Legionario erromatarra - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Legionario erromatarra

Anonimoa, XVIII. mendea ?

Brontzea

6,6 x 3,35 x 1,66 cm

82/884

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Zutik dago irudia idulki zirkular baten gainean. Arropa militarrez jantzitako gizonezkoa da, eskuineko hankaren gainean hartzen du atseden, ezkerrekoak ez dio kargari eusten. Zango babesekin daude estalita hankak, oinak biluzik. Mahuka luzeko tunikarekin dago jantzita, gainetik papar karratuko halakreta du, eta haren gainean eskuineko sorbaldatik aldakaraino du gurutzatuta ezpata zorroa. Paludamena ezkerreko sorbaldatik behera erortzen zaio eta bizkarraldea diagonalean zeharkatzen du eskuineko besoarekin biltzeko. Halakretak besahezur uhalak ditu sorbaldetan eta launak behe aldean, baina ez zaizkio lanbrekinak nabaritzen. Ezkerreko besoa goratuta eta tolestuta du galduta duen lantzari bertikalean eusteko, eta eskuineko besoan sartuta scutum obal txiki bat darama. Gazte bizargabe baten itxura du buruak, eskuinetara du biratuta, begirada urrunean jarrita. Buru gainean gailur lodia eta lautua duen kaskoa du, gainean gandor lodia aurrerantz bideratuta, eta kokots uhalak lotuta ditu kokotsaren azpian.

Mars Ultor jainkoaren irudi klasikoei berezkoa zaien jarreran azaltzen da gure irudia, baina gazte bati dagozkion ezaugarriak dituenez, bizarrik eta ile luzerik ez, erromatar legionarioak irudikatzen dituzten sailetan hobe egokitzen dela esango dugu. Marte gaztea irudikatzen duten ale batzuei, arma berak dauzkaten eta irudi bizardunetatik eratorritako keinua egiten duten ale batzuei, Marteren Jeinuak esan zaie. Brontze txikietan landutako Mars Ultor jainkoaren ohiko irudikapenek eutsi egiten diote jatorrizko marmolezko eskultura kolosalaren egokierari (Erromako Augustoren Foroan zegoen), lantzari bertikalean helduz eskuineko eskuarekin eta ezkerrekoa halakretean jarrita, baina badira gureak bezala elementu horiek alderantziz dauzkaten beste pieza batzuk.

Oihalen efektismoak, jarreraren teatraltasunak eta berau lantzeko teknikak eramaten gaituzte obra hau erromatar legionarioaren irudi estereotipatua dela ondorioztatzera. Agian talde bat osatuko zuen beste pieza bat da, edo altzari baterako apaingarria, barrokoz geroztiko altzari eta idazmahai tiraderadunetako gailurrerian ikusi ohi direnen gisakoa, halakoetan gazte baten fisonomiari egokituta baitaude Mars Ultor jainkoaren ezaugarriak.

Madrilgo Dekorazio Arteen Museo Nazionalean altzari moderno bateko aplike bat kontserbatzen da, antzeko irudi bat du (CE03638 Inb. zk.). Carpentras hiriko Comtadin-Duplessis Museoan antz handia duen beste irudi bat dago, besoen jarrerak alderantziz, eta kaskoaren gainaldean ere gandor handi bat du. "Marte bizargabea" gisa dago sailkatuta, eta obra modernotzat hartua da; gainera, Frantziako beste museo batzuetan antzeko piezak daudela esaten da, horiek ustez erromatarren garaikoak zirelakoan iritsi zirela museoetara, eta beraz, bistan da kasu batzuetan antzinako piezak balira bezala saiatu zirela halakoak antigoaleko gauzakien merkatuan sartzen. Ez dago ziurtatzerik Despuigen bilduma osatu zuenik edo Manuel Taramonak antzinako pieza zelakoan erosi zuenik, baina baliteke azken horrek erosi izana jakinik pieza modernoa zela, baina aldi berean tematikari dagokionez oso egokia bere bildumara biltzeko. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 463-466, n° 95.