Borroka eszena - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Borroka eszena

Kyosay, Kawanabe

Koga, Japonia, 1831/05/18 - Tokio, 1889/04/25

Tinta zetan

57 x 101,6 cm

Shojo Kyosai (惺,々,狂,斎,)

c. 1880

82/730

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Palacio bildumako arte japoniarraren atala batik bat Edo Aroko obrek osatzen badute ere, Meiji Aroko pintura hau, hurrengoa, multzoko nabarmenetako bat da, artista japoniar apartenetako batek sinatua egoteagatik, Kawanabe Kyosai margolariak, hain zuzen ere, Katsushika Hokusai (1760-1849) handiaren legatuaren jarraitzailetzat hartua tradizioz. Kyosairen pinturek, grabatuek eta liburu ilustratuek marrazki bizkorra dute beti eta irudimen harrigarria. Estilismoaren aldetik Hokusairekin loturik egon arren, bestelako mota batetik abiatzen da Kyosairen arte garapena, haurra zenean Utagawa Kuniyoshirekin (1797-1861) ikasi baitzuen. Bilboko Arte Ederren Museoko estanpen bilduman Utagawa eskolako batzuk badaude ere, Toyokuni eta Kunisadarenak, esate baterako, Kuniyoshiren bakar bat ere ez dago, artista emankorra, irudimen eta umore handikoa, XIX. mendearen erdialdeko grabatu japoniarretan eragin handia izan zuena. Kawanabe Kyosaik ere Kano eskolako pintura ofizialaren klasizismoaren barnean ikasi zuen. Oinarri harekin bere estiloa sortu zuen, oso estimatua bere garaian, eta horri esker, Meiji Aroko korronte nazionaleko pinturaren jenio handietakotzat hartu zuten atzerriko aditu batzuek, Émile Guimet (1836-1918) bildumazale frantsesak edo Josiah Conder (1852-1920) arkitekto britainiarrak, esate baterako, azken hau haren ikasle bilakatu baitzen eta hari buruzko monografia oso bat idatzi ere egin baitzuen 1911. urtean Paintings and Studies by Kawanabe Kyosai izenarekin. Kyosaik erabilitako artista zigilu ugarietatik berrogeita bederatzi erreproduzitu ziren hartan, pintura honena haien artean.

Kyosairen nortasuna, oso edari eta dibertsio zalea izaki, guztiz anarkikoa, arduragabea, sortzailea eta eszentrikoa izan zen. 1887. urtean, hil baino bi urte lehenago, lau liburukiko liburu handi bat idatzi zuen margolanerako eskuliburu gisa, Kyosai Gadan izenekoa, bere arte testamentua dena nolabait esateko. Margolan horren gaia sumoko borrokaldi baten parodia da, eta bertan, arbitro japoniar batek, deabruen buruak (oni) estanpatuak zituen kimono berde batez jantzia, platanondoaren hosto bat altxatzen du abaniko gisa, borrokalarietako bati, hura ere japoniarra, garaipenaren puntua emateko. Garaitutako aurkaria atzerritarra da, azal ilunekoa eta ile gaztaina kolorekoa eta turbantea darama. Eta hori aditzera ematen duen inskripziorik ez egon arren, bildutako publikoa ere, gizon guztiak ile luzeko emakume bat izan ezik, kanpotarra da. Daraman jantziagatik dakigu hori, Indiakoa dela baitirudi; izan ere, pintura eta grabatu japoniarretan atzerritarrak azaltzea oso ohikoa ez izan arren, Tenjiku (Indiaren hegoaldea esateko modu arkaikoa) irudikatzeko adibide ezagunen batekoen itxura berdina ageri dute obra honetakoek. Horren harira, beharbada, kutsu nazionalistarekin irakur daiteke pintura, Japon nazioartera irekitzen ari zen une batean egina, herri nipondarraren nagusitasuna erakutsiz. Guztiz dinamikoa da konposizioa. Jantzien tolesak eta eskuetako eta oinetako behatz luzatuek ere indartu egiten dute eszenaren mugimendua. Sumoko bi borrokalariek lotura handia dute Kyosairen beste obra batekin; hartan, bi japoniarren arteko borrokaldia ageri da, eta lehen aipaturiko Kyosai Gadan obrako hirugarren liburukiko 23. orrialde bikoitzean ikus daiteke. Era berean, munstroen arteko irrizko borrokaldiak eta beste hainbat borroka barregarri irudikatzeko erabili zuen egileak sumo borrokaren gaia. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 233, 246-247, n° cat. 58.
  • Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 147, 149, n° cat. 76.
  • Japón : grabados y objetos de arte del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Folleto]. Málaga, Museo Carmen Thyssen Málaga, 2017. s. p.