Fuchû - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Fuchû

Utagawa, Hiroshige

Tokyo, 1797 - 1858

Inprimatze xilografikoa koloretan

24,8 x 36,7 cm

Hiroshige ga

1831-1834

82/750

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Hokusairekin batera, ukiyo-e generoko paisaia margolari nabarmenetakotzat hartu da Hiroshige. Suhiltzaile baten semea zen, Utagawa Toyohirorekin pintura ikasketak egiteko aukera izan zuen, eta 1820ko hamarkadan lan batzuk egin zituen Utagawa eskolako ohiko generoen barnean. Hala ere, ondoko urteetan obra pertsonalagoari ekin zion, paisaiari protagonismo handiagoa emanez. Etapa honetakoa da Tokaido gojusan tsugi no uchi sail ezaguna, Hoeido argitaletxeak argitaratua, Tokaido ibilbideko berrogeita hamahiru posten paisaiak deskribatzen dituena. Hala ere, sailak berrogeita hamabost estanpa ditu, abiapuntua ere hartzen baitu, hauxe da, Edo; Tokugawa, shōgun-en hiriburua; eta azken helmuga, Kyotoko inperio hiria. Lan honek izan zuen arrakasta izugarriak gaia beste aldi batzuetan errepikatzera bultzatu zuen artista, konposiziotean eta formatuetan aldaketa batzuk sartuta.

Edo Aroko Japoniako ibilbideetako eguneroko bizitza grafikoki agertzeko zuen gaitasun dokumentala zen Hiroshigeren artearen bertute nagusietako bat, bidaiari handia eta behatzaile zorrotza baitzen. Hartzen zituen oharrei esker, zehaztasun handiz margotu zituen herrialdeko paisaia ospetsuenak, leku ederrenen, itsasoaren eta kostaldeen, ur jauzien, ibaien eta aintziren, mendikateen eta mendien, haranen eta arroz soroen, tenpluen eta santutegien, jauregien eta etxe xumeen, antzokien, te etxeen, ostatuen, denden eta zubien xehetasun handienak erakutsiz. Era berean, lortu zuen paisaia horien atmosferako aldaera guztiak hautematea lau urtaroetan eta eguneko une desberdinetan. Nolanahi ere, arreta berezia eskaintzen zien bidaiariei, erromesei, zamaketariei, merkatariei, zerbitzariei, ukuiluetako morroiei eta komunikabide jendetsuetan ibiltzen ziren era guztietako pertsonaiei. Kolore biziak erabiltzen zituen, iraganean jada erabili zituenak, baina baita berriak ere, Prusia-urdina, esate baterako, Holandatik ekarria. Gardentasun, argitasun eta opakotasun efektuak sortzeko, degradatu finekin tartekatzen zituen aplikazio planistako kolore garbiak.

Bigarrena Fuchuko posta edo geltokiari eskainia dago, hogeigarren zenbakia duena Edotik zetorren ibilbidean, Ejirikoaren hurrengoa eta Marikokoa baino lehenagokoa. Abe ibaian gertatzen da eszena; hura igarotzeko ez zegoen zubirik eta zamaketari indartsuek ur gainetik eraman behar izaten zituzten bidaiariak. Kago edo palankin batean doan dama dotore bat ibaia zeharkatzen ari da Shizuoka hiritik hurbil. Beste bidaiari batzuk besterik gabe bizkarrean eramaten dituzte zamaketariek. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Pereda, Arantxa. La Colección Palacio : arte japonés en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1998. p. 37, n° cat. 16.
  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 226, 328-329, 331, n° cat. 101.
  • Mas allá del negro : el grabado en color en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2017. pp. 26, 42-43, 99, n° cat. 12.
  • Japón : grabados y objetos de arte del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Folleto]. Málaga, Museo Carmen Thyssen Málaga, 2017. s. p.