Iturria - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Iturria

Arrue, José

Bilbao, 01/09/1885 - Laudio (Araba), 05/04/1977

Urkolorea paperean

54 x 71,3 cm

José ARRUE-. (eskuineko beheko angelua)

c. 1919

07/4

Emaús Bilbao Gizarte Ekimeneko Sozietate Kooperatiboaren dohaintza 2007an

1919ko otsailean Euskal Artisten Elkarteko erakusketan Iturria izenburuarekin aurkeztu zuen obra izan liteke gouache hau. Horren harira, datazioa justifikatua dago 1919ko beste obra batzuen antza duelako estiloari dagokionean, Meza Nagusitik ateratzea, esate baterako, Aranaz Castellanosen (Madril, 1919) Begui-Eder nobelaren azala ilustratzen duena, edo bilduma partikular batean kontserbaturiko Tipo paristarrak (Parisko eskaleak) lana. Bestalde, gorri-more koloreko kartoi finean egina da obra, eta oro har, kolore ilun samarra eman dio oinarri horrek. Ikuspegi teknikotik begiratuta, nabari da bitartekoa erabat menperatzen duela. Euskarriak, ehundura satinatua baitu, eta horrenbestez, ez hain xurgatzailea, koloreak hezean urtzeko aukera eman zion artistari, eta horri esker, gradazio arinak lortu ditu, esate baterako, ehunen tolesetan eta iturrian bertan ere. Ontzien bolumena eta islak, berriz, elkarren gainean jarritako kolore lauen gradazioaren bidez tratatuak daude, eta oso iradokitzailea da azken efektua.

Herrixka bateko eguneroko bizitzako eszena bat da hau, goizeko argiaren azpian gertatzen da, iturrira ur bila joateko momentuan, hain zuzen ere. Artistak, euskal baserritar jantzia deskribatzeaz gainera, eltzeteria eta zeramikazko pieza tipiko batzuk ere azaltzen ditu. Hala bada, konposizioaren ezkerraldean dauden bi emakumeek -ama eta alaba agian- kobrezko ontzi bana daramate buru gainean, pertza bat eta suil bat, eta gainerakoek, hondoan ageri den irudi txikiak barne, buztin esmaltatuzko pegarrak daramatzate. Bizkarrez dagoen mutikoak, berriz, arreta handirik eman gabe pitxer klasikoa darama eskuan, sagardorako edo txakolinerako erabiltzen direnak bezalakoa, hutsik oraindik.

Kolore osagarriak erabiliz lortu duen argien eta itzalen jokoari esker, bi zatitan banatua gelditzen da konposizioa. Hondoan, dekoratu gisa, arkitektura, eguzkiak argitua eta ongi asko deskribatua -oso bitxia da kalearen hondoan dauden bi etxeetan hurbilenekoa, haren leihoak makotu egiten baitira fatxadaren formari jarraiki-. Lehen planoan, konposiziotik kanpo geratuko litzatekeen elementu baten itzalak -behatzailearen aldean- mugatzen du eszena nagusia. Egia esan, hemen biltoki gisa aurkezten da iturria, auzokoekin hitz egiteko aprobetxatzen da momentua, eskuinean beren txanda iristeko zain dauden adineko bi emakumeek egiten duten bezala; eskuineko emakumeak haien aldera begiratzen du zer esaten ari ote diren galdetuko balio bezala bere buruari. (Jose Luis Merino Gorospe)

Bibliografia hautatuta

  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 214-215, n° cat. 87.