Erakusketa: Mikel Díez Alaba - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2014-01-24 • 2014-04-28

Mikel Díez Alaba

Denbora iraganez

33. aretoa, Arriaga galeria eta kanpoaldea

Museoaren erakusketa-ildo bereizgarrietako bat joan den mendeko berrogeiko hamarkadan jaio eta hirurogeita hamarreko hamarkadan ezagutzera eman ziren euskal artisten obran dago oinarrituta. Ideia horrekin, eta formatu ertaineko erakusketen eta katalogoen bitartez, besteak beste, José Ramón Anda (Bakaiku, Nafarroa, 1949) eskultorearen edo Daniel Tamayo (Bilbao, 1951) eta Ramón Zuriarrain (Donostia, 1948) margolarien azkenaldiko lana aztertu da azken urteotan, zabalkunde-lana egiteaz gain.

Funtsezko belaunaldia da euskal arte garaikidearentzat; izan ere, beraiek heldu arte, abstrakzioa zen nagusi, aldagai geometriko edo informalistan. Artista horiek figurazioa sartu zuten, neurri handi batean pop art mugimenduko irudietatik eta baliabideetatik eratorrita, baina euren lanaren agerpen askok aurreko belaunaldian jarraitzen zuten iltzatuta. Mikel Díez Alaba (Bilbao, 1947) garai hartako margolari nagusietakoa da, bai duen originaltasunagatik eta bai errepertorio propioa egiteko erabili duen kalitate teknikoagatik.

Mikel Díez Alaba. Denbora iraganez erakusketa BBK Fundazioaren babesari esker antolatu da, eta, bertan, 33 artelan bildu dira guztira, gehienak mihisean edo paperean pintatutako akrilikoak, azken hiru urteotan egindakoak. Batez ere, museoko 33. aretoan daude, eta, lan horien artean, artistak “minimoak” deitzen dien neurri txikiko 144 margolanez osatutako pieza murala dago. Beste espazio batzuetan, Arriaga galerian edo museoaren kanpoaldean esaterako, originalen inprimatze birdimentsionatuak daude; horietako batzuk aretoan daude ikusgai. Azkenik, arte garaikidearen atalean, beste artelan bat dago Balerdi eta Sistiaga euskal margolarien obrekin elkarrizketan; azken horietan, Díez Alabaren lanean bezala, abstrakzioari lotutako pintzelkadaren bat-batekotasuna nabaritzen da.

Erakusketa osatzen duten piezek, batez ere, paisaiak islatzen dituzte. Heldutasun artistiko beteko lanak dira, eta Díez Alabak berak aukeratu ditu, harmonia eraikitzeko asmoz; modu horretan, bere margolanetako trazu biziek kontenplaziozko jarrera pizten dute ikuslearengan, eta naturari buruz hausnartzera bultzatzen dute.

Mikel Díez Alaba 1947an jaio zen, Bilbon. Artearen alorrean bere jaioterrian trebatzen hasi ostean, Valentziara eta Madrilera bidaiatu zuen, hurrenez hurren, San Carlos eta San Fernando Arte Ederren goi eskoletan ikasketak osatu ahal izateko. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Parisera joan zen, Juan March Fundazioaren beka bati esker.

Hasierako urte haietan, kritika sozialean oinarritutako obrekin eman zen ezagutzera. Lanok figura distortsionatuak irudikatzen zituzten, soiltasun latz eta zakarreko agertokietan. Pintura figuratiboa da, kutsu inpresionistakoa eta eragin britainiarrekoa –Bacon, Hockney edo Peter Blake–, eta modu ironikoan eta egonezin existentziala ezkutatu gabe kritikatzen ditu testuinguru soziala eta burgesiako ohiturak eta pertsonaiak.

Alabaina, garai hartako gertakariekin solasean aritutako hura laburra izan zen, eta, 1974tik aurrera, norabidez aldatu zuen bere obra. Une hartatik aurrera, ia erabat desagerrarazi zuen giza figura bere errepertoriotik, eta abstrakzio espresionistarantz bilakatu zen, kromatismo indartsua eta trazu gogorra erabiliz. Teknika horrekin, egitura geometrikoak deskribatzen ditu, batzuetan apur bat kutsu arkitektonikoa emanez, eta lerro beltz, gorri, zuri eta horiak egiten ditu, action painting delakoaren keinu bizi eta irrazionalarekin inprimatuta. Garai hartan erakusketa kolektibo zein indibidual ugari egiten hasi zen, eta, gaur egun ere, Díez Alabak horrela jarraitzen du.

1976tik aurrera, funtsezko beste aldaketa bat gertatu zen bere pinturan; izan ere, zehaztu gabeko eta gauetako irudi urbano horiek albo batera utzi, eta eguneko argia eta natura ikertzen hasi zen, modu horretan bere estiloa formalki berrituz. Beti keinu bidezko teknika eta kromatismo distiratsua erabiliz, landare-itxurako abstrakzioak deskribatzeko interesa piztu zitzaion, eta irudi horiek paisaia zabal izatera pasatu ziren handik gutxira. Hasieran, irudiok paisaiagintza erromantiko alemaniarra gogorarazten zuten, teknika zaindu eta gardenez egindako zuhaitz eta landareengatik. Baina, handik gutxira, ukitu surrealistagoa hartu zuten, eta, batzuetan, lan horiek Mattaren pinturaren kolore-erabilera espantsiboa eta agertoki surrealistak gogorarazten dituzte. Era berean, garai hartan Jorge Oteizaren pentsamendua deskubritu zuen, eta horrek esperientzia artistikoari buruz zeukan kontzepzioa baldintzatu zuen, ezagutzarako bide gisa; gainera, bere obren lanketa-prozesu geldo eta zorrotzaren funtsezko garrantziaz ere jabetu zen.

Hala ere, hurrengo hamarkadaren hasieran, 1981ean, Menorcara joan zen bizitzera. Horrek betiko aldatu zuen bere margolaritza, eta Balearretako argia eta paisaia nagusitu ziren bere lanetan. Une hartatik aurrera, margolariaren inguruko paisaia natural berriak bereganatu zuen haren interes sortzaile osoa. Modu horretan, kolorea lirikoa eta erabatekoa bihurtu zen, bizitasunez betea; keinu bidezko teknika, berriz, kontrolatuagoa eta abstraktuagoa izatera pasatu zen, eta itsasoaren eta zeruaren xehetasunak jaso zituen, abstrakzioaren eta figurazioaren arteko oreka edo tentsio pertsonalean.

Bere konposizioak atmosferikoak dira, asmo deskriptiborik gabeko teknikarekin egindakoak, eta keinu zabalak eta kolore arinak erabiltzen ditu, batzuetan gardenak ere bai, ekialdeko kaligrafiaren kutsua eta moduak gogoraraziz. Apurka-apurka, formak definituz joan dira eta kromatismoa aberastu egin da. Horrek agerian uzten du margolariak bere inguruko espazio irekiekin duen harremana, eta paisaiagintzaren abstrakzioan eta giro surrealean oinarritutako mundu propioa erakusten du. Geroztik, bere lan-ildo egonkorra izatera heldu da hori.

 

Irudian:
Equinoccio de otoño (Udazkeneko ekinozioa) (detalle), 2012
Akrilikoa montval paperean. 150 x 150 cm
Artistaren bilduma

Babeslea: