Erakusketa: Murillo gaztea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2009-10-19 • 2010-01-17

Murillo gaztea

BBK Aretoa

1645 inguruan, Bartolomé E. Murillok (Sevilla, 1617-1682) bere lehen arrakasta artistikoak izan zituen, eta goranzko karrerari ekin zion, Francisco de Zurbaránen gainetik egotera ere helduz (sasoi hartan, Zurbarán zen Sevillako eszena artistiko errespetatuko margolaririk estimatuena). XVII. mendearen hasieran, Sevilla hiri oparo eta kosmopolita zen. Gainera, estanpen merkatu, Indietaranzko ate, eta ordena erlijioso eta pintura-bildumagile ugariren egoitza ere bazen. Mendearen erdialdean hiria gainbehera hasi bazen ere, Murillok ibilbide arrakastatsua izan zuen han, eta ia irten ere ez zen egin hiritik, aparte uzten baditugu ustez Indietara eta Madrilera egin zituen bidaia bana (azken hori, gertatu bazen, 1642an izan zen, eta orduan ezagutu omen zuen Velázquez; hala ere, bidaia bietako bat ere ez dago dokumentatuta), eta 1658an Gortera egin zuen beste bidaia bat (bidaia hori bai dago dokumentatuta).

Trebakuntzako urte haietan, aurreko belaunaldiko maisuen eragina (tartean zeuden Herrera Zaharra, Zurbarán eta Ribera) islatu egiten zen gaiaren berehalako errealismoan, argien gaineko estudio bikainetan eta argi-kontrasteetan, eta lanen materiaren behaketarekiko gustuan. Hori horrela, naturalismo hartan, pintura italiar eta holandarraren ereduekiko zorra sumatzen zen (Murillok ondo ezagutzen zituen eredu horiek, estanpei esker).
Baina eragin horiekin batera, lehenengo aro hartan, gai erlijiosoak modu pertsonalean islatzeko balio izan zioten funtsezko elementuak hasi ziren agertzen artista gaztearen lanean. Modu horretan osatutako estiloan, zuzenean ukitzen zituen ikuslearen emozioak.

Hala ere, jendeak gehien ezagutzen dituen lanak helduarokoak dira, non "estilo arina" delakoa modu argiagoan formulatzen baita, barrokoaren eta ekarpen rubeniar eta neoveneziarren ondorioz. Sortzez Garbiaren errepresentazioak garai hartakoak dira. Denborarekin, lan horiek bihurtu dira bere produkzioko piezarik ospetsuenak. Aldiz, 23 eta 38 urte zituen bitartean egindako lanak ez dira modu monografikoan aztertu orain arte, nahiz eta, garai hartako testuinguruan kokatuz gero, balio artistiko eta interes handikoak izan: Urrezko Mendeko literaturaren eragina islatzen duten mihiseak dira, eta, bereziki, Murillok Mateo Alemánen Guzmán de Alfarache lanaren gainean egindako asimilazioa nabarmendu behar da (liburu hori 1602an editatu zen Sevillan, eta margolariak bere liburutegian zeukan). Artistak garai hartako arazo sozialekiko zeukan sentsibilizazio sakona zenbait maisulanetan dago islatuta. Lan horien gaiak, hain zuzen ere, eskaleak eta babesik gabeko umeak ziren.

Beraz, erakusketa honetan dauden 42 lanen bitartez, Murilloren ikasketa-garaia jorratzen da, bai eta lehenengo naturalismoarekiko lotura eta frantziskotarrek predikatzen zuten justizia sozialaren doktrinarekiko zeukan identifikazioa ere. Garai hartako marko kulturalean eta mentalitateen historian sartzen baditugu, 1640tik 1655era bitarteko hamabost urteek (orduan hasi zen Murillo artista gisa osatzen) erabateko esanahia hartzen dute, eta pintura espainiarreko artistarik esanguratsuenetako baten karrerako funtsezko aro hau ezagutzen laguntzen dute, orain arte ez baita lar ezaguna izan.



Irudian:
Eskale gaztea (zatia), 1645 -1648
Olioa mihizean, 110 x 134 cm
Louvre Museoa, Paris



Babeslea:

Beste laguntzaile batzuk: