Artzainen adorazioa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Artzainen adorazioa – 69/205

Ribalta, Juan

Madril, c. 1596/1597 - Valentzia, 1628

Olioa kobrean

15 x 29,5 cm

Ju Ribalta mano propia (atzeko aldekoezkerrekobeheko angelua, alderantziz, grabatu-plantxa bat delako)

c. 1620

69/205

1926an eskuratua

Kobrezko xaflan margoturiko koadro txiki honek, Juan Ribaltaren (Madril, c. 1596/1597-Valentzia, 1628) Artzainen adorazioa izenekoak, betidanik gozatu du arte-historialarien goreneko mirespenaz. Horietako askorentzat margoa bera da artista zendu honen maisulana. Hogei urte baino gehiago duela, koadro hau XVII. mendeko margolaritza valentziarrari buruzko erakusketa monografiko aitzindarian sartu zuten . Erakusketa hark koadroaren izaera bereziaz eta bakarraz ohartarazteko balio izan zuen: batetik, koadroaren neurriengatik eta erabilitako euskarriarengatik, eta, bestetik, artistaren eta bere aita Francisco Ribaltaren (1565-1628) lan ezagunen corpusean lan horrek izandako leku bereziarengatik, baita artista garaikide valentziarren lanetan izan zuen leku bereziarengatik ere. Ordutik hona, adituek ez diote gehiegizko arretarik jarri.

Koadroa inprimatzeko egokitutako kobrezko xafla baten atzealde lau eta grabatu gabean margotu zen. Atzeko aldean, San Antonioren (1195-1231) historia irudikatzen duen akuafortea ageri zaigu, Riminiko itsas portu italiarreko arrainei prediku egin zienekoa. Kondairak dioenez, San Antoniok oztopo ugari aurkitu zituen Riminiko horda «heretiko fedegabeak» hitzaren bidez kristautzeko. Horregatik, gertu zuen ibai baten isurialdera joan, eta ibaiaren eta itsasoaren arteko ibai bazterrean belauniko jarrita arrainei prediku egitea otu zitzaion. Arrain asko hurbildu zen bere hitzok entzutera, baita bertako biztanleak eta heretiko mordoa ere. Horiek denak «damutu egin ziren begi bistan zuten mirari zoragarri hura ikustean eta San Antonioren oinetara etzan ziren bere predikua entzuteko. Orduan, San Antonio fede katolikoari buruzko predikua egiten hasi zen, eta hain zintzoak izan ziren esan zituen hitzak, ezen heretiko guztiak kristau bilakatu eta Kristoren benetako federa itzuli ziren, eta fededun guztiak poz-pozik geratu ziren, lasai eta fedean susperturik».

Artzainen adorazioa dugu, orain arte, Juan Ribaltak kobrean eginiko margo ezagun bakarra. Baliteke lan bakana izatea, baina argi dagoena da aukera baliatu zuela grabatu bat egiteko eskuratutako kobrezko xafla hartu eta olio-pinturaren euskarri legez berrerabiltzeko. Espainiako testuinguru hartan, oso gutxi dira modu horretan berrerabiliak izateko dokumentatutako kasuak. Horietako bat Mateo Pérez de Alesioren Belengo Andre Mariarena da, bere grabatuaren atzeko aldndre Mariaren Deikundeaean margotua Familia Sakratua lanarekin batera. Beste bat kobrezko xafla baten atzeko aldean margoturiko Andre Mariaren Deikundea olio-koadroarena da, Juan de Roelasen Andre Maria Atsegetakoa irudikatzen duena.

Euskarri metalikoetan margoturiko koadroak, edo «xafletan», garai hartan esaten zieten bezalaxe, estimatuak ziren gorteko bildumagileen artean. Hantxe bizi izan zen Francisco Ribalta 1581. eta 1598. urteen artean. Dirudienez, gai erlijiosoak jorratzen zituzten «xafla» txiki horiek zeregin berezia zuten otoiztegietako hornigai gisa. Hartara, Felipe III.ak Madrilgo Alkazarren zuen otoiztegia aski argigarria da; euskarri guztietan margoturiko koadroak zituen, baita Francisco Ribaltak 1612an paperean eginiko mihise baten bertsio murriztua ere, hain zuzen ere, Francisco Jerónimo Simó dohatsuaren ikusmira izeneko mihisearena (National Gallery, Londres). Kobrezko xafletan margoturiko koadro gehienak artista flandiarrenak ziren, baina bakan batzuk Italiatik ekarri ziren. Beharbada, Italiatik ekarritako artelan horiei erantzun bat eman nahian edo, Eugenio Cajés (1575-1634) eta Juan Bautista Maíno (1581-1649) gorteko artistek hainbat koadro margotu zituzten. Dokumentatuta daude, baita ere, Francisco Ribaltak bestelako euskarri metalikoetan eginiko beste hainbat lan. Bestalde, garai hartako artista valentziarrek euskarri horretan eginiko eta gaur egun ezagun zaizkigun koadro apurrek aditzera ematen digute ez zirela euskarri ohikoenak beren eguneroko jardueran.

Ziurrena, Juan Ribaltaren Artzainen adorazioa ez zen inoiz koadro independentetzat hartu, alegia, marko propioa zeukan koadrotzat, izan ere, altzari batean integraturik egon zatekeen. Bere tamainarengatik, itxurarengatik eta euskarriarengatik, aurretiaz grabatu bat egiteko xafla modura erabilia izan zela baiezta dezakegu. Edonola ere, koadroa neurri txikiko kapera bateko aldarean sartzeko margotua izan zatekeen, edo otoiztegi bateko aldarean sartzeko. Erretaula txiki bateko oinarrian ere izan lezake bere jatorria, Francisco Ribaltak maiz horrelako lanak egin baitzituen. Erretaula txikietako alde nagusietan kokatu ohi ziren koadroak laukiak edo laukizuzenak ziren arren, oinarrian zeuden irudi txikien itxura horizontala izan zitekeen. Artzainen adorazioa lanaren irudikapen txiki bat, alegia, paisaia batean txertaturiko eszena, harzurian eginiko margoek osatutako erretaula baten oinarrian dago, Antonio Tempestarena, hain zuzen ere. Ziurrenik, bezero espainiar batentzat eginiko lana izango zen. Bestalde, olioan margotzeko espreski egokitutako xafla erabili beharrean Juanek bere kobrezko xafla erabili izanak, ordurako behin baino gehiagotan erabilia, argigarria izan dakiguke. Litekeena da aukeraz baliatu izana obra txiki independente bat margotzeko.

Esan barik doa Artzainen adorazioa ez dela hasiberri baten lana. Hala ere, lan hori ustez burutu zen urtearen (1620 aldera) eta grabatua egin zen urtearen arteko lotura ez dago batere argi. Lanaren neurriak txikiak diren arren -birziklatutako kobrezko xaflaren neurriek ezinbestean inposatutakoak-, erabilitako teknika koherentea da Juan Ribaltak olioan eginiko maisulanetan erabilitakoarekin. Hori horrela izan daiteke artista ez zegoelako hain eskala murriztuan lan egitera ohituta. Esanguratsua da, baita ere, miniaturista baten ikuspegia hartu ez izana kobrezko xafletan margolan txikiak egiterakoan, garai hartan egin ohi zen bezalaxe. Oro har, margolariek azalera zurrun eta leun horren ezaugarriak baliatzen zituzten xehetasun handiko lanak islatzeko. Lanok geldiro aztertuak izatera gonbidatzen zuten ikuslea, Erroman lan egiten zuen Pietro de Lignis artista flandestarraren Erregeen adorazioa lanean ikus daitekeen moduan. Juanen lanetan, badirudi gure artistak zuzenean margotu zuela kobrezko azalera zurrunean, aurretiaz egokitze-geruzarik prestatu gabe. Hala ondorioztatzen da azalerako hainbat aldetan eginiko azterketatik, zenbait aldetan desagertu egin baita margoa. Artistak pintzel txikiak erabili ditu naturaltasun eta askatasun osoz --paisaiaren eta ibaiaren eredu oretsuan ikus daitekeen moduan--, berehalako pintzelkadak emanez kobrearen azalera xurgakaitzean. Artistaren esku leuna, batik bat, lehen planoan ageri diren bi lasto harietan antzeman daiteke, irudiaren eskuin aldean, kolore-marra fin batean daudenak, bai eta lagun duten itzalean ere.

Ribaltaren Artzainen adorazioa lanaren ezaugarri nagusia nolabaiteko «naturalismoan» datza, Patriarca Riberako elizan dagoen Giovanni Bizzelliren monumentu-erretaularengandik oso bestelakoa. Ribaltak gai berari buruz eskala handian eginiko bertsioa, Torrenten dagoena (Valentzia) hain zuzen ere , ohiturari jarraitzen dion gaueko bat da. Ohiturak agintzen duenez, Andre Mariak gauez erditu zuen. Horrek aukera eman die artistei argi-espektro osoa islatzeko. Aldiz, kobrezko bere margolanean, irudiak egunez irudikaturik daude, argi-izpirik, zeruko argirik eta inolako jainko-laguntzarik gabe. Argiztatze «errealistaren» modulazioa bereziki leuna da eszenaren narrazioaren korapiloan, non Andre Maria itzalpean irudikaturik ageri den, zutik dagoen artzain baten itzaletan, eta aldi berean argi kontra, oso argiztaturik dagoen hondoko baserriari esker.

Beharbada, 1616an Pedro Orrente (1580-1645) Valentziara joan izanak zerikusia izan zezakeen gaiari heltzeko moduarekin. Orrente ospetsua zen Bibliako kontakizunak landa-narrazioetan kontatzeagatik, Bassanoren erara. Artista horren lanetatik, Ribaltaren gurarietara gehien egokitzen zena artzainek Haurrari eginiko gurtza zen. Francisco Ribaltak bere arerioaren artearen ontasunak gutxietsi zituen arren, ziurrena Orrenteren lanak izan ziren Ribaltaren semea eszena hori gertakari «errealtzat» irudikatzera eraman zutenak. Juanen lanaren lehenengo planoan ageri den txakurra -modu bikainean irudikatu da, eta kontu bereziaz landu da bere ilearen egitura-, Orrenteren lanaren erreferentzia zuzentzat har daiteke. Azken horren ikuspegiarekin bat etorriz, Ribaltaren koadroko artzain apalen irudiek nolabaiteko itxura duina ageri dute. Bi artzain ukuilura heldu berri dira, beren bildotsak apalki eskaintzeko -Kristoren ikur-. Atso batek, heldu berria hori ere, oilo bat dakar, eta ume batek fruta-saski bat. Honetan, Torrenten aurkitutako koadroan ez bezala, ez da ageri Kristorengandik hurbil profilez irudikatutako itxura zakarreko artzainik. Hori horrela izanik, baliteke Juanek nolabaiteko ikusmen-txantxa bat egiten ahalegindu izana idiaren adarrak baliatuz artzainen izaera zakarra agerian utzi nahian, izan ere, badirudi adarrok Haurraren aurrean belauniko dagoen artzainaren burutik ernetzen direla.

Juan Ribaltak ukuilu errealista batean kokatu du narrazioa; hondoan, zeharka, nekazaritzarako lanabesak gordetzeko etxola bat ikus daiteke. Eraikuntza xume horren ezaugarriak hauexek dira: oinarrian, adreiluzko zutabe batzuk --kontrahorma egiteko zuhaitz-enborrekin--; horien gainean, egurrezko hagak, eta sabaian, adar batzuk buztinezko teilekin estalirik. Aterpearen teilatutik belar bat edo beste dago zintzilik, eta teilatuko zulo batzuetatik zerua ikus daiteke. Nabari da abereek lurzorua higatu dutela; kanpo aldeko lehen planoan, belar-sasiak hazi dira. Eskuinaldean, harriz egindako horma bat eta arku bat ikus daitezke, ziurrenik osin bat irudikatu nahian. Elementu horren irudia sinesgarri egiteko, Ribaltak aldaketak sartu zituen idiaren eta San Joseren atzeko egituraren inguramenduan; lubeta antzekoa osinaren harri-horma mailakatuaren profilarengatik ordezkatu zuen. Hormaren goiko aldean ageri diren egurrezko makilak ontziak osin barrura jaisteko erabiliak ziratekeen. Horma gainean dagoen potin zuria, berriz, pertsonek ura edan zezaten edukiontzi egokia zatekeen. Askaren aurrean dagoen platertxo zurian ura zatekeen, txakurrek edo oiloek edan zezaten. San Joseren idia eta astoa, gaiari buruzko irudikapenetan beti ageri ohi diren irudiak, eszenategi errealista horretan aurki ditzakegu baita ere. Idia atzeko hormako txinga bati loturiko soka batez loturik dago. Badirudi osinera doan koska baten gainean dagoela; hori dela eta, aberearen lepoa goraturik dago. Askatik elikatzen egon liteke, baina ziurrena da Kristoren aurrean belaunikaturik egotea, Jaunaren jaiotzaren historia kontatzeko ohiko moduarekin bat etorriz. Haurra askan dago, abereentzako lastoz beteriko askan; beste ezaugarri tipiko bat.

Lanaren espazioaren antolaketa bikainak, ikuspegi zabal batean irudiak kokatzen jakiteari dagokionez nahiz dimentsioak zehazten jakiteari dagokionez, iradokitzen du margolana formatu handiago batera eraman litekeela, koherentzia plastikorik batere galdu gabe. Gauza bera gertatuko litzateke irudiekin, beren mugimenduak eta keinuak argiak eta ulerterrazak baitira. Hori antzeman daiteke, adibidez, makila batean sostengatzen ari den artzainaren jarreran, ezker oina eskuinekoaren gainean duela. Narrazioari dagokionez, Juanek eszenaren ardatz neuralgikoarekin konektatzen ditu irudi guztiak, non Andre Mariak jaioberria erakusten dien artzainei. Irudi ezberdinen arteko harremana eta batasuna bermatze aldera, artistak keinu gehiegitxo erabili du agian: ume batek bidea erakusten die heltzen doazen artzainei, belauniko dagoen artzain batek Haurra erakusten dio lagun bati, eta San Josek gauza bera egiten du bi bidaiderekin.

San Josek jantzi «historiko» eta intenporala darama soinean, urdina eta berdea. Andre Mariak tunika morea darama, eta mantu urdina, Haurra estaltzeko darabilena. Artzainek, ordea, garaiko nekazarien jantziak daramatzate soinean. Zentzu horretan, Ribaltak Orrenteren eredua jarraitu duela ematen du, izan ere, Orrenteren lanetan gai biblikoak jantzi garaikidez jantzitako irudi apalekin gaurkotzen dira. Ribaltaren koadroan, erdiko artzainak txapel gorria darama. Txapelaren gorritasunak lanaren ardatz narratibora erakartzen du ikuslearen arreta. Gona motzeko maukadun jantzia darama soinean, eta gerrikotik zintzilik ura eramateko kalabaza bat darama. Dena den, bestelako jantzi laburrak ere, adibidez artzainek jantzi ohi duten jipoia, berdin-berdin hartuko zituzketen nekazarien ohiko jantzitzat hiriko ikusleek.

Artzainak ortozik doaz, beren txirotasunaren erakusle garbia, eta testuinguru horretan, Kristoren jarraitzaile apalen «apostolu»-bertutearen adierazgarri nagusi. Ortozik dauden hiru irudien galtza motzak ere higaturik eta gastaturik ageri dira, baita Haurra atseden hartzen dagoen zapi zuria ere. Okre-koloreko pigmentu ukitu batek belauniko dagoen artzainaren praka zuriaren zulo batetik ikus daitekeen izter-zatia iradokitzen du. Bildotsa daraman artzainaren praka gorriaren hankarteko urradurak agerian uzten digu zuri koloreko azpiko arropa. Atsoak xal marroia darama tunika luze berde baten gainean, praka gorria eta oinetakoak. Jaka gorria, praka berdea eta oinetakoak janzten dituen irudia taldera batu berria da. Artzain batek Haurra seinalatzen du belauniko jartzen den bitartean berori gurtzeko. Adierazi dugun bezalaxe, San Josek ere Haurra erakusten die bi bidaideri. Bidaideetako batek artzain-makila eta tintatu gabeko artilezko txanoa darama. Txanoaren ehuna eta ertz higatuak nabarmentzeko, pintzelkada linealak erabili ditu40. Beraren praka zulo-bordatuak, modaz kanpokoak, higaturik ageri zaizkigu orain; azpian leotardo grisak daramatza, azpiko aldean soka batez loturik, eta oinetako apurtuak. Eskuineko lagunak, txaleko gorriz eta marradun eta borladun xalez jantzitakoak, jakinminez begiratzen du askarantz. [Peter Cherry]

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 28, n° cat. 78. (Con el título La adoración de los pastores, y atribuido a Juan de Ribalta)
  • Fitz Darby, Delphine. Francisco Ribalta and his School. Cambridge, Harvard University Press, 1938. pp. 78 y siguientes. (Obra no encontrada en Biblioteca. No hay fotocopias)
  • Lafuente Ferrari, Enrique. Breve historia de la pintura española. Madrid, Tecnos, 1953. p. 248.
  • Angulo Íñiguez, Diego. Pintura del Siglo XVII. Madrid, Plus-Ultra, 1958. p. 60.
  • Gaya Nuño, Juan Antonio. La pintura española en los museos provinciales. Madrid, Aguilar, 1964. pp. 171-173.
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 96, n° cat. 205. (Con el título La adoración de los pastores, y atribuido a RIBALTA, Juan).
  • Angulo Íñiguez, Diego ; Pérez Sánchez, Alfonso Emilio. Historia de la pintura española : escuela toledana de la primera mitad del siglo XVII. Madrid, Instituto Diego Velázquez, 1972. p. 301. (catalogada dentro de la obra de Orrente). N° cat. 208
  • La Navidad en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1980. pp. 16-17, lám. 6.
  • Kowal, David Martin. The life and art of Francisco Ribalta, 1565-1628. Ann Arbor, Michigan, University of Michigan, 1981. fig. 46 y 47, pp. 809-810.
  • Kowal, David Martin. Ribalta y los ribaltescos : la evolución del estilo barroco en Valencia. Valencia, 1985. pp. 273-275. N° cat. J2-J3
  • Benito Domenech, Fernando. Los Ribalta y la pintura valenciana de su tiempo [Cat. exp.]. Valencia, Diputación Provincial de Valencia, 1987. p. 234, fig. 66.
  • Tesoros del Museo de Bellas Artes de Bilbao : pintura, 1400-1939 [Cat. exp.]. Madrid, El Viso, 1989. pp. 47-48, n° cat. 9.
  • Capolavori dal Museo di Bellas Artes di Bilbao [Cat. exp.]. Roma, Leonardo-De Luca, 1991. pp. 28-29, n° cat. 5. (Con el título L'Adorazione dei pastori, y atribuido a Juan Ribalta)
  • Galilea Antón, Ana María. Catalogación y estudio de los fondos de Pintura Española del Museo de Bellas Artes de Bilbao del siglo XIII al XVIII (de 1270 a 1700) [tesis inédita]. 1993. pp. 689-697. (Con el título 'Adoración de los pastores' (parte anterior) y 'La Predicación de San Luis Beltrán a un grupo de gentiles' (parte posterior), y atribuido a Juan Ribalta)
  • Galilea Antón, Ana María. Catalogación y estudio de los fondos de Pintura Española del Museo de Bellas Artes de Bilbao del siglo XIII al XVIII (de 1270 a 1700) [tesis inédita]. 1993. pp. 379-381, figs. 285, 285a, 285b. (Con el título Adoración de los pastores (Parte anterior) y La Predicación de San Luis Beltrán a un grupo de gentiles (Parte posterior), y atribuido a Juan Ribalta)
  • Galilea Antón, Ana María. "La colección de Pintura Española anterior a 1700 en el Museo de Bellas Artes de Bilbao", Urtekaria 1994 : asterlanak, albistak = Anuario 1994 : estudios, crónicas. 1995. pp. 12, 35, 41. (Con el título Adoración de los pastores (parte anterior) y La Predicación de San Luis Beltrán a un grupo de gentiles (parte posterior), y.
  • Spanyol Mestermüvek a Bilbaói Szépmüvészeti Múzeumból [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao ; Banco Bilbao Vizcaya, 1996. pp. 68-70, n° cat. 7. (Con el título Pásztorok imádása (elsö oldalán) = La Adoración de los pastores, y atribuido a Juan Ribalta)
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Museo de Bellas Artes de Bilbao : maestros antiguos y modernos. Bilbao, Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa = Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa, 1999. p. 100.
  • Zugaza, Miguel ... [et al.]. Maestros antiguos y modernos en las colecciones del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2001. p. 40.
  • Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. p. 58.
  • Musée des Beaux Arts de Bilbao : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. p. 58.
  • Bilbao Fine Arts Museum : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. p. 58.
  • Cherry, Peter. "Artzainen adorazioa, Juan Ribaltarena : Sakoneko begirada = La Adoración de los pastores de Juan Ribalta : una mirada en profundidad = A closer look at Juan Ribalta's The Adoration of the Shepherds", B'08 : Buletina = Boletín = Bulletin, n° 4. 2009. pp. 67-99.
  • Museo de Bellas Artes de Bilbao : guía. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2011. p. 58, n° cat. 40.
  • Bilboko Arte Ederren Museoa : gida. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2012. p. 58, n° cat. 40.
  • Bilbao Fine Arts Museum : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. p. 58.
  • Musée des Beaux Arts de Bilbao : guide. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. p. 58.
  • 110 Años 110 Obras [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 98-99, sin n° cat.
  • 110 Ans 110 Oeuvres [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 98-99, sin n° cat.
  • 110 Urte 110 Artelan [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 98-99, sin n° cat.
  • 110 Years 110 Works [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 98-99, sin n° cat.