Kutxa, irudi budistekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Kutxa, irudi budistekin

Anonimo japoniarra

XX. mendearen hasiera

Egur lakatua

15,7 x 37,8 x 27,3 cm

XX. mendearen hasiera

82/1506

María de Arechavaleta andrearen legatua, José Palacio jaunaren bildumakoa, 1954an

Kaxa honek hainbat zentimetrotako oina eta bi gontzekin eusten den estalkia ditu. Tipologiaren ikuspuntutik ez da batere tradizionala, baina estalkia kentzen badiogu, antz handia du sessobako deritzon kaxarekin, halakoak erabiltzen dituzte monje budistek errituetarako objektuak eramateko. Hortaz, tradizioan oinarritutako berrikuntza dela esan dezakegu. Kaxa kolore marroi iluneko lakaz dago tratatuta oso-osorik, eta erliebean landuta daude giza irudi batzuk nola estalkian hala kaxaren aldeetan. Soilik argi koroak eta hondoko dekoraziozko motiboak daude urre hauts finekin landuta.

Yakushi-nyorai buda da estalkiko erdiko irudia, loto jarreran dago eserita, alboetan lagun bana duela, eguzki argiaren (Nikko Bosatsu) eta ilargi argiaren (Gekko Bosatsu) bodhisattvak alegia. Narako Yakushiji tenpluan dauden estatuak, VII. edo VIII. mendeetan datatuak, kopiatzen dituzte argi eta garbi. Kaxaren alboetan dauden irudiei dagokienez, budismoaren hamabi jainko gerlariak ageri dira, kasu honetan Narako Kofukuji tenpluko irudiak eredutzat harturik. Jatorrizkoak ere erliebe lanak dira, XI. mende amaierako Jocho eskolako obrak. Estalkiaren ifrentzuan eszena bat dago irudikatuta, eszena budista era berean, laka gorriz eta berde ilunez margotuta. Erdian, bi lehoi erlikia ontzi handi bat babesten, zeruan behera bi izaki zerutiar hurbiltzen ari diren bitartean. Narako Horyuki tenpluko Tamamushi no zusi deritzon erlikia ontziko (VII. mendean datatua) eszena nagusian du jatorria ikonografia horrek. Jatorrizko obran erabilitako kolore sorta berarekin dago landuta pieza hau, hau da, pigmentuekin nahasitako laka erabili du egileak.

Japonian eredutzat hartu zituzten obra zaharretako irudi horiek Meiji Aroaren amaieran izan zuten zabalkunde handia aldizkari espezializatu batzuei esker: Yakushijiko estatuak 1897an, Tamamushi no zusi erlikia ontzia 1901ean, eta Kofukujiko gerra irudiak 1907an. Kaxa hau antzinako Japoniako obrak berreskuratzeko espirituari jarraiki landu zuen egileak, agian erakusketaren batean ikusgai jartzeko. (Yayoi Kawamura, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 432-433, n° cat. 144.