Emakume eskaintzailea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Emakume eskaintzailea

Anonimoa, III-II. mendeak, K.a.

Brontzea

7,95 x 3,78 x 1,28 cm

82/908

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakume baten irudia, zutik. Mahukarik gabeko tunika batez eta mantu batez dago jantzita. Ez dira ongi bereizten arropen tolesak, bizkarraldean toles handi bat du diagonalean, eta haren beheko aldean mantuko toles zuzenak ageri dira ondoz ondo goitik beheraino, zangoen parean dituen bi ildok ebakirik. Aurreko aldean beste ildo bat du beheko aldean, tunika eta mantua bereiziko ditu, baina mantua argi eta garbi jaisten da, diagonalean jaitsi ere, ezkerreko besotik. Egitura laminarra du irudiak, ahurra du gibelaldea. Aurrerantz luzatuta duen ezkerreko eskuan ohiko pixidea edo acerra du, besaurrea motza du eta oso leku beheratuan du abiapuntua. Eskuineko besoa kanporantz du luzatuta, horizontalean, baina galdua du izango zuen goporra. Oso higatuta du aurpegia. Ongi asko hautematen da diademaren forma eta ezkerreko punta, eta ematen du bi globuluez eraturiko apaingarri bat izan zuela goiko partean. Sudurra eta begi zuloak baizik ez zaizkio ezagutzen aurpegian.

Oso estilizatua da irudiaren itxura orokorra, aurreko bi irudiak laburbiltzen dituen ezaugarriak dauzka, baina oso estatikoa da, formak erabat mehetuta daude, eta beraz, bistan da egileak eskaintzailearen keinua irudikatzeko kezka baizik ez zuela, ia arimarik gabeko irudia landu baitzuen ale honetan. Gure bildumako mota bereko hiru aleak konparatuta, esan dezagun kalitatearen aldetik alde handiak daudela, eta sinplifikatzeko joera nagusitzen dela, hazpegiak eta tunikaren eta mantuaren tolesak gutxienera eramanez. Gainera bat datoz goporrari eutsiko zioten eskuineko besoen zurruntasunean eta diademaren goiko zatiko apainduran; zenbat eta kalitate txikiagokoa izan alea orduan eta handiagoa izan ohi da diadema, formak mehetzeko eta garrantzirik gabeko xehetasunak handitzeko joera baitzen nagusi halakoetan.

Antz handiko irudi bat dago Milango Museo Zibiko Arkeologikoan, garatuago du burugainekoaren beheko zatia, kapelu baten hegala dela ematen du. Hautsia du eskuineko besoko eskua, baina anatomiaren formak mehetzeko irizpide berari erantzuten dio, agerian utzirik italiar eskultoreen joera guztiz ezberdinak. Milango brontzea gizon batekin identifikatzen da, baina gure bildumakoak zuzeneko loturak dauzka aurreko biekin, eta emakumetzat hartu beharra dago, batez ere hobe bereizten den arropari erreparatzen badiogu. Pieza batzuetan jantziak gutxienera eramanak dira, eta ematen du Italiako tailer batzuetan iritsitako estilizazio mailek generoa bera ez bereizteko modura murriztu zutela irudiaren esanahia eskaintzailearen ekintzara mugatzeko. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 363-366, n° 68.