Beiratea Rafael Picavea-rentzat. Bizitza - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Beiratea Rafael Picavea-rentzat. Bizitza

Guiard Larrauri, Adolfo

Bilbao, 1860/04/10-Bilbao, 1916/03/08

Tinta eta grafitoa paperean

87,4 x 69,6 cm

c. 1902-1903

92/3

1992an eskuratua

Mende aldaketan Guiard ez zen margolarien eta artisten artean gorpuztu zen lankidetzatik aparte ibili. XIX. mendearen azken hamarraldietan lehen sarraldiak egin zituen diseinu grafikoari lotutako beste diziplina batzuetan, irudigintzan eta kartelgintzan, kasurako. Baina mende berriarekin bat hurbildu zen aurrenekoz beiragintzara. Euskal artisten artean Jose Etxena eta Anselmo Guinea ziren aurrekariak, nork bere herrialdeko diputazio jauregiko barneko eskailerak dekoratzeko beira-leihoak diseinatu baitzituen. Era berean, Anselmo Guineak diseinatua da Bilboko Ibaigaine jauregiko eskaileretako beira-leihoa.

Guiardi hiru beira-leiho egiteko proiektu ezagutzen zaizkio (Gernikako Batzar Etxekoa, Rafael Pikabearen jauregikoa eta Isidoro Larrañagaren txaletekoa). Lan horietara aurrez egindako lan burutsu bat salatzen duen modu sinbolikoan ekarri ditu ekarri beharrekoak, guztiz urruntzen da Etxenak eta Guineak landutako proposamen historizista eta alegoriazko orotatik.

Mendearen azken hamarraldietan abandonatuta zegoen Batzar Etxea, azken karlistaldiaren ondorioz galdutako Foruak izan ziren, hein handi batean, prentsak behin eta berriz salatzen zuen egoera horren arrazoi. 1890. urtean iritsi ziren hobekuntzak eraikinaren egitura sendotzeko lanak egin zituztenean. Lanak amaituta 1900. urtean herrialdeko arkitekto Antonio Carlevarisi dekorazio lanak egiteko enkargua helarazi zitzaion. Sei beira-leiho egitea proposatu zuen. Nolanahi ere lan horien diseinua Adolfo Guiardek egitea eskatu zuen Aldundiko Sustapen Batzordeak hurrengo urteko maiatzean. Erakundeak behin eta berriz ekin arren, Guiard atzeratu egin zen kartoi lanak egiteko garaian, 1902. urtean aurkeztu zituen, eta ez urte hasieran preseski.

Museoko bilduman, olio pinturaz margotutako sei kartoiez gain, haietako lau lantzeko zirriborroak kontserbatzen dira, Historiaurrea, Artzaintza, Nekazaritza, Arrantza eta Merkataritza eszenei dagozkienak. González de Duranak adierazten duen bezala, "garapen eta aurrerabide ekonomiko eta teknologikoaren ideiaren" sekuentzia bat finkatzen da gaietan, ez ordea pertsonaia historiko zehatzak erabiliz, baizik eta euskal herritar xumeen lanaren bidez irudikatuz.

Bizitza izenburukoa da Guiardek beira lantzeko artean egin zuen bigarren hurbilketa ezagunerako zirriborroa. Rafael Pikabea enpresaburuak, aldizkako hainbat argitalpenaren jabeak, Gipuzkoako Oiartzun herrian zeukan jauregi txiki batean paratzekoa zen. Marrazkian, margolariaren obra sinboliko nagusian, Guiardek kontzeptu abstraktu bat lantzen du denboraren joanari eta heriotzari erreferentzia egiten dieten irudi sorta baten bidez (hiru adinak, bidea, bizitzaren zuhaitza eta katu beltza). Irudi horien esanahia jada argitu zuen, bikain argitu ere, Gonzalez de Duranak.

Gainera, Bizitza izenburuko lan honetan islatu zuen ongien Guiardek japoniar irudiak lantzeko zuen trebetasun aparta eta molde horrek egile honengan zuen eragina marraren garapenean, hain zuzen ere modernismoa Ekialde Urruneko estetikaren elementuak berrinterpretatzen ari zen unean. (Mikel Lertxundi Galiana, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • La pintura vasca, 1909-1919 : antología. Bilbao, Biblioteca de Amigos del País, 1919. p. 57.
  • Anselmo Guinea y Adolfo Guiard [Cat. exp.]. Bilbao, Banco de Bilbao, 1980. p. 60.
  • González de Durana, Javier. Adolfo Guiard : estudio biográfico, análisis estético, catalogación de su obra [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao ; Caja de Ahorros Vizcaina, 1984. pp. 172, 208, n° cat. 141.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 68, 62-73, n° cat. 26.