Erakusketa: Hormako mezuak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2015-10-06 • 2016-01-18

Hormako mezuak

Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako kartelak (1886-1975)

BBK Aretoa

Kartelgintza modernoaren jatorria XIX. mendearen bigarren erdialdean dago; izan ere, garai hartan, aldaketa ekonomiko, politiko eta sozial handiak egon ziren, eta horrek merkataritza arloko ordena berria ekarri zuen, eta, gainera, markak ugaritu egin ziren eta kontsumo-ohitura berriak agertu ziren. Testuinguru horretan, mende oso batez, kartelgintzak erantzuna eman zien gertakari edo ideia politikoak zabaltzeko beharrizanei, bai eta zenbait produktu edo gune turistiko sustatzeko beharrizanei ere.

Hormako mezuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako kartelak (1886-1975) erakusketak museoaren antzinako kartelen fondo zabal eta ez lar ezaguneko berrehun pieza baino gehiago emango ditu ezagutzera, denak ere Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen eta Musikaren Historia Saileko irakaslea den Mikel Bilbao Salsiduak aukeratutakoak. Kartelak BBK-Museoa 2008/2009 bekari esker egindako ikerketa batetik abiatuta hautatu dira, erakusketa dela-eta museoak editatu duen katalogo zehatzean jasota geratu den moduan.

Kartelgintza modernoaren aitzindarien obrak daude ikusgai; besteak beste, Jules Chéret, Théophile Alexandre Steinlen edota Eugène Grassetenak. Era berean, nazioartean ospetsuak diren diseinatzaile handien lanak ere ikusi daitezke: Leonetto Cappiello, Paul Colin, Jean Carlu, Charles Loupot, Ludwig Hohlwein, Raymond Savignac, Saul Bass, Milton Glaser, Roman Cieslewicz, Giovanni Pintori, Jan Lenica, Armando Testa edota Shigeo Fukudarenak, adibidez. Horiez gain, euskal kartelgintzaren ordezkaritza esanguratsua ere badago, eta, horrela, Adolfo Guiard, Aurelio Arteta, Antonio de Guezala edota Elías Salaverría margolari garrantzitsuek publizitatearen esparruan egindako lan handia ikus daiteke. Gainera, marrazkilari handien obrak ere badaude; besteak beste, Rafael de Penagos, Federico Ribas, Emilio Ferrer i Espel, Josep Morell, Manolo Prieto edota Josep Artigasenak.

Erakusketaren izenburuan, 1886-1975 urteak agertzen dira; izan ere, kartelik antzinakoena Adolfo Guiardek (Bilbao, 1860-1916) 1886an sortutakoa da, eta, horrez gain, 1975eko zenbait kartel ere badaude, tartean Victory 1945, Shigeo Fukuda (Tokio, 1932-2009) diseinatzaile grafiko ospetsuarena.

Erakusketaren ibilbidea zazpi esparru tematikotan dago oinarrituta –turismoari; zezenketei; merkataritzari; kirolari; politikari eta gerrei; azoka, erakusketa eta biltzarrei; eta kulturari eta entretenimenduari buruzko kartelak–, eta, horrela, kartelgintzaren, publizitatearen eta diseinu grafikoaren bilakaera ikus daiteke, bai eta publizitateak eta diseinu grafikoak XIX eta XX. mendeetako hizkera artistikoekiko izandako iragazkortasuna ere. Beraz, kartelgintzaren historiaren mende oso batetik egindako ibilbide luzea da; izan ere, kartela asmo iragankorrarekin sortutako objektua izan zen, baina, hala ere, oso hasieratik, bildumagileen piezen estatusa hartu zuen.

 

1.- Kartel turistikoak

XIX. mendearen amaieran, kapitalismoaren garapenak, burgesiaren sendotzeak eta garraioetan izandako iraultzak turismoaren agerpena ahalbidetu zuten. Hasieran, turismoa jarduera elitista zen, baina, ondorengo mendean, masa-fenomenoa eta pisu espezifikodun sektore ekonomikoa izatera heldu zen. Testuinguru horretan, kartela funtsezko euskarria izan zen bidaien eta bisitatzeko moduko tokien berri emateko. Garai hartako ahalegin higienistaren ondorioz, itsasoko bainuak eta bainuetxe-instalazioak zituzten tokiak sustatu ziren; aitzitik, trenbide-konpainiek sustatutako beste leku batzuen ondorioz, paisaian, ondarearen aberastasunean eta pertsonaia edo ohitura herrikoietan inspiratutako diseinuetarako oinarriak ezarri ziren. Aukeraketa mendeko azken hamarkadan hasten da, estilo modernistako kartelekin; esate baterako, Antoine Pochinek Caminos de Hierro del Norte trenbide-konpainiarentzat egin zuena. Amaitzeko, Salvador Dalíren 1971ko kartel bat ikus daiteke, ukitu surrealistak dituena. Hogeiko hamarkadako nazioarteko estiloari lotutako beste proposamen batzuk dira, esate baterako, Rafael de Penagosen 1928ko kartela, Donostiari buruzko publizitatea egiten duena helmuga turistiko indartsu gisa, eta Antonio de Guezalarena, urtebete geroago editatu zuena Turismoaren Patronatu Nazionalak, Bilboko Abrako hondartzak ezagutzera emateko asmoz.

 

2.- Zezenketei buruzko kartelak

Zezenketei buruzko kartelak dira Espainiak kartelgintzaren historiari egin dion ekarpenik benetakoena; hain zuzen ere, Espainiako afixarik antzinakoenak zezenketak iragartzen dituztenak dira. Beste kartel batzuekin gertatzen denaren kontrara, zezenketei buruzko kartelak, funtsean, argibideak emateko erabiltzen dira (eguna, lekua, ordua, toreatzaileak, ganadutegiak…), eta, beraz, elementu tipografikoek protagonismoa hartzen dute. Beste alde batetik, irudia ia beti egoten da zorretan iluminismo valentziarretik eta inpresionismotik jasotako hizkerarekin, baina beste eredu batzuk, adibidez Antonio de Guezala eta Nicolás Martínez Ortizenak, kubismoaren edo futurismoaren eraginpean egindakoak dira. Bilboko Vista Alegre zezen-plazaren garrantzia ondo islatuta dago museoak zezenketei buruz dituen kartelen atalean, eta izen handiko kartelgileak aurkituko ditugu bertan –esate baterako, Carlos Ruano Llopis eta Luis García Campos–. Horiekin batera, euskal artista esanguratsu batzuek (Adolfo Guiard, Alberto Arrúe edota Isidoro de Guinea, besteak beste) genero horretan egindako saiakerak ere ikusi ahal izango ditugu:

 

3.- Kartel komertzialak

XIX. mendearen amaieran, bigarren industrializazioak nazioarteko merkataritzaren garapena ekarri zuen, eta kontsumo-ondasunak errazago eskuratzeko aukera sortu zen. Markak agertu ziren, eta, testuinguru horretan, kartelak funtsezko zeresana hartu zuen produktuen eta zerbitzuen berri emateko, bai eta kontsumitzaile potentzialen arreta erakartzeko ere. Beraz, publizitatearen eta kartel komertzialaren aitzindarien unea da, eta joera hori oso ondo ordezkatuta dago museoaren bilduman. Aukeraketari hasiera emateko, Jules Chéret XIX. mendeko kartelgile frantziar handia dugu; bere lana produktuen sustapenean oinarritu zuen, estilo koloretsu eta ausartean irudikatutako emakumeen irudiak erabiliz –emakume horiek "chérettes" izenarekin ezagutzen ziren–, Toulouse-Lautrecen estiloari jarraituz. Emakumezkoaren irudia erakarpen gisa erabiltzearen baliabidea 1921. urtearen inguruko kartel anonimoan ere ikus daiteke. Kartel horrek, hain zuzen ere, Fap' Anis likorearen publizitatea egiten du.

Maggi kontsome ospetsuarentzat, Firmin Bouissetek haur-irudi bat diseinatu zuen; gauza bera egin zuen Emilio Ferrer i Espelek Artiach gaileta-enpresarentzat, bai eta Gaspar Campsek ere Zuricalday txokolateentzat, Charles Chaplinen The kid (1921) pelikularen zuzeneko inspiraziopean. Espainiako diseinu grafikoaren aitzindarietako bat Josep Artigas da. Erakusketa honetan, laranjak promozionatzeko afixa bat dauka, eta, bertan, umorea erabiltzen du, kontsumitzailearengana hurbiltzeko tresna gisa. Beste industria batzuk ere sendotu egin ziren mendeko lehen hamarkadetan, eta kartelgile nabarmenen zerbitzuak behar izan zituzten: Henry Le Monnier eta Armando Testa aritu ziren Armagnac eta Carpano likoreentzat, hurrenez hurren; Gino Boccasile, Bantam kapela klasikoentzat; Leonetto Cappiello –XX. mendeko lehen hereneko kartelgilerik garrantzitsu eta oparoena–, produktu farmazeutiko batentzat; Emilio Vilá –bere agentzia propioa sortu zuen Parisen: Affiches Vilá–, Columbia diskoetxearentzat; Aníbal Tejada, Orbea bizikletentzat; Alberto Arrúe, Bizkaiko Aurrezki Kutxarentzat; modernoenak ziren Giovanni Pintori eta Raymond Savignac, Olivetti idazmakinen enpresa italiarrarentzat; edota Manolo Prieto –Osborne markaren zezena diseinatzeagatik ezagutzen dena–, Aviaco aire-konpainiarentzat.

