Erakusketa: París eta Surrealistak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2005-06-20 • 2005-09-18

París eta Surrealistak

BBK Aretoa

Erakusketak surrealismoko ia ehun artistak egindako hirurehun eta berrogeita hamar pieza baino gehiago jartzen ditu ikusgai. Izan ere, surrealismoa XX. mendeko sorkuntza mugimendurik nagusienetakoa izan zen.

Erakusketako aurkikuntza eta lanen ikuspegi estetikoarekin batera, taldearen mentalitatetik bertatik mugimenduaren planteamendu teorikoetara hurbiltzeko aukera dago, zenbait atalen bitartez artista hauei interesatu zitzaizkien gai nagusiak jorratzen dira eta. Era berean, interes bereziz erakusten du zein izan zen gerra arteko Pariseko testuinguru artistiko eta intelektuala, hau da, surrealismoaren garai gorena. Hiria da erakusketa osatzen duten lanen arteko lotura, izan ere, lan horiek Frantziako hiriburuan inspiratu ziren edo bertan sortu, erakutsi edo bildu ziren.

Paris eta Surrealistak erakusketa hirurehun eta berrogeita hamar pieza baino gehiagoz dago osatuta, tartean daudela margoak, eskulturak, argazkiak, aurkitutako objektuak, collageak, antzinako artea, arte herrikoi eta naifa, idatzitako dokumentuak eta soinu dokumentuak, pelikulak eta abar, denak ere, André Breton buru zuen mugimenduaren garapenerako oinarrizkoak ziren zenbait gairen inguruan egituratuta. Automatismoa, ametsa eta inkontzientea, izugarrikeria, zoria, zoramena edo teknika artistiko berriak dira gai horietako batzuk.

Lan sorta zabalak hasierako manifestuen izaera urratzailea erakusten dio publikoari, bai eta sortzaile eta diziplina artistikoen arteko loturak, garai hartako politikarekin zuten harreman zaila eta, mugimenduaren modernotasuna eta indarra agerian utziz, obra surrealista ugarik denboraren muga zehatzetatik at utzi duten aztarna ere.

Erakusketaren komisarioa eta arte kritikari ospetsua den Victoria Combalíak aukeratutako artisten artean (ia ehun, aitzindarietatik protagonistetara), Yves Tanguy, Francis Picabia, Man Ray, Victor Brauner, Roland Penrose, Giorgio de Chirico, Jean Arp, Óscar Domínguez, Alberto Giacometti, René Magritte, Dorothea Tanning, Remedios Varo, Lee Miller, Meret Oppenheim, Salvador Dalí, Marcel Duchamp, Max Ernst, Dora Maar eta Joan Miró daude.

Aurreko mendeko bigarren hamarkadaren amaieran, Lehen Mundu Gerraren hondamendien ostean, margolari, argazkilari, zinema zuzendari, idazle eta aktibista ugari Parisera joan zen. XIX. mendetik artearen hiriburutzat hartua izan den hiriak erakarrita, iraultza bisual eta ideologikoa katalizatzeko gai izan ziren.

Une hartatik aurrera, hirurogeiko hamarkada oso aurrera joan arte, surrealisten mugimenduak sormen eferbeszentzia handia sortu zuen, eta eraldaketa izugarria, ez soilik irudien esparruan, ezpada ideien esparruan ere, urraketa moraletik konpromiso politiko iraultzailera. Erakusketak arreta berezia eskaintzen die surrealismoak bere harrera-hiriarekin zituen loturei, eta, zehatzago esateko, surrealistek Parisi buruz eman zuten ikuspuntuari. Eta hori, hiriko zenbait espazioren aldarrikapenaren bitartez: esate baterako, igarobideak, merkatu eta azokak, kafetegiak, zenbait monumentu publiko, argidun iragarkiak, zirkua edo kabaretak.

Kronologiari begiratuta, mugimenduak 1919an izan zuen hasiera, lehenengo obra surrealista izan zen Les Champs magnétiques argitaratu zenean. Lan hori “idazketa automatikoaren” esperimentua zen, eta Philippe Soupault eta André Bretonek, mugimenduaren ideologo nagusiak, eraman zuten aurrera. Mugimenduaren amaiera 1966an dago, Breton hil zen urtean. Baina surrealismoaren bizitasun eta eragin harrigarriak muga horietatik harago ere joan ziren, eta “surrealista” terminoa bera gure ohiko hizkeraren parte izatera heldu da, eta genero guztietako obra ugaritan antzeman daiteke surrealismoaren eragina: erakusketan Leonora Carringtonen Zaldia marrazkia ere badago, 1997koa.

Abangoardiako beste mugimendu artistiko batzuetan ez bezala, surrealismoak ez zituen bere jomugak estilo jakin batean katalizatu: formari buruzko ezaugarrien gainetik, manifestazio artistiko ugari bildu zituen bere baitan, baina denak zeuden lotuta espiritu komun batez, pentsatu eta sentitzeko modu berri batez, artearen eta bizitzaren arteko erlazioa ulertzeko modu batez. Marxetik hasita eta Freudenganaino, Sadeko markesa ere tartean sartuta, surrealistek gauza ezohikoak, ustekabekoak, haurtzaroa, eldarnioa, sena, tabuak, imajinazioa, ametsen mundua... aztertu zuten; hau da, arrazoiaren barruan sartzen ez zen beste guztia. Surrealismoak indibiduoaren askapen osoa lortu nahi du, eta, Bretonen hitzetan, “argi honek hiru bide baino ez ditu ezagutzen: poesia, askatasuna eta maitasuna”.

Modu horretan, artistaren eta ikuslearen barrualdea esploratzeko metodo bezala, artista surrealistek teknika eta baliabide berriak asmatu zituzten: collagea, frottagea, “idazketa automatikoa”, “hilotz dotoreak”, “objektu-poemak” edo “aurkitutako objektuak”. Mugimenduak arreta handia jarri zuen argazkien eta zinemaren gainean, eta, hori dela eta, leku berezia dute erakusketan. Modu horretan, olio aipagarrien alboan, publikoak gutxitan ikusitako objektu, dokumentu, film, soinu eta formatu txiki eta ertaineko material ugari dago ikusgai erakusketan, gehienak bilduma partikularretatik eskuratutakoak.

Erakusketa hemeretzi esparruren inguruan dago egituratuta. Hasieran, protagonisten erretratuen galeria bat dago, gehienak Man Rayk ateratakoak, “Talde bizitza” delakoan bilduta. Ondoren, mugimenduaren “Aurrekariak” atalari eskainitako saila dator, eta, bertan, Goya, Piranesi, Moreau –Bretónen lehenengo lilura artistikoa- eta De Chiricoren lanak daude (azken hori, Musa kezkagarriak margo metafisiko enblematikoarekin, 1925). Freuden ikerketetatik abiatuta aztertu ziren ametsaren aukera askatzaile eta sortzaileak, berriz, Roberto Matta, Francis Picabia, Yves Tanguy, Víctor Brauner eta Dalíren lanetan ikus daitezke. Miró, Masson eta Unica Zürnen obrek zenbait kontzeptu surrealista erakusten dute, esate baterako, “Automatismoa” deritzon kontzeptua, hau da, pentsamenduak adierazten duena, arrazoiaren, estetikaren edo moralaren beste edozein eraginetatik aparte. Beste kontzeptu horietako bat “Zori objektiboa” da, eta tresna eta gertakari erabakigarrien topaketa, itxuraz kasuala.

1919an, Freudek “Bitxikeria kezkagarria” saiakera ospetsua idatzi zuen –tresna edo egoera ezagunak testuinguru arraroetan elkartzean sortzen den larritasunari buruz-, eta gero, gai hori Magritte, Toyen, Óscar Domínguez eta Dorothea Tanningen lanetan presente egongo zen (azkenaren kasuan, 1943ko Gaueko serenatatxoa lanean). “Miresgarria, ezkutukoa, mitologikoa eta zoramena” gaien inguruko mirespena, besteak beste, Eugenio Granell, Óscar Domínguez (Ehiztaria, 1933), Matta, Magritte (Minotaureren azalerako proiektua, 1937) eta André Massonen lanetan ikus daiteke.

“Beldurgarri bikaina” atalak Maruja Mallo eta Óscar Domínguezen marrazkiak eta Bellmerren argazkiak ditu, eta “Itxuragabea” Brassaïren argazkietan islatzen da. Argazki horiek, 1933an, Minotaure aldizkarian argitaratu zirenean, Dalík “nahi gabeko eskultura” izena eman zien.

Man Rayren Beltza eta zuria (1926) ezaguna barne hartzen zuen “Sorgina eta musa” atalak garrantzia dauka erakusketa honetan, emakume artisten rola agerian jarri nahi baitu. Meret Oppenheim, Dorothea Tanning, Remedios Varo, Maruja Mallo, Leonora Carrington (Partridge andre defuntuaren erretratua, 1947), Toyen, Kay Sage, Valentine Hugo, Leonor Fini, Hielen Agar margolariek eta Dora Maar, Claude Cahun eta Lee Miller argazkilariek, denak emakumeak, modu aktiboan hartu zuten parte surrealisten taldearen jardueretan, baina euren lan asko ez ziren kontuan hartu laurogeiko hamarkadara heldu arte.

“Eros surrealista” delakoak oso irudi delikatuak ditu: esate baterako, Man Rayren Ingresen biolina (1924), eta askoz ere esplizituagoak diren beste zenbait. “Begirada eta mozorroa”, surrealismoaren ohiko gai bi, Tanguy, Remedios Varo, Dalí (Rapsodia modernoa. Zazpi arteak, 1957), Man Ray, Cahun eta Picabiaren lanetan agertzen dira. Beste atal batzuetan, surrealistei interesatu zitzaizkien beste zenbait gai agertzen dira: “Artea eta konpromiso politikoa”, “Natura surrealista” edo “Paris surrealista”, Brassaï, Lee Miller eta Cartier-Bressonen irudietan ikus daitezkeenak.

“Begirada surrealista. Erakusteko beste modu bat” atalak erakusketa surrealista ezohiko eta, sarritan, probokatzaileei buruzko dokumentuak biltzen ditu, eta “Bizitza aldatu. Tabuen kontra” atalak, berriz, surrealistek ohikoaren kontra zuten borroka laburbiltzen du, Dalíren 1930eko Eskua-Kontzientziaren harrak mihisean.

“Objektu enigmatikoa” atalean bildutako teknika artistiko berriek eta, batez ere, “hilotz dotorearen” teknikak –modu kolektiboan egindako lanak dira: beste artista batek hasitako lanarekin jarraitzen da, hark lortutako emaitza ikusi gabe-, eta objektu mota guztiekiko pasio fetixistak –objektu aurkituak, eraldatuak eta beste kultura batzuetatik ekarritakoak- erakusketako azken atalari zabaltzen diote bidea, non bildu baitira, besteak beste, Magritte, Tanguy (Egun motela, 1937), Joan Miró (Surrealismoaren Nazioarteko Erakusketarako Frisoa (superstizioa-sugea), 1947), Giacometti, Arp, Duchamp eta Dora Maarren (Izenbururik gabe, 1934) lanak, surrealistek metamorfosiarekiko zuten lilura erakusteko.

Azkenik, surrealismoaren motibazioei buruzko begirada kaleidoskopikoa osatzeko, dokumentu sorta garrantzitsu bat -liburuak, katalogoak, aldizkariak, liburuxkak, panfletoak, gonbidapenak...- eta ikus-entzunezko sail bat dago, gogoratzeko zelan, 1925eko Manifestu kolektibo batean adierazi zen moduan, surrealismoa “espiritua eta antzeko beste edozer guztiz askatzeko bitartekoa” zela.

 

En la imagen:
Óscar Domínguez (1906 - 1957)
Le chasseur (Ehiztaria), 1933
Olioa mihisean, 61 x 50 cm
Bilboko Arte Ederren Museoa

Babeslea:

Beste laguntzaile batzuk: