San Sebastián / Concurso Internacional de Tennis / 2-10 septiembre 1934 - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

San Sebastián / Concurso Internacional de Tennis / 2-10 septiembre 1934

Asís Alonso y Areyzaga, Francisco de Aguinaga, Eugenio

Donostia, 1911 - Madril, 2007 ?¿

Koloretako litografia paperean

61,9 x 42,2 cm

J. DOMÍNGUEZ S. / E. de AGUINAGA / ASiS ALONSO (eskuineko beheko angelua)

1934

87/37

1987an eskuratua

Hogeigarren eta hogeita hamargarren urteetan izugarri handitu zen Donostiako Real Club de Tenis klubean bazkideen kopurua. 1928 eta 1936 bitartean hirukoiztu egin zen bazkideen kopurua, hirurehun bazkide izatetik ia mila bazkide izatera igaro baitzen epe horretan. Joera horrek eta bertako txapelketetan garaiko tenislari handiek parte hartu izanak --besteak beste Suzanne Lenglen (1899-1938), Jean Borotra (1898-1994) eta William Tilden (1893-1953) tenislariak lehiatu baitziren hiriko txapelketetan-- agerian uzten dute nolako zabalkunde handia zuen kirol honek hogeita hamargarren urteetako Donostian. 1904. urtetik aurrera ohi zenez, 1934an ere irailean egin zen Nazioarteko Tenis Txapelketa.

Donostiako 1934ko Nazioarteko Tenis Txapelketa iragartzeko afixak Eugenio Aguinaga eta José Antonio Domínguez arkitektoen eta Asís Alonso tenislariaren arteko lankidetzan du abiapuntua. Talentuen elkartze berezi horren ondorioz afixa modernoa sortu zen; bertan sortzaile bakoitzaren ekarpena bereizten zaila bada ere, huts egiteko beldurrik gabe esan dezakegu arkitektoen ikuspegia oso presente dagoela kartel honetan. Konposizioaren plangintzan nabarmentzekoa da elementu urrien erabilera. Horrenbestez, banako eta binako lehiaketa eremua mugatzen duten alboko marrek eta marra horiek perpendikularrean ebakitzen dituen sareak itxuratzen dituzte benetako eremuaren sentsazioa eragiten duten zeiharreko marka sendoak. Izan ere, halako antzekotasuna dago afixa honen planteamendu espazialaren eta Aguinagaren beraren edo proiektu jakin batzuetan elkarlanean jardun zuen Jose Manuel Aizpurua arkitektoaren argazki batzuen artean. Gainera, afixaren izaera arrazionalista areago emendatzen du kolore urrien erabilerak, soilik marren eta sarearen zuria eta pistako lur zanpatuaren kolorea baizik ez baitzituzten egileek erabili afixa honetan.

Afixa honen hiru egileak Donostiako Real Club de Tenis klubeko bazkideak izan ziren. Euren arteko adiskidetasuna eta kirol honen aurrean ageri zuten grina klubaren agiritegiko argazki batzuetan ikus daitezke. Baina hiru sortzaile horiek afixaren munduan egin zuten sarraldi ezagun bakarra da honakoa, garrantzitsua izanagatik ere. Izan ere, Aguinagaren, Dominguezen eta Alonsoren obra honek antz handia dauka Adolphe Mouron Cassandrek (1901-1968) 1932ko Roland Garros txapelketa iragartzeko xedearekin landu zuen afixarekin. Bi afixetan eremu sinesgarri bat sortzeko asmoa antzematen da, horretarako kirol horretan funtsezkoak diren elementu batzuk baliatu zituzten, esate baterako, pistako marrak eta sarea. Hala eta guztiz ere, soilik euskarriak berak mugatuta azaltzen den ingurune hori bestela landuta dago adibide batean eta bestean, Aguinagaren, Domínguezen eta Alonsoren proposamenean hutsune eta amaigabetasun sentsazioak nagusitzen diren artean Cassandrerenean gizatiar bihurtzen baita jokoa, afixa honetan antzematen ez den protagonismoa ematen baitie azken sortzaile horrek pilotari eta jokalariari. (Mikel Bilbao, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. pp. 337-339, n° cat. 114.
  • "Carteles en el Museo de Bellas Artes de Bilbao", Guía de Exposiciones, n° 86. 1987. n° cat. 18.
  • José Manuel Aizpúrua, fotógrafo : la mirada moderna [Cat. exp.]. Madrid, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, 2004. p.19.
  • A.C. La revista del G.A.T.E.P.A.C., 1931-1937 [Cat. exp.]. Madrid, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, 2008. p. 83.
  • Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 238-239, n° cat. 73.
  • Bilbao Salsidua, Mikel. Euskal kartelak 1902-1971 Carteles vascos. Gernika, Euskal Herria Museoa, 2012. p. 23.
  • 1925-1936 : una modernidad singular, arte nuevo alrededor de San Sebastián = Modernitate bakan bat, arte berria donostiaren inguruan [Cat. exp.]. Madrid, San Telmo Museoa ; La Fabrica, 2016. pp. 89-90, il.
  • Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 156, 161, n° cat. 84.