Erakusketa: Amable, Balerdi, Basterretxea, