Kintaro - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Kintaro

Hokkei, Totoya

Japonia, 1780-1850

Xilografia

21,1 x 18,8 cm

Hokkei (北,渓,)

1820

XIX. Mendearen lehen laurden

82/753

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Luxuzko surimonoa, Hokusai maisu handiaren ikasle aurreratu Totoya Hokkei artista espezializatuak egina. Japoniar heroi Kintaroren bizitzaren pasarte bat aurkezten du. Kintaro, elezaharretako urrezko haurra, gaur egun ere oso ezaguna da japoniar ikonografian. Gizagaindiko indarra du bere bereizgarri nagusia, japoniar Herkules txikia da bera. Eskuarki kolore gorrian irudikatzen da bere gorputz sendoa, zorionaren eta babesaren ikurra baita gorria japoniar kulturan. Kintarok Ashigara mendian bizi izan zuen bere haurtzaro berezia, Yamauba deritzon mendietako emakume basatiaren zaintzapean. Ukiyo-e arte generoa landu zuten artista askok eta askok, tartean Utamarok, halako samurtasun batez irudikatu zuten Yamauba basatiaren eta Kintaroren arteko harremana, baina Kintaroren haurtzaroa irudikatzen duen beste ikonografia oso erabili batean mendietako animaliekin zeuzkan harremanak irudikatzen dira, halakoekin komunikatzen baitzen eta, zenbaitetan, baita borrokatzen ere, Kintaro beti garaile. Palacio Bilduman Katsukawa Shuneik landutako grabatu zoragarri bat dago; Kintarok hartz batekin izan zuen borrokaldi ezaguna irudikatzen du. Surimono honetan Kintaroren beste pasarte guztiz ezaguna irudikatzen da, zamo handi bati helduta ageri zaigu. Hokkeik trebetasun handiz irudikatu du bikoteak ur-jauzian gora egiteko mugimenduaren sentsazioa. Zamoa (koi), uraz goiti igerian egiteko gauza baita, eta Kintaro bera, gizonen balioen sinbolo dira japoniar kulturan, mutikoei transmititzen zaizkie balio horiek. Horregatik, hain zuzen ere, bi irudi horiek sarri askotan ageri dira urtero maiatzeko bosgarren egunean ospatzen den haurren jaian. Yoshitoshik eta beste artista askok estanpa eder askoak landu zituzten gai hori ardatz hartuta. Kintaro, jada heldua, Minamoto no Yorimitsuren zerbitzura jarri zen, eta bere jaiotzetiko izena baztertuta Sakata no Kintoki izena hartu zuen beretzat, eta horrenbestez bihurtu zen Japoniako elezaharretako borrokalari garrantzitsuenetakoa. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Pereda, Arantxa. La Colección Palacio : arte japonés en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1998. p. 23, n° cat. 12.
  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 220-223, 306-307, n° cat. 90.