Umeak zezen-jolasean - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Umeak zezen-jolasean

Zamacois y Zabala, Eduardo

Bilbao, 1841/07/02-Madril, 1871/01/12

Olioa oholean

21 x 26,8 cm

Eº ZAMACOIS ((ezkerreko beheko angelua)ezkerreko behe-angelua

1863

69/246

Laureano de Jado jaunaren dohaintza 1914an

Bigarren Inperioko Frantziako gustu estetiko finetan ikasitako Zamakoisek bere sorterriko gai tipiko bat landu zuen margolan honetan. Espainia inspirazio iturri agortezina izan zen artistentzat eta idazleentzat, batez ere frantsesentzat, Espainian topatzen baitzuten ideia erromantikoen kontzeptuari erantzuteko bidea.

1860ko hamarraldian, zezenen munduarekin zerikusia zuten hainbat gai margotu zituen Zamakoisek, horietan zezenketariak ziren pertsonaia nagusiak, protagonistak. Hala eta guztiz ere, margolan horietako batzuetan pertsona ezezagunak ageri dira egoera bitxietan, esate baterako Zezenketariaren prestamenak izenburukoan (1866, Philadelphia Museum of Art).

1863an datatua, Haurrak zezenketan jostatzen izenburuko margolana aurrenetakoa da artista honek gai honi emandako lanetan. Ia ez dago margolariaren erreferentziarik bat ere urte horretan, baina jakina da abuztuan Espainiara bidaiatu zela Joaquín María de Herrer margolaria bidaide zuela. Baliteke Zamakoisek aldean eraman izana Madrilera Haurrak zezenketan jostatzen obra, Espainian Parisen lantzen zituzten gaiak baino errazago salduko baitzen. Eta baliteke Soldadugaiak Espainian lana (1864, Bilduma partikularra) Frantziara itzulitakoan landu izana, baina 1864 baino lehen landu zuen inolaz ere. Zentzu horretan, ez dirudi lan hau Gortean egin zuenik, Zamakoisek han ez baitzuen bitarteko teknikorik eskura izango. Gainera, margolanaren euskarriarena egiten duen taula Parisko Deforge-Carpentier etxeak hornitzen zuenetako bat da ifrentzuan duen zigiluaren arabera. Etxe horretara sarri hurbiltzen ziren 1860. hamarraldiko Parisko artistak, Montmartre bulebarreko egoitzan koloreak, taulak eta oihalak lantzeaz eta saltzeaz gain margolanei markoak jartzen baitzizkieten. Aipatu etxeak, gainera, artelanak salerosten zituen Clichy kalean zuen beste saltoki batean.

Margolan honetan Espainiako ohiturazko eszena tipiko bat aurkezten da: eliz atari baten aurrean, zezenketa bat ari da irudikatzen haur talde bat. Zezenketaren aurreneko zatia irudikatu du Zamakoisek: bata bestearen gainean egokituta, pikadorearena eta zaldiarena egiten dute bi gaztek lehenengoak zezenari dei egiten ari zaiola. Zezenari dagokionez, gazte batek bi adar itsatsita dauzkan zumezko saski bat du buruan zezen basatia alegorikoki irudikatzeko, baina, ongi erreparatuz gero, ez dirudi mutila bere gustuko papera betetzen ari denik. Azkenik, beste mutil bat, zutik, zezenketariaren kapelarekin, zurezko ezpatarekin eta muleta gorriarekin, lanari amaiera emango dion zatia jokatzeko zain dago. Beste lau gazteren begiradapean eta itxura batean zezenketa zaintzen ari den zamoratar modura jantzitako heldu baten begirada arretatsupean gertatzen da pasarte hau.

Teknikoki eta formalki, obra hau, gerora Parisen generoko margolan preziosistekin erabateko arrakasta biziko zuen Zamakoistik urrun, bilbotar margolariaren lehen margolanen adibide bikaina da, batez ere nabarmena delako haren estatismoa. Alderdi horrek aukera ematen du egile honen garai bereko beste lan batzuekin lotzeko, esate baterako, Eliz atarian (c. 1863) eta Soldadugaiak Espainian (1864) izenburuko margolanekin. Bestalde, obra hau taxutzeko moduak (marrazkia eta kolorea) eta aisia eta jolas gaien aurrean egileak ageri zuen interesaren erakusgarri dira Haurrak txakur bati txantxa egiten (c. 1862, Bilduma partikularra), Ziminoaren jarduna (1864, Bilduma partikularra) eta Bertan harrapatuak (1861) izenburuko lanak, azken horrek Ernest Meissonierren estudiora iristeko balio izan ziolarik. [Javier Novo González, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Zamacois, Fortuny, Meissonier [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. pp. 114-115, n° cat. 9.
  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 33, n° cat. 99. (Con el título Niños jugando a los toros, y atribuido a Eduardo Zamacois)
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 117, n° cat. 246. (Con el título Niños jugando a los toros, y atribuido a ZAMACOIS ZABALA, Eduardo).
  • Bengoechea, Javier de. Museo de Bellas Artes, Bilbao. Bilbao, La Gran Enciclopedia Vasca, 1978. p. 256.
  • Sainz Valdivielso, Alfonso Carlos. Toros y toreros en la pintura española [Cat. exp.]. Bilbao, Banco Bilbao, 1984. p. 93, n° cat. 37.
  • Tradición y modernidad en la pintura vasca : en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Autoridad Portuaria de Valencia, 1999. pp. 40-41
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 275-277, n° cat. 48.
  • Taurus : del mito al ritual [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2010. p. 275, n° cat. 68.
  • Gallardo Uribe, Francisco ... [et al.]. Tauromaquia : el toro en el arte . Barcelona, Planeta, 2011. p. 152.
  • Bottois, Ozvan. Tauromachie : de l'arène à la toile. Paris, Hazan, 2017. pp. 164, 167, il.