 

4.- Kirol-kartelak

Kirol-praktika arautu eta instituzionalizatua XIX. mendean zehar garatu zen erabat, jarduera horren inguruko asoziazionismoa eta profesionalizazioa hedatzen zituen bitartean. Horrek guztiak lehia-kirola bultzatu zuen, eta, ondorioz, masa-ikuskizun izatera pasatu zen, kirol-ekitaldi handien antolakuntzaren bitartez. Hain zuzen ere, kartelek eragin handia izan zuten horretan, komunikazio-elementuak ziren aldetik. Atal honetako kartelik antzinakoena Donostiako zaldi-lasterketak iragartzen dituen 1921eko anonimo bat da. Hamarkada berean, Eduardo Lagardek Lasarteko hipodromoko zaldi-lehiaketarako egin zuen lan; Ascensio Martiarenak, Europako boxeo txapelketarako; eta Robert Portefinek, berriz, Euskal Pilotako Frantziako Federaziorako, arrakasta handia izan zuen kartel batekin. 1930. urtearen inguruan, Rafael Elóseguik Donostiako bela-estropadak iragarri zituen kartel moderno batzuen bitartez, eta gauza bera egin zuen Aurelio Artetak urte hartan bertan, arraun-estropadetarako, 1924ko edizioko irudi ospetsua berriz ere erabiliz.

Diseinatzaile garrantzitsu askok bultzatu zituzten auto-lasterketak; esate baterako, Miguel Ángel Aguirreche, Rafael Elósegui, Javier Gómez Acebo eta Máximo Viejok; makinaren presentzia eta mugimenduaren irudikapena uztartu zituzten, eta, ondorioz, futurismoaren eragin argia zuten kartelak egin zituzten. Gauza bera gertatzen da Luis Lasheras eta Antonio de Guezalak motoziklismoari buruz diseinatutako afixetan, eta Otto Ottlerren konposizio futbolistikoaren dinamismoan. Beste korronte artistiko bat, arrazionalismoa, Eugenio Aguinaga eta José Antonio Domínguez arkitektoek eta Francisco de Asís Alonso tenislariak modu bateratuan sinatutako kartelean ikus daiteke; hain zuzen ere, Donostiako 1934ko Nazioarteko Tenis Txapelketarako egin zuten kartel hori. Azkenik, gogoratu beharra dago, 1896an, Olinpiar Jokoak berriro agertu zirenean, kirolarekiko eta kirolaren inguruko kartel-sorkuntzarekiko interesa piztu zela nazioartean, eta artista garaikide handiek hartu zutela parte horretan; esate baterako, Eduardo Chillidak, Municheko 1972ko Jokoetan.

 

5.- Kartel politikoak eta gerrako kartelak

Kartel-mota honen aurreneko adibide nabarmenak XX. mende hasierakoak dira, eta gertakari historiko garrantzitsuei lotuta daude; esate baterako, erreferendumei edo gatazka belikoei. Kartel komertzialen moduan, konbentzitzea da lan hauen ezaugarria, baina, kasu honetan, ideia produktua da, eta, eslogan komertzialaren ordez, eduki politikoa sartzen da. I. Mundu Gerra inflexio-puntua izan zen: gobernuek propaganda-aparatua martxan jarri zuten, eta kaleetan itsatsitako edo argitalpenetan erreproduzitutako afixek irismen handia lortu zuten. Aberriaren defentsa eta elkartasunerako deia dira gerrako kartel hauen gai nagusiak. Familiaren figurak, errealismo sozialean inspiratutako Théophile Alexandre Steinlenen kartelean bezala (Steinlen kartelgintza modernoaren aitetako bat dela esan ohi da), eta Abel Faivrek erretratatutako soldaduaren irudiak, mendean zehar errepikatutako ikonografia osatzen dute, errekrutatzea eta gerren finantziazioa indartzeko asmoz. Espainiako testuinguruan, 1931n aldarrikatutako II. Errepublikak zenbait aldaketa ekarri zituen; esate baterako, sekularizazioa, hezkuntza eta nekazaritza arloko politika berriak, edo Katalunia eta Euskadiko autonomia estatutuen sorrera. Lehenengo Aberri Egunak (1932) eta Euskadiko Autonomia Estatutuaren proiektuak (1930 eta 1936. urteen artean garatutakoa) Nicolás Martínez Ortiz, Nik edota Txiki bezalako artisten sendotasun plastikoa behar izan zuten. Handik gutxira, kartelak, irratiarekin eta egunkariekin batera, rol garrantzitsua izan zuen Espainiako Gerra Zibilean, laguntza-mezuak transmititzeko –halaxe gertatzen da Oskar Kokoschkaren kartelean, zeinaren bitartez dirua bildu nahi baita Gernikako bonbardaketak kaltetutako euskal umeentzat– edo etsaia karikaturizatzeko, Juan Antonio Moralesen kasuan bezala. Hogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Jean Carluk Bakearen aldeko Propaganda Grafikorako Bulegoa sortu zuen, bakearen hezkuntza sustatzeko helburuarekin. Handik gutxira, bakezaletasunaren alde inoiz egin izan den kartelik onenetakoa konposatu zuen, diseinu grafikoa eta argazkia uztartuz. Zenbait urte geroago, 1975ean, Mieczyslaw Wasilewskik eta Shigeo Fukudak adierazkortasun handiko eta soiltasun grafiko izugarriko kartel bana sortu zuten.

 

6.- Erakusketa, azoka eta biltzarretarako kartelak

XIX. mendeko aurrerapen teknologiko, zientifiko eta komertzialen ondorioz, aurrerapenaren ideia hori gauzatzeko balio zuten ekitaldi handiak antolatzen hasi ziren. Horien artean daude erakusketa unibertsal handiak (adibidez, Bartzelonako 1929koa) eta nazioarteko erakusketa eta azokak, horiek ere islatu baitziren kartelgintzan; esate baterako, Bilbokoa, 1932an sortutakoa. Nicolás Martínez Ortiz, Luis Lasheras edo Manuel Eléxpururen afixa interesgarriek agerian uzten dute Bilboko azokak zeinen dinamismo handia zuen. Nekazaritza, arrantza eta abeltzaintza arloko azokak eta lehiaketak ere kartelen bitartez iragarri ziren, eta halaxe ikusten da, adibidez, Eduardo Lagardek Donostiako Itsas Industrien Azokarako egindako diseinu modernoetan. Kulturaren munduak ere izan zituen bere hitzorduak; adibidez, Euskal Artisten Elkarteak antolatutako erakusketak –Antonio de Guezalak edo Xavier Noguések zenbait kartel egin zituzten erakusketa horietarako– edo Eusko Ikaskuntzaren Kongresuak (Guezalak berak edota Alberto Arrúek egin zuten lan ekimen horretan). Azkenik, nabarmentzeko modukoa da Herbert Bayerrek diseinatutako forma geometrikodun kartela, erakusketa ibiltari baten bitartez Bauhausen sorreraren berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko asmoz egindakoa.

 

7.- Kultura eta entretenimenduari buruzko kartelak

Kabaretetik hasi eta pop musikaraino, Sarah Bernhardtetik hasi eta Marilyn Monroeraino, kartel mota honek agerian jartzen du XIX. mendearen amaieran sortu eta XX. mendean zehar garatu zen entretenimenduaren industria. Hain zuzen ere, haziz zihoan burgesiak denbora eta dirua eskaintzen zion industria horri. Museoaren bildumako kartelik antzinakoenak 1890 eta 1892koak dira, hurrenez hurren. Bi adibide paregabe dira: lehenengoa, Eugène Grassetena, Sarah Bernhardt aktore ospetsuak interpretatutako Joana Arc-ekoa antzezlanaren iragarkia da. Bigarrena, kartelgintza modernoaren aita eta koloretako litografien erabileran aitzindari izandako Jules Chéretek egindakoa, Moulin Rouge enblematikoaren lehenengo publizitate-kartelaren ale bat da. Kartel horrek hainbesteko arrakasta izan zuen, ezen Toulouse-Lautrec margolaria ere kartelaren ondoan jarri baitzen, argazkia atera ziezaioten. Hogeiko hamarkadaren amaieran, Agustín Ansa eta Carlos Landi diseinatzaileek, besteak beste, zenbait gertakaritan hartu zuten parte; esate baterako, Donostiako Akuarioaren eta Kursaalaren sorreran edota Euskal Astearen ospakizunean. Mendearen bigarren erdian, industria diskografiko eta zinematografikoaren garapenaren berri ematen duten kartelak ditugu; esate baterako, ospetsu askoren argazkilari izandako Richard Avedonek The Beatles musika-taldearentzat egindakoak, Milton Glaserrek Bob Dylan abeslariaren arrakasta handien lehenengo diskorako egindakoa, Saul Bass ilustratzaile eta diseinatzaile entzutetsuak Otto Preminger zine-zuzendariarentzat egindako diseinuak, edota Dorothea Fischer-Nosbischek Billy Wilderren The seven year itch (Tentazioa goian bizi da) filmerako egindakoa, Marilyn Monroe aktore ospetsuaren kutsu warholdarreko irudi ikoniko eta guzti.

Babeslea: