Mendiko bazter bat - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Mendiko bazter bat

Campuzano y Aguirre, Tomás

Santander, 1857/01/05-Becerril de la Sierra, Madril, 1934/08/09

Akuafortea paperean

26,7 x 37,6 cm (papera) 8,8 x 10,4 cm (orbana)

TC (paperaren marjinaren eskuineko behe-angeluan)

88/66

1988an eskuratua

Akuaforte txikia, bereziki anekdotikoa neurriak eta landutako gaia kontuan baditugu. Formatu txikiak iradokitzen digu plantxa in situ egin zuela egileak, bertatik bertara, naturan, kontzeptu hori ongi uztartzen baita Carlos de Haesek Madrilgo San Fernando Akademian paisaiaren alorrean zuen katedratik ezarri zituen planteamenduekin. Planteamendu hori garrantzitsua izan zen, eten egin baitzuen aspaldiko dinamika tradizionala. Artistak kanpora irteten ziren naturan txertatzeko, naturatik apunteak hartzeko eta margolanak bertatik bertara egiteko. Izan ere, grabatuak ere naturan bertan lantzen hasi ziren, zuzenean lan egiten zuten kobrezko plantxa txikietan, horregatik dira emaitzak horren txikiak. Campuzano berriz ere ageri zaigu akuaforte egile aparta gisa; arrakasta handia iritsiko zuen teknika horren bidez landutako obrei esker, eta oso ezagun bihurtu zen gizarte mailan. Lan honetan ongi asko ikus daitekeenez, zehaztasun handia eskatzen duen teknika hori baliatzen du grabatuarekiko kontzeptu berri bat jasotzeko eta artisau erara landutako kalitate merkeko obraren aurreko kontzeptu zaharretik (horretara mugatu baitzen hainbestetan ordurako ezagunak eta oso ezagunak ziren artisten margolanen produkzioa edo erreprodukzioa ) aldentzeko.

Artista kantabriarrak bere talentua utzi zuen agerian teknika hau baliaturik, eta efektu piktoriko garrantzitsuak erdietsi zituen plantxa txikiak erabiliz, akuaforteari eskuko lanaren kontzeptu berria erantsirik. Hala eta guztiz ere, José María de Pereda idazle eta lagun handiaren pentsamoldearen eta literaturaren ildotik, eredu tradizionalisten, kontserbadoreen eta erregionalisten arabera zehaztu behar dira tratamendua eta ikonografia. Eszena ezin harmoniatsuagoa eta artzain girokoa izan daiteke, positiboa da eta atsegina, erabat idealista: Espainiako iparraldeko paisaia txiki honetan --egileak Madrilgo Ateneoari oparitu zion Kantauriko Kostaldetik izenburuko hamabi akuaforte grabatu biltzen dituen karpetatik (1894an datatuta eta eskainita) hartua da honakoa-- etxe familiabakar txiki bat ikus daiteke, hainbat emakume bi solasalditan ari direla: lehenengoan, bi neskatila ikusten ditugu ohiko lehen planoan; izan ere, Campuzanok egitura mota hori erabili zuen --zenbaitetan modu behartuegian agian-- konposizioari perspektiba maila ezberdinak emateko xedean. (Salvador Carretero Rebés, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • El aguafuerte en el siglo XIX : técnica, carácter y tendencias de un nuevo arte. Madrid, Real Academia de Bellas Artes de San Fernando ; Calcografía Nacional, 1985. p. 45, n° cat. 70.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 44-45, n° cat. 9.