Erakusketa: Veneziako dukeen jauregiko patioa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2008-01-11 • 2008-03-30

Veneziako dukeen jauregiko patioa

18. Aretoa

Obra Gonbidatua Bilboko Arte Eder Museoaren programa originala da. 2001ean jarri zen abian, eta, 2004az geroztik, Banco Santander Fundazioaren babesa dauka. Programa honen helburua da jendeari beste museo edo bilduma batzuetako obra bereziak helaraztea, beti ere, Museoaren bilduman dauden egileen gaineko ikuspegia aberasteko edo ordezkatuta ez dauden egileak erakusteko asmoz. Modu horretan, Programak egonkortasuna ematen dio Museoaren erakusketa-ildo tradizionaletako bati.

Oraingo honetan, hogeita batgarren edizioa ireki dugu. Edizio honek interes berezia dauka, izan ere, Santander Bildumaren jabetzakoa den Veneziako Dukeen Jauregiko patioa (1883) lana aurkezten da. Lana Martín Ricorena (San Lorenzo de El Escorial, Madrid, 1833-Venezia, 1908) da, XIX. mendeko pintore garrantzitsuenetarikoarena, hain zuzen.

Bilboko Arte Eder Museoaren bildumako, Martin Ricoren, beste bi lanekin aurkezten da Obra Gonbidatu berri hau, Paisaia ibaiarekin (Venezia), c. 1878, eta Paisaia.

 

Veneziako Dukeen Jauregiko barruko patioaren ikuspegi izugarria, San Markos basilikarantz orientatutakoa. Basilikako kupulak, guztiz oskarbi dagoen zeru urdin-urdinaren parean, jauregiaren arkitektura zoragarriaren atzean agertzen dira, argia eguzki biziz betez eta erliebeak argi eta garbi marraztuz argilun bortitzean.

Berarengan batere ohikoa ez den formatu batean, mihise honetan, Ricok erakusten du dohain apartak dituela hiri-paisaietarako, eta, bereziki, eraikin monumentalen deskribapen zehatzetarako. Kasu honetan, jauregiko barruko fatxaden apaingarririk txikienei ere erreparatzen die, bai eta gailurreria, horma-hobi eta erremateei ere. Horretarako, errealitatea behatzeko duen zorroztasunari esker, marrazketa garbi eta zehatza darabil, Mariano Fortuny lagun handiarengandik ikasitako preziozismo argitsu eta distiratsuari jarraituz.

Hala ere, mihise bikain honen erabateko protagonista arkitektura izugarria bada ere, Ricok arreta berezia jartzen du bertatik dabiltzan figuratxoetan, eta beraien arropak eta jarrerak (lasaiak eta ohikoak) trebetasun bereziarekin daude pintatuta, eraikinen handitasun ikaragarriari seriotasuna kenduz. Hori horrela, gizon bat dago lurrean jarrita, putzuaren karelaren ondoan; ume bi daude hari begira, gizonak usoei jaten ematen dien bitartean; beste batek alfonbra astintzen du balaustradatik, eta xaletan bildutako emakume bi atzealdeko aterantz urruntzen dira. Horrek guztiak kolorea ematen dio koadroari, non harri monumentalaren hoztasun grisa baita nagusi.

Atzealdeko inskripzioaren arabera, koadroa 1883an izan zen pintatua, artistaren helduaro beteko aroan. Horrek, beste behin ere, agerian uzten du Martín Ricok bere bizitza osoan Veneziarekiko izan zuen mirespena; izan ere, 1872an joan zen lehenengoz Italiara, eta orduan deskubritu zuen. Geroztik, egonaldi luzeak egin zituen kanalen hirian, Parisen bizitzen hasi zenetik. Era berean, margolaria Venezian hil zen, 1908ko apirilaren 13an. Ricok garai horietakoren batean hasiko zuen koadroa, baina, ohi zuen bezala, Parisko estudioan amaituko zuen, naturaletik hartutako ohar partzialak erabiliz. Martín Ricoren arteak bere garaiko Europako eta Amerikako zirkuitu komertzialetan izan zuen arrakasta bikaina kontuan izanda (paisaiaren Fortunytzat hartzen zuten), merkatua Veneziari buruzko bere veduttez bete zen, nahiz eta, gehienetan, kanal eta erriberen gaineko panoramikak izaten diren, mihise hau baino tamaina txikiagokoak eta formatu etzanean egindakoak.

José Luís Díez
Kontserbadoreburua, XIX. Mendeko Pintura, Museo del Prado, Madril

 

Martín Rico
Veneziako Dukeen Jauregiko patioa, 1883
Olioa mihisean, 141 x 81 cm
Santander Bilduma

Babeslea: