Hyôgorô / Hinakoto (Hyôgo etxeko Hinakoto gortesaua) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Hyôgorô / Hinakoto (Hyôgo etxeko Hinakoto gortesaua)

Utamaro, Kitagawa

Japonia, 1753 - 1806

Inprimatze xilografikoa koloretan

38 x 25,7 cm

Utamaro hitsu

c. 1795

82/776

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Kitagawa Utamaro ukiyo-e grabatu moldeko artista ospetsuenetako bat izan zen europar bildumagileen artean. XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera japoniar artearen gailurrera eraman zuten Hokusai eta Hiroshige artistekin batean. Ukiyo-e artearen Urrezko Aroko (XVIII. mendearen azken hamarraldia) protagonista izan zen. Aisiaren, ospearen eta jolasen mundua izan zen arte mota horretan tematika nagusia. Emakume ederren (bijin-ga) generoko estanpak izan ziren Utamaroren espezialitatea, emakume bakoitzaren fisonomiaren ikuspegi pertsonalagoa eskaini zuen giro lasai eta ohiturazko baten baitan. Okubi-e deritzon konposizio mota landu zuen (hitzez hitz buru handiko marrazkia esan nahi du), eta halakoetan ez zituen gorputz osoko irudiak islatzen, baizik eta gerritik edo lepotik gorakoak, horrenbestez aurpegiaren hazpegietan eta orrazkera konplexuetan bildu zitzakeen egileak xehetasunak, baina baita arropen diseinuetan eta eskuen keinuen mehetasunean ere. Miresten zituen emakumeen psikologian barneratzeko gaitasuna izan zuen Utamarok, eta grafikoki irudikatu zituen haien sentimenduak, izan ere, ekintza jakin bat baino emakumeen aldarteak deskribatzen dituzte irudi hauek. Okubi-e erretratuak izan ziren egile honen lan onenetakoak, eta estanpa hau lekukotasun aparta dela esan behar dugu guk.

Plazer auzoetako edo etxe berdeetako prostituta ospetsuak ziren irudikatutako emakume gehien-gehienak, etxe horiek izan baitziren ukiyo kulturaren artea sortzeko gune nagusiak. Gisa honetako konposizioek, eskuarki establezimendu horietako erakargarri nagusiak biltzen zituzten argitaraldi txikiko serietan kaleratuek, neska gazte ederraren izen poetikoa jasotzen zuten, baita lan egin behar zuten prostituzio etxearen izena ere. Obra honetan Hinakoto ageri zaigu, japoniar harpa jotzen duen andrakila gazte gisa euskaratu genezakeena. Emakume gaztea kiseru edo japoniar pipa batekin ari da pipatzen, garai hartan oso ohitura zabaldua baitzen nola gizonen hala emakumeen artean. Era berean, dedikatutako olerki bat idatzita duen uchiwa haizemaile bat du. Edoko (Tokio) Hyogo etxea zen establezimendua; bertako neskak Utamaroren beste obra batzuetako protagonista izan ziren. Palacio Bilduman egile horren bost estanpa daudenez, bistan da azken jabeak izugarri maite zuela artista handi hau, bere lanak funtsezko osagai izan baitziren Mendebaldeak XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera japonismoa deritzon korrontean birsortu zuen japoniar emakumearen aurreko kontzepzioan. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Pereda, Arantxa. La Colección Palacio : arte japonés en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1998. p. 67, n° cat. 67.
  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 213, 274-275, n° cat. 74.
  • Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 144, 149, n° cat. 70.
  • Sala Yvars, Marcos Andrés. "Meiji : revolución y renovación en las artes del tosogu", Meiji : el nacimiento del Japón universal (Cadiz, 2019) . pp. 61, 63, il.