Oilar-borroka - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Oilar-borroka

Anonimo japoniarra. XVII. mendea

Tinta eta urrea

34,6 x 42,3 cm

Sello del artista sin identificar

82/731

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Edo Aroaren hasierako genero pintura txiki honek erakusten du garai hartan guztiz gogoko zutela eguneroko dibertsioak irudikatzea. Oraingo honetan oilar borroka bat da, eta samurai talde bat hari begira dago, halako gisa identifikatu ditugu ezpatak daramatzatelako. Artistaren zigilua, beheko eskuineko ertzean ageri dena, ezin da irakurri, baina estiloari erreparatzen badiogu, XVII. mendeko Kano eskolara eramango gintuzke. Inolako zalantzarik gabe, talentu handiko egile batena da margolana, pinu okerraren hosto bakoitza, eta eraikineko zuraren hariak ere, irudikatzeko erabili dituen koloreetan eta trebetasun teknikoan antzeman daitekeen bezala. Obra honetan landutako gaia da deigarriena. Gertakizun alai eta ludiko horiek, deskribapen handiz landuak, Genroku garaian (1688-1703) loratu zen mundu flotatzailearen kulturarekiko gustua erakusten digute, Ukiyo-e grabatuen aurrekari piktorikoa izan zena. Nolabait ere, esan dezakegu, hiri kultura indartzen zen heinean, samuraien klasetik, merkatariek eta artisauek osaturiko burgesiara joan zela pinturaren artea, formatu txikiagoekin. Azkenik, grabatuak artearen merkatua are gehiago zabaldu zuen genero eszenetara. Horren harira, beharbada Jose Palaciok, grabatu japoniarrak izugarri gustuko baitzituen, pieza delikatu hau aukeratuko zuen ezin ukatu zaion kalitateagatik ez ezik, bere bilduman nishiki-e koloretako grabatua loratu aurreko pintura bat edukitzeagatik ere.


Pintura nipondarrean ohikoa den bezala, obra hau goiko ikuspuntu batetik egina da, eta horri esker, eszenaren ikuspegi panoramikoa hartzen du. Arkitektura elementuek sortzen dituzten diagonalen barnean egituratu da, eta materialek -habeetako zura, shojietako papera eta tatamiak-- moduluka antolatua dagoelako itxura eragiten dute. Bi samurai ari dira hegaztien borroka gidatzen, oilar beltz bat eta oilar zuri bat, eta beste hiru eszenari begira daude. Eszena oso koloretsua da jantzien tonuengatik, ezaugarri heraldikoak edo mon deiturikoak dituzten apaingarriekin, eta irudimen handiko ehungintza diseinuekin, batzuk geometrikoak eta beste batzuk figuratiboak. Kasualitatearen fruitu izango da agian, baina ikusleetako batek kuia batzuk daramatza kimonoan estanpatuak eta beste batek, berriz, diseinu ezagun bat darama, gaur egun erabiltzen dena, seikaiha deitua, hauxe da, uhin eskematiko batzuk errepikatuak. Nolanahi ere, bitxia da ikustea mundu flotatzailearen estetikaren lehen literatura definizioak, Aisai Ryoiren Ukiyo monogatari (1661) nobelak, bizitzaren ziurgabetasun atsegingarri hartara jotzea, non jendeak, ziurgabetasunaren olatuen balantzak kulunkatua, eguneroko bizitza atseginez bizi baitzuen garai pozgarri hartan, kuia bat olatuen eraginpean ibiltzen den moduan. Pintura honetako samuraiak mundu flotatzaileko dibertsio ludikoetan inolako ardurarik gabe murgiltzen direla ematen du, gerrarik gabeko garai batean, Tokugawa klanak Japonia bateratu ondoren Edo Aroan. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Pereda, Arantxa. La Colección Palacio : arte japonés en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1998. p. 24, n° cat. 3.
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Maestros antiguos y modernos en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2001. p. 88.
  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 233, 237-238, n° cat. 51.
  • Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 143, 149, n° cat. 66.