Oyasumi dokoro Yorozuya (Bidaiariak, Yorozuya te etxean atseden hartzen) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Oyasumi dokoro Yorozuya (Bidaiariak, Yorozuya te etxean atseden hartzen)

Harunobu, Suzuki

Japonia, 1725-1770

Inprimatze xilografikoa koloretan

27,7 x 21,1 cm

Harunobu ga

1768-1769

XVIII. Mendearen hirugarren laurdena

82/748

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Ukiyo-e grabatuen generoko izen handietako bat da Suzuki Harunobu. Estanpen inprimaketan maila teknikoa handitu izanagatik nabarmendu zen, eta nishiki-e teknika xilografiko koloreanizduna bultzatu zuen 1765. urteaz geroztik. Era berean, guztiz nabarmena izan zen haren konposizioen fintasuna, bereziki emakume mota fin baten inguruan, Nishimura Shigenagaren eta Nishimura Sukenoburen eraginpean. Harunoburen ekoizpenen zati handi bat zirkulu poetikoetatik eskatutako egutegi piktorikoak dira, edo mitate-e parodiak nagusi dituzten erdi tamainako estanpa sailak. Haietan, era guztietako eszenekin lotzen dira poemak eta obra klasikoak. Shunga deituriko grabatu erotikoen generoa ere landu zuen, Yoshiwara deitutako plazeraren auzoa izan baitzen haren inspirazio iturri nagusietako bat. Estanpa honek bidaiari batzuk aurkezten dizkigu, bidean geldialdi bat egin dutenak Yorozuya izeneko te etxeko behatokian atseden hartzeko, ezkerraldeko errotuluan ageri denaren arabera. Estanparen goiko aldean dagoen poema bat ilustratzen du eszenak, eta poemak paisaia deskribatzen du, Sumida ibaiaren ertzean, Edo (Tokio) hirian. Emakumezko bi pertsonaiak, emakume heldu bat eta neskato bat, eserita daude, eta gizonezkoa arroz lastozko sandalia bat konpontzen ari zaie galaitasunez, kiseru pipa tradizional japoniarrean tabakoa erretzen duen bitartean. Bostongo Museum of Fine museoan ere kontserbatu da estanpa hau (Inb. Zk. 21.4500). (Daviz Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 256-257, n° cat. 65.
  • Mas allá del negro : el grabado en color en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2017. pp. 26, 99, n° cat. 8.