Erakusketa: Pablo Picasso - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2017-09-19 • 2018-02-26

Pablo Picasso

Femme assise dans un fauteuil (Dora)

32. Aretoa

2017an, zenbait erakusketa eta jarduera antolatu dira Picassoren Guernica sortu zeneko 80. urteurrenarekin lotuta. Horien artean, Bilboko Arte Ederren Museoak 1937. Gernikari buruz. Gerra eta 'civitas' erakusketa hartu zuen bere baitan, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren inguruko ekitaldien barruan.

XX. mendeko funtsezko obretako baten garrantzia gogorarazteko helburu berarekin, Obra Gonbidatua programak, Santander Fundazioaren babesari esker, Pablo Ruiz Picassoren (Málaga, 1881– Mougins, Frantzia, 1973) margolan nabarmen bat jarriko du jendaurrean datozen hilabeteotan. Ezohiko mailegua da; izan ere, Beyeler Fundazio (Riehen, Basilea, Suitza) ospetsuaren bildumako piezarik garrantzitsuenetakoa da. Fundazio hori 1982an sortu zuten Ernst Beyeler arte-merkatariak eta haren emazteak, zeintzuek, berrogeita hamarreko hamarkadan, harreman estua izan baitzuten Picassorekin.

Aipatutako margolana Femme assise dans un fauteuil (Dora) (1938) da, eta Guernica obrarekin, azken horren 1937ko betearazpen-prozesuaren inguruko beste zenbait obrarekin, eta berrogeiko hamarkadaren erdialdeko Hezurtegia zikloarekin duen loturagatik aukeratu da.

Koadroa 1938koa da, eta horrek ezinbestean garamatza Espainiako eta Europako garai hartako gerren testuingurura, eta, ondorioz, obra hau urte haietako drama historikoaren adierazpena dela esan daiteke.

Une hartan, Picassok kontzientzia politikoa hartu zuen, eta, aldi berean, bere artea erresistentzia intelektualerako gailu bihurtu zen, opresioaren eta gerraren aurrean: Guernica, hain zuzen ere, basakeriaren kontrako salaketa da, eta laster helduko zen bakearen ikur unibertsala izatera.

Femme assise dans un fauteuil (Dora) margolanaren murrizketa kromatikoak –konposizioaren espazialtasuna indartzen duen grisaila bat, okre koloreko olio-trazuekin figuran eta zoruan– eta koadroaren intentsitate dramatikoak agerian uzten dute Guernica obrarekin duen lotura. Beste alde batetik, pertsonaiaren konfinamenduak eta konposizioaren tentsioak agerian uzten dute Picassok zein egoera biografiko zehatzetan pintatu zuen mihisea: garai hartan, obraren izenburuan aipatutako Dora Maarrek (Paris, 1907-1997) eragin handia izan zuen artistaren bizitzan eta lanean.

Urte pare bat lehenago, Espainiako Gerra Zibilak eztanda egin baino zertxobait lehenago, Picassok Dora Maar argazkilaria ezagutu zuen Parisen, zeinak, hogeiko hamarkadaren amaieratik, harreman estua izan baitzuen surrealisten zirkuluarekin; hain zuzen ere, Paul Éluard poeta dadaistaren bitartez ezagutu zuten elkar.

Sasoi hartan, Maar Georges Bataille filosofoarekin zebilen, eta Picassok, Olga Khokhlovarekin ezkonduta egon arren, harreman sentimentala zuen Marie-Thérèse Walterrekin. Argazkilariaren inteligentziari eta prestakuntza sendoari esker, euren harremana, 1943ra arte iraun zuena, pasio erotikoa baino harago joan zen, eta elkartruke intelektual oparoa izan zuten. Horren ondoriorik garrantzitsuenetakoa da Picassori kontzientzia politikoa piztu zitzaiola. Gainera, Maar Guernica obraren prozesuari buruzko argazki-erreportaje ospetsuaren egilea ere izan zen. Argazki horiek funtsezko dokumentu historikoa dira, koadroa nola egin zen ulertzeko. Parisko rue des Grands-Augustins kaleko tailerrean egin zituen, 1937ko maiatzaren eta ekainaren artean, eta, handik gutxira, Cahiers d'Art aldizkarian argitaratu ziren.

Tailer hartan bertan, eta euren harremanak iraun zuen zortzi urteetan, Maarrek, bikotekide sentimentala izateaz gain inspirazio-iturri ere bazenez, hainbat aldiz posatu zuen margolariarentzat. Denbora horretan guztian, Picassok bere serierik ospetsuenetako bat egin zuen, "negarrez ari den emakumea" gaiaren inguruan.
Beste emakume batzuek ere –esate baterako, Marie-Thérèsek, aurreko hamarkadan izan zuen musak– Picassorentzat posatu zuten, eta, horrela, "eseritako emakumearen" erretratuen tipologia sortu zen, oso ugaria zena Picassoren obran, eta olio, gouache eta marrazkien errepertorio aparta eskaini zituena. Ohiko erretratua baino harago joanez, sorkuntza-lan horiek esperimentazio artistikorako eremu interesgarri bihurtu ziren, eta, aldi berean, nolabaiteko intentsitatez transmititzen zituzten modeloaren alderdi psikologikoak eta aldarteak, bai eta margolariarekin zuen harremana ere. Femme assise dans un fauteuil (Dora) lanaren kasuan, pertsonaiaren indar espresiboaz eta margolariarekin izan zuen harreman gorabeheratsuaz gain, garai hartako drama ere sumatzen da, eta horrek inpaktu emozionala eragiten du ikuslearengan. Mihisearen formatu handia (188,5 x 129,5 cm) da obraren adierazkortasun bisuala indartzen duen beste ezaugarrietako bat.
 

Irudiaren frontaltasuna emakumearen aurpegian baino ez da apurtzen. Hain zuzen ere, aurreko hamarkadetako hizkera guztiz kubistaren oihartzuna balitz bezala, emakumeak aurpegiera erabatekoa du, bai eta aldi bereko profilak ere, lerro beltz lodi batez deskribatuak. Adatsak eta takoidun zapatek baino ez diote sentsualtasun-elementuren bat ematen erretratuari. Gainean, kapela txiki bat dauka.

Anatomiako gainerako atalak hiru dimentsioko zenbait bloketan "deseraikitzen" dira. Bertute grafikoko trazuz eginda daude, eta konposizioa espazioan zehar zabaltzen dute. Gorputzean, bular makurra eta hiruki formako soineko bat daude deskribatuta, eta, soinekoaren atzean, sexua iradokitzen duen triangelu alderantzikatua sumatzen da. Figura osoa itxitura bikoitz baten barruan agertzen da. Alde batetik, ziega baten antza duen irudikapenaren espazialtasun kubikoagatik; eta, bestetik, besaulkian sartuta dagoelako, eta besoek baino ez diotelako hortik ihes egiten.

Osotasunaren monumentaltasuna, Picassok erabilitako hizkera artistikoaren modernitatea, eta dituen konnotazio biografiko eta historikoak kontuan hartuta, obra hau garai hartako adierazpenik sutsu eta berritzaileenetakoa da.

 

Pablo Picasso Málaga,1881-Mougins, Alpes Maritimes, Frantzia, 1973
Femme assise dans un fauteuil (Dora)
[Emakumea besaulki batean eserita (Dora)]
, 1938
Olioa mihisean
Fondation Beyeler, Riehen/Basilea, Suitza

Babeslea: