Aromen jokorako kutxa, pinu, banbu eta aranondoekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Aromen jokorako kutxa, pinu, banbu eta aranondoekin

Anonimo japoniarra. XIX. mendearen lehen erdia

Lakatua

11,7 x 18,9 x 11,9 cm

XIX. Mendearen lehen erdia

82/1098

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Altuera txikiko estalkia duen kaxa, gorputzaren ahoan atzera eramandako oinean sartzen dena. Intsentsuen usainak asmatzeko jokorako (kodo) beharrezkoak ziren tresna guztiak gordetzeko erabiltzen zen: ezpal usaintsuak zatitzeko tresnak, intsentsuak gordetzeko kaxatxoak, su txikiak, fitxak, emaitzak idazteko taula eta abar. Jatorrian beste azpil bat izango zuen beheko aldean. Kobubako deritzo kaxa mota horri.

Laka beltzez tratatuta dago, gainean makie teknikaz landutako urre koloreko dekorazioa. Lurzoruaren mailatik gora hazten diren pinuak, banbuak eta aranondoak dira motibo horiek. Urre eta zilar hautsak nahasita lortzen dira urre tonalitate ezberdinak, eta urre hautsaren tamaina ezberdinak erabiltzen dira, oso txikiak, ez hain txikiak eta metal bereko zati karratuak (kirigabe) ere bai. Gaur egun grisak diren hostoak eta loreak zilar kolorekoak ziren jatorrian. Lan fina da, makie teknika tradizionalari jarraiki egina da.


Apainduretan bi familia heraldika (mon) mota bereizten dira. Moriyamamitsu-aoi deritzonak malbaren hiru hosto ditu oktogono baten barruan bilduta, eta maru-ni-hidari-manji deritzona ezkerretara begira dagoen esbastika bat da zirkulu batean bilduta. Aurrenekoa Tokugawa familiaren kide batzuena izango zen. Bi heraldikaren presentziak salatzen du kaxa hau, eta ustez kodo jolaserako behar den tresneria guztia, ezkontza baten harira landuak direla, segur asko emaztegaiaren ostilamendua osatuko zuen objektua dela, Edo Arokoa, ziurrenik XIX. mendekoa. Objektu hau ezinbestekoa zen goi mailako edo jauntxo feudalen mailako emaztegai batentzat. (Yayoi Kawamura, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 427-428, 528, 532-533, 540, n° cat. 141.