren biografia landu zuen Roger-Milèsen arabera, XIX. mendeko melodrama idazle handienetakoa izan zen Eugène Sue frantsesaren obra batean oinarrituta landu zuen margolariak eszena hori, zehazki Arabian Godolphin kontakizunean oinarriturik. 1838an aipatu kontakizuna emanaldika argitaratu zuten, arrakasta handiz argitaratu ere, La presse kazetan, eta urtebete geroago Sueren lanak bilduko zituen Deleytar bildumako lehenengo liburukian argitaratu zuten.

Ikuspegi erromantiko, historiko eta alegiazko baten baitan, Sham deitutako garaño arabiar baten balentriak aurkezten dizkigu; zaldi hori Marokoko sultanak Luis XV.a erregeari egindako oparia da, Tanger hiritik igorria. Zaldi arabiarraren ezaugarriak, txikia eta lepo sendokoa baita, ez zituzten oso estimu handian Frantzia aldean, nahiago zuten Andaluziako zaldia zaldiketa jokorako. Horregatik, hain zuzen ere, erregeak aldetik kendu eta 1730. urtean Edward Cooke zaldi hazle ingelesak aurkitu zuen zabortegi baterako errepide baten albo batean botata. Cookek Ingalaterrara eraman zuen, baina han ere, ez zuten aintzat hartu Lord Godolphinen Hobgoblin izeneko hazitarako zaldi zuri eta suharraren aurrean.

Aipatu kontakizuneko pasarte interesgarrienetako bat, Bonheurren lanaren inspirazio iturri, bi zaldien arteko borroka da; izan ere, Lord Godolphinen zaldiei segida emateko hazitarako zaldia zein izango zen erabaki beharra zegoen. Shamek azpiratu egin zuen zaldi titularra, eta Roxana izeneko behorrarekin gurutzatuta sortu zen Lath, garaiko lasterketetarako zaldi azkarrena, haren sortzailea famatuko zuena. Lord Godolphinek erosi egin zuen Sham, hari hartuko zion izena, eta Ingalaterrako odol garbiko hazitarako hiru zaldi arrazetako baten sortzailetzat hartua da.

Zaldia izan zen Rosa Bonheurrek sarrien eta ongien irudikatutako animalietako bat. Zaldiei emandako La marché aux chevaux (Zaldi feria) izenburuko obrari esker (1853) bihurtu zen ezagun arte munduan. Egileak arreta berezia jarri zuen animalia horren aurrean, eta 1900. urtean bere estudioa salgai jarri zuenean soilik zaldiei emanak ziren berrehun eta hogeita hamasei obra jarri zituen enkantean olio pinturetan eta paperean landutakoen artean, konposizioak alde batera utzirik. Lan horien artean zeuden Duelua lantzeko bi estudio (1659. eta 1684. zenbakikoak) eta hemen aztergai duguna; horiek ere zaldiak irudikatzen zituen berrogeita bi kalko salduen artean zeuden. Bonheurrek kalko horiek baliatzen zituen bere konposizioak lantzeko, eta aztergai dugun obra honen kasuan oso gogoan edukiko zuen, bere estudioan iltzatuta egon izanaren arrastoak nabaritzen baitzaizkio obrari. (Javier Novo González)

Bibliografia hautatuta

  • Roger-Milès, M. L. Atelier de Rosa Bonheur. Paris, Galerie Georges Petit, 1900. vol. II, p. 163.
  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 47, n° cat. 176. (Con el título Caballo, y atribuido a Rosa Bonheur)
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 171, n° cat. 4-a. (Con el título Caballo, y atribuido a Rosa Bonheur)
  • Ibiza i Osca, Vicent. Obra de mujeres artistas en los museos españoles : guía de pintoras y escultoras, 1500-1936. Alzira (Valencia), Centro Francisco Tomás y Valiente, UNED, 2006. p. 140.
  • Dibujos, grabados y acuarelas [del] siglo XIX : de Goya a Benlliure : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 58-61, n° cat. 208. (Con el título Estudio de caballo para Le duel, y atribuido a Rosa Bonheur)