Mairuak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Mairuak

Basterretxea, Nestor

Bermeo, Bizkaia, 1924/03/06-Hondarribia, Gipuzkoa, 2014/07/12

Haritza

192 x 101,7 x 36,8 cm

1973

12/77

Artistaren dohaintza 2012an

Obra hau monumentuen atalekoa da. Hiztegiaren arabera, mairuek trikuharri eta harrespil batzuk eraiki zituzten, eta, hortaz, obra honi "harrespilen eraikitzaileen" lana lotu zaio. Dena dela, leku geografikoaren arabera, zeregin hori beste izaki batzuei ere egotzi zitzaien. Hasieran, "mairu" hitza bataiatu gabe zeuden edo jentilak ziren pertsonak izendatzeko erabiltzen zen.

Eskultura honetan ere, masen tratamenduaren xedea, funtsean, pertzepziozko frontaltasuna lortzea da. Oinazpikoa eskulturaren luzapen baten modukoa da; markoa edo leihoa, berriz, organikorako joera duten baina bulto borobila osatzera iristen ez diren sei bolumenen euskarria da. Sei gorputzek osatzen duten konstelazio hau sakonunez beterik dago: Henry Mooreren kutsua du. Formaren organizitatea zabaltzen da, materia bilakatzen da. Joan den mendearen bigarren erdialdean, forma organikoaren kontzepzio poetikoa ezin zen inola ere albo batera utzi artearen lurraldetik kanpoko arte-arloen barruan. "Organikoa" edo "organizista" kontzeptuek sistemetan sartutako forma bizidun naturalen batasuna ematen zuten aditzera, eta sistema horiek eratzen zituzten osagileen artean mendekotasun harmoniatsua zegoen. Ildo horretan, brutalismoa eta naturalismoa atzeraelikatzen ziren.

Bestetik, Oteizaren ustez, euskararekin eta labar-pinturekin batera, harrespila zen kulturako aztarnarik zaharrena eta baliotsuena, estetika bat berriz asmatzeko oinarritzat har zitekeena. Obra honetan, Basterretxeak Mairu harrespilarekin lotzen duen xehetasuna jasotzen du, eta, era horretan, badirudi Oteizarekin jartzen dela harremanetan. Izan ere, aditzera ematen du hutsunea eta hutsa baliabide hobezinak direla euskal herriaren arima azaltzeko. [Peio Aguirre]

Bibliografia hautatuta

  • Nestor Basterretxea : Euskal Serie Kosmogonikoa = Serie Cosmogónica Vasca [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 100-103, sin n° cat.
  • Basterretxea [Cat. exp.]. Bayonne, Musée Basque et de l'histoire de Bayonne, 2010. pp. 20, 124, n° cat. 20.
  • Viar, Javier. Historia del arte vasco : de la Guerra Civil a nuestros días, 1936-2016. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2017. pp. 143-147.