Erakusketa: Maleta mexikarra - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2012-02-27 • 2012-06-10

Maleta mexikarra

Capak, Chimek eta Tarok Espainiako Gerra Zibilari buruz egindako negatiboen berraurkikuntza

32. Aretoa

1995ean, Mexiko Hirian 165 argazki-film zituzten hiru kutxa agertu ziren; horietan, balio dokumental izugarriko ia 4.500 argazki zeuden bilduta, Robert Capak (Budapest, 1913–Tyhai Binh, Indotxina, 1954), David Seymour "Chim"-ek (Varsovia, 1911–Suez, 1956) eta Gerda Tarok (Stuttgart, 1910–Brunete, Madril, 1937) Espainiako Gerra Zibilean ateratako argazkiak, hain zuzen ere. "Maleta mexikarra" izenarekin ezagutzen dira, eta, 1939az geroztik, galdutzat eman izan ziren. 2007an, negatiboak New Yorkeko ICPra heldu ziren, zeinak, azterketa zehatza egin ostean, XX. mendeari dagokionez berreskuratutako negatiboen multzo garrantzitsuena ezagutarazten duen erakusketa ibiltari hau antolatu baitu.

Aukeratutako lanen artean 70 argazki inguru daude (horietatik, 50 garaiko kopiak dira), bai eta zenbait serie osoren handitutako 101 kontaktu-orri moderno ere. Hori guztia, bi ikus-entzunezko eta jatorrizko material dokumentalarekin batera, argazkien testuingurua eta argazkiek argitaratu ziren garaian sortu zuten inpaktua ulertzen, eta, era berean, Capak, Chimek eta Tarok Espainiako geografiatik egin zuten ibilbidea jarraitzen laguntzen duten zenbait esparrutan antolatuta. Gehienak, bi heren baino gehiago, orain arte erreproduzitu gabeko irudiak dira.

Argazkiek gerraren drama erakusten dute, bai eta gerraren ondorio izugarriak gorabehera garatzen den eguneroko bizimodua ere: mitinak eta desfile militarrak, bonbardaketak hirietan eta borrokak frontean, zaurituak ospitaleetan eta gorpuak gorputegian, erbesteratuak eta kanpainako mezak. Orain arte argitara atera gabe zeuden erretratuak ere erakusten dira; besteak beste, Ernest Hemingway, Federico García Lorca, Rafael Alberti, André Malraux edo Dolores Ibarruri "Pasionaria"-renak. José Antonio Aguirre Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariaren erretratu bat ere badago, Bilboko Carlton Hotelean zuen bulegoan zegoela, eta, atzealdean, Julián de Tellaecheren koadro bat ikusten dela. Koadro hori museoaren bildumakoa da, hain zuzen ere. Irudi hori Euskadiri eskainitako espazioan 8 kontaktu-orrirekin batera ikusgai dauden 20 irudietako bat da. Chimek atera zituen 1937ko urtarrilaren eta otsailaren artean, Bilbon eta Bizkaiko Güeñes, Amorebieta-Etxano, Berriatua, Gatika, Bermeo, Lekeitio eta Gernika herrietan.

Capa, Chim eta Taro gazteak zirela hil ziren gerra-eszenatoki desberdinetan. Gerda Taro, maila pertsonalean Caparekin erlazionatuta egon zen, garai hartako lehenengo emakumezko fotokazetarietako bat izan zen. Gerra-kazetaritzaren hiru aitzindari hauek kausa errepublikanoaren defentsan erabili zituzten beraien kamerak, gure historiako garai asaldatu batean.


Irudian:
Chim (David Seymour)
Soldadu euskaldunak ikurrinaren aurrean, Bilbao. Urtarrila, 1937
Negatiboa. © Estate of David Seymour / Magnum Photos
International Center of Photography

Babeslea:

Beste laguntzaile batzuk: