Erakusketa: Natura hila zerbitzariarekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2009-01-16 • 2009-03-29

Natura hila zerbitzariarekin

7. aretoa

Obra Gonbidatua Bilboko Arte Eder Museoaren programa originala da, zeinen bitartez publikoari beste museo edo bilduma batzuetako obra bereziak helarazi nahi baitzaizkio, Museoaren bilduman dauden egileen ikuspegia aberasteko edo sekula erakutsi gabeko egileen lanak erakusteko. Erakusketa monografikoen serie hau 2001ean hasi zen, eta, 2004tik hona, Banco Santander Fundazioaren babesa dauka.

Paul de Vosek (Hulst, 1596-Anberes, 1678) Anberesen ikasi zuen, eta, han, Frans Snydersen dizipulua izan zen, besteak beste. Gero, Rubensekin ere aritu izan zen lankidetzan. Animalien eta natura hilen pinturan espezializatu zen; teknika zehatzez eta kolore aberatsez pintatzen zituen, eta ezaugarri bi horiek Natura hila zerbitzariarekin oparo honetan ere ikus daitezke. Lana martxoaren 29rarte egongo da ikusgai Museoko Eraikin Zaharreko 7. aretoan.

 



Mahai-oihal gorriko mahai baten gainean, zenbait jaki, fruta, barazki eta itsaski daude, bai eta brontze bozelduko eltze bat ere. Lapikoaren ertzean, bi txita daude hegoak astintzen, eta, hondoan, basurde-buru bat dago zirriborratuta. Beheko beste muturrean, bizirik dauden animalia bi (txakur bat eta katu bat) janariagatik lehian ari dira, eta jarrera pasiboa duen zerbitzari batek betetzen du ezkerraldeko alboa.

Itxura batean desordenatuta dauden formen diagonal argiak eta lehenengo planoan untxiz beteta dagoen saskiak ondo erakusten du zelako eragina zeukan Rubensek Anbereseko eskolako dizipulu eta jarraitzaileengan. Adarzabal hilak eta beltxarga zuriak Snydersen konposizioak gogorarazten dituzte, Belgikako Erret Museoetan (4.951. zk.), Marseillako Museoan eta Anberesko Hertveld Galerian dauden zenbait konposizio ezagun kontuan hartzen baditugu. Partzialki baino ez bada ere, analogia aipagarriak daude Schörboern Bilduma zaharreko margoekin (Londresko Sotheby's etxean saldu zen, 1962an); desberdintasun nagusiak neskaren aurpegian eta adarzabalaren buruan daude. Izan ere, bertsio honetan, adarzabalaren burua dilindan dago, pisurik gabe, eta Snydersen lanetan, berriz, mahai baten gainean egoten da.

Paul de Vos Snydersen eskemen menpe zegoen, eta horrek justifikatu egiten du haren lanak Rubensen lankide eta Brueghelen dizipuluari (Espainian arrakasta handikoa zen) egotzi izana prezeptisten testuetan. Alabaina, Palominok Paul de Vosen izena ere aipatzen du, maila bereko margolaria zelako eta Rubensen kolaboratzailea ere bazelako.

Edozelan ere, margo hau Snydersen dizipulu izandako Paul de Vosena da, zeina, era berean, espezialista baitzen animalien pinturan eta natura hiletan. Maisuarengandik jasotzen zuen eraginaren ondorioz, kritikariak beti nahastu dira zenbait lanetan. Horien artean dago Pradoko Museoko Sukaldaria despentsan (1.765. zk.) lana; katalogo ofizialetan Snydersi egozten zaio, tailer gisa (1976koan), eta duela gutxi Paul de Vosena dela onartu da (El siglo de Rubens en el Museo del Prado, Madril, 1995). Era berean, Alcázarren, Cierzoko galerian (Y. Bottineau: «L´Alcázar de Madrid et l´inventaire de 1686», Bulletin Hispanique, 58, 1958) eta Buen Retiro Jauregian (1686an eta 1700ean) Snydersen izenean inbentariatu zen.

Paul de Vosen bilakaera, bere lehenengo etapan, hurbil egon zen Snydersengandik, eta forma solido eta konpaktuak egitetik, helduaro pertsonalera heldu zen; garai hori aberatsa izan zen alderdi atmosferikoetan, eta diseinu arinak egiten zituen, arlo estetikoetan maisua gainditzera ere heldu zelarik. Estudioko erreplikak, berriz, lan berritzaileak ziren, kalitate handikoak, modu ederrean egindakoak eta kolore distiratsukoak.

Aipatzen ari garen lan honen antzekoak diren Paul de Vosen beste margo batzuk aipatzearren (aurretik Snydersi egotzitakoak, horiek ere), badaude zenbait ale Valencienneseko Museoan (102. zk.), Château des Carrièresen eta Madrilgo bilduma pribatuetan (Christie's, Londres, 1819, VII, 1974, 210. zk.; M. Díaz Padrón: Archivo Español de Arte, 1986, 146. or.). Txakurrak eta katuak osatzen duten multzoa Pradoko Museoko Natura hila lanean (1.767. zk.) dago islatuta. Lan hori Leganéseko markesak Felipe IV.ari egindako dohaintza da.


Matías Díaz Padrón

 

Paul de Vos (Hulst, 1595 – Amberes, 1678)
Natura hila zerbitzariarekin, 1668
Olioa mihisean, 187 x 216 cm
Santander bilduma

Babeslea: