Izenbururik gabea (Bi emakume, bata zutik eta bestea eserita) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Izenbururik gabea (Bi emakume, bata zutik eta bestea eserita)

Iturrino González, Francisco

Santander, 1864/09/09-Cagnes-sur-Mer (Frantzia), 1924/06/21

Ikatz-ziria paperean

21,5 x 22,7 cm

c. 1911-1914

88/46

1988an eskuratua

Bi emakumeren irudiak dira marrazki honetan motibo nagusiak. Bat, zutik, biluzik dago, hankak erdizka ikusten uzten dituen oso oihal mehe bat du aurreko aldean, eta bi eskuekin mantu bati heltzen dio aldaken parean. Bestea aulki batean jarrita dago, lagunaren gorputz lirainari begira. Egileak marrazki eta margolan askotan irudikatutako bainuak urmaeletan lantzeko zirriborroetako bat izan liteke marraztutako motibo hau.

Halaz ere, bilduma pribatuek eta publikoek gaur egun dauzkaten hamarretik gora margolanetan eta grabatuetan ez dago konposizioaren ikuspegitik berdina den bakar bat ere. Aitzitik, bainurako biluzien konposizio ia guztietan emakumea da irudi nagusia, zutik dago eta erabat biluzik, eta oihal ezin meheago bati heltzen dio aldaken parean, betiere pubisa agerian utzirik. Tematika honek zuzenean egiten du bat Parisko aurreneko abangoardiekin, izan ere, bainuek eta emakume biluziek osatuko zuten garaiko margolari ia gehienen errepertorioa . Zalantzarik gabe, Manetek 1863an margotutako Olympia, Erakusketa ofizialetik kanpora utzi zutena, izan zen garaiko artisten joeran eragin handienetakoa izan zuen obra.

Baina joera orokorrak alde batera utzita, kontua da emakumea eta emakume biluzia dela Francisco Iturrinoren obraren ardatzetako bat. Esan liteke emakumearenganako patologia obsesibo bat garatu zuela, miretsi egiten baitzuen eta voyeur batek sentitzen duen moduko plazera ematen baitzion, etengabe irudikatu zituen halakoak. Bere ibilbidearen hasierako urteetatik gutxi gorabehera 1905era arte marraztu zituen emakumeen morfologia mozkoteak luzatu eta estilizatu zituen geroago, soineko hanpatuak eta txal dotoreak mehetu egin zituen pixkanaka, eta emakumeen gorputz biribilak azaleratzen uzten zuten oihal ezin meheagoek hartu zuten haien lekua; jada bere bizitzaren azken urteetan, emakume sendo eta lodi erabat biluziak erretratatu zituen, ez zuen haien biluztasuna agerian uztea galaraziko zuen beste osagarririk erabili. Bainua hartzeko uneak aukera ematen zion Iturrinori bere voyeur ametsak mugaraino askatasun osoz eramateko eta, aldi berean, paisaiarekin batean bere gai nagusiak izango zirenak, emakumea eta emakume biluziak, lantzeko.

Gorputz estilizatuek eta bi irudien gorputzak estaltzen dituzten soinekoen gardentasunak eta pleguen mehetasunak eramaten gaituzte obra hau 1911 eta 1914 bitartean datatzera. Garai hartan aldendu egin zen gure egilea Zuloagarengandik jasotako espainiar tradizio piktorikotik, Cézanneren formalismo kubistetatik eta Derainen fauvismoaren trazu eta kolore oldarkorretatik estilo pertsonalagoko obra lantzeko, betiere Parisko eta Kataluniako goi burgesiari begira. Matissen laguna izanik, haren obrak eragin handia izan zuen Iturrinoren lanetan, forma eta kolore berriak eskaini zizkion, eta Andaluziara egindako bidaia askori eta geroago Marokora egindako beste bidaia bati esker, argia bere kolore paletaren bidez irudikatzeko bide propioa garatu ahal izan zuen, horrenbestez landu zituen bere ibilbide artistikoan onenak izango ziren artelanak. (Helena López Camacho, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 92-93, n° cat. 34.