Tuna - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Tuna

Balaca, Ricardo

Lisboa, 1844/12/31 - Aravaca (Madril), 1880/02/12

Olioa latorrian

25,8 x 36,4 cm

RB (beheko eskuineko aldea)

1864

69/13

Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an

Hiriko eszena honek osatzen du, Bilboko Museoan kontserbatzen diren Balacaren beste margolanekin batean, hirurogeigarren urteetan gai hori landu zuen margolan sorta ospetsuena. Aldi berean, XIX. mende osoko obra interesgarrienetako bat da, bertako ikonografia goiztiarra bezain berezia baita. XIX. mendeko espainiar pinturaren testuinguruan ohitura eszenek plastikoki zabalkunde handia izan bazuten ere, irudi horiek betiko herri ohiturak zituzten ardatz, ez zituzten aintzat hartzen hiriko bizimodu kosmopolitagoak. Hala eta guztiz ere, egilearen garaiko hirietako ohiturak zehazki adierazten dituzte Balacaren margolan hauek, kasu honetan kaleko egoera bat erakusten digu.

Flâneur edo kaletar moderno batek hiriaren aurrean duen berezko perspektiba da, topatzen duenaren errealitatea islatzen du kaletar horrek bere interes ezak erabakitzen duen azalekotasunarekin.

Estudiantina izenburuko margolanean tuna bat ari da igarotzen, egun argitan, saltokiak dituen kale batetik. Margolanean guztiak ausazkoa dirudien arren, erabat planifikatuta dago dena, arestian aipatutako eskualdeetako tradizioak erakusten dituzten ohitura irudietako batean bezala. Tunako kideak albaniarren jantziekin mozorrotuta daude, kapela luzeekin eta berokiekin jantzitako gizon dotore askoak dauzkate inguruan. Erdialdean, begitartea mozorro batez estalita duen ikaslea hurbildu zaio gizon dotore horietako bati; gizona poltsikotik txanpon batzuk ateratzen ari da ikaslearen eskaera atseginari erantzuteko eta, horrenbestez, ikaslearen presentziak eragiten dizkion eragozpenak gainetik kentzeko. Behe ezkerreko angeluan, bikote bati ari zaio eskaka ikasle bat, antza emakumeak erantzuten dio mozorrotuari. Eskuinean, gazteetako batek ihes egiten dio bati, ikuslearen begiradatik kanpora geratzen den hiriko eraikin baten parean dagoen bati. Hondoan, gasaz elikatutako kaleargi baten azpian, zalgurdi dotore bat ikus daiteke, ikasleek bat-batean osatutako orkestra aurretik eramateko zorian dagoela.

Bere garaiko europar pinturan jada gertatzen zen bezala, kutsu zirkunstantziala du konposizioak, kutsu hori areagotu egiten du deskribapenaren perspektibak, izan ere, moztu egiten ditu oinezkoen silueta batzuk, eta hori nabarmendu egiten da amaierako konposizioan kanpora gelditzen direlako ekintzaren elementuak. Gainera, balkoitik arretaz erreparatzen diote musika zalapartatsuari hainbat emakumek; emakume horiek areagotu egiten dute kaleko ikuskizunaren sentsazioa eszena honetan, eta horrenbestez errepikatzen dute ohitura pinturen eta ikuspegi monumentalen planteamendua, halakoetan ikusle bat agertu ohi baita bere presentziarekin irudikatutako objektuaren berezko interesa nabarmentzeko.

Pintzelkada laburrak eta sintetikoak erabiliz, giza irudiak oso neurri txikitan deskribatzeko aparteko trebetasunaz egina da margolana, eta hondoak zintzotasun ia errealistarekin daude islatuta. Era berean, agerikoa da Balacak eszena bizidunak hautemateko duen praktika handia, gudu historikoak edo garaikideak islatzeko lanetan erakutsi zuen bezala; obra horietan, gainera, lurraldearen deskribapen topografikoa egiteko egileak zuen trebezia aparta geratzen da agerian.

Haietan bezala, ekintza ez da puntu bakarrera mugatzen, aldi berean gertatzen ari diren hainbat ekintzaren deskribapen panoramikoa da margolan hau. Izan ere, hiriko bizitzako elementu modernoenak goraipatzen dira berlinen presentziaren bidez, XIX. mendearen erdialdeko urteetan biderkatu egin baitziren gisa horretako ibilgailuak hiriburuan; edo gasaz elikatzen diren kaleargien bidez, hain zuzen ere hirurogeigarren urteetan zabaldu baitziren horrelakoak masiboki Madrilgo hirian. Azken buruan, goi mailako gizartea da hemen hautematen dena, hortxe dauzkagu gizon dotoreak neska gazteek lagunduta edo gaueko bizitza misteriotsua, biak ala biak soilik hiri handien erakargarritzat hartuak. [Carlos G. Navarro, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 46, n° cat. 171. (Con el título Estudiantina, y atribuido a Ricardo Balaca)
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 8, n° cat. 13. (Con el título Estudiantina, y atribuido a BALACA, Ricardo).
  • Tesoros del Museo de Bellas Artes de Bilbao : pintura, 1400-1939 [Cat. exp.]. Madrid, El Viso, 1989. pp. 109-110, n° cat. 39.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 309-310, 312, n° cat. 58.