Herakles erasotzailea, lantza eta beso gaineko leontea dituena - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Herakles erasotzailea, lantza eta beso gaineko leontea dituena – 82/894

Anonimoa, IV. mendea, K.a.

Brontzea

7,1 x 4,73 x 1,61 cm

82/894

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Heraklesen irudia, zutik. Bi hanka irekien gainean finko hartzen du atseden gorputzak, soilik ezkerreko zangoa du apur bat tolestuta. Oso laburra da irudiaren modelatu orokorra, formak leunak eta biribilduak dira, ez dute anatomiaren egitura argi eta garbi zehazten, bai ordea soina, lau irtengune horizontaletan banatzen baita ildo arin batzuen bidez bularrak, sabelaldearen goialdea, sabela eta pubisa irudikatzeko. Besoak gurutze forman dauzka irekita sorbaldetatik, eskuinekoa gorantz tolestuta lantzari eusteko, lantza horretatik aurrerantz bideratzen den kirtenaren zati bat kontserbatzen dela. Ezkerreko besoa zuzen du zabalduta, gainean leonte bakun bat du, bi toles loditan dago zatituta, eta zintzilik dagoen atalaren beheko aldean bitan adarkatzen da bien erdian irtengune handi bati leku egiteko. Nolanahi ere den, forma bera du bi aurpegietan leonteak, eta ez du animaliaren hankak edo burua bereizteko aukerarik ematen. Ezkerreko eskua irekita du, aurrera begira, oso ongi du irudikatuta erpurua, oso lodia eta gorantz jarria. Arrautza formakoa du burua, apur bat zorrotza kokotsa, eta kopetatik abiaturik atzerantz antolatutako ildoen bidez du adierazita orrazkera; ildo horiek garondoraino iristen den beste ildo bertikal batean elkartzen dira. Laua du aurpegia, sudurra lodia eta irtena, ahoa txikia eta begiak bi disko txikiren bidez irudikatuta.

Hercules Italicus edo Ercole etruriarraren eredu zabalduena da, halako irudiak ugari dira museo askotan, eta eredu horri dagozkio baita datozen hemeretzi brontzeak ere. Ez da beharrezkoa hemeretzi irudi horiek partekatzen dituzten ezaugarrien berri ematea, eta beraz, formaren ikuspegitik bat etortze hurbilena ageri duten obrak baizik ez ditugu elkarren artean konparatuko. Nolanahi ere den, pieza gehienen jatorriari buruzko datu ziurrik ez dagoenez, XVIII. eta XIX. mendeetako bildumetatik iritsiak baitira eta antigoaleko gauzakien merkatuaren bidez lortuak baitira, ezinezkoa da aleak eremu jakin batean kokatzea huts egiteko beldurrik gabe, eta ondorioz, forma eta estilo irizpideek zehaztuko dituzte serieak. Gure alearen oso antzekoa da Lecceko Probintziako Museoan dagoen beste irudi bat, horrek ere jarrera berean dauzka zangoak eta besoak.

Pieza honetan aipagarriena eskuineko eskuan aurrerantz bideratuta duen lantzaren kirtena da, ez baitago Heraklesek eskuarki eusten duen makilarekin nahasterik, makila hori beti izaten baitu atzera eramana edo goratuta. Orain arte argitaratutako Herakles erasoan brontzeen artean zaila da lantza daraman beste alerik bereiztea, bakar batek ere ez baitu lantza osorik kontserbatu, baina Abruzzo eskualdean aurkitutako bi aletan antzeko kirtenak ikus daitezke, horiek ere aurrerantz bideratuta daudela. Comoko Museo Zibikoan ustez oraindik argitaratu gabe dagoen ale batean Heraklesek objektu lodi bat darama eskuan, hiru punta ditu muturrean, Zeusen tximista ekar lezake gogora. Baliteke makilaren ordez lantza batez hornitu izana Herakles Mars Italicus jainkoaren irudiekin bat egiteko. Halaxe gertatzen da, argi eta garbi, gure alean eta aipatu berri ditugun adibideetan, eta beraz, Herakles erasoan aurkezten duten beste brontze batzuek jatorrian lantza izan zezaketen, bai bederen arma horizontalean edukitzeko eta aurrerantz bideratzeko ukabil itxi zuloduna duten aleek, esku hori makila bat eramateko egokia ez den jarreran dutenek; halaz ere, formak ongi zehaztuta ez dituztenez, ezin dugu irizpide hori huts egiteko beldurrik izan gabe aplikatu. Nolanahi ere den, kontuan eduki behar da lantza bat eraman zezaketela ukabila irudi honetako ukabilaren jarrera bertsuan duten beste aleek ere, edo makila arrunt batek beharko lukeena baino zati meheago bat kontserbatu duten piezek. Eta hain zuzen ere horiexek dira jarraian azalduko ditugunak. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 215-218, n° 28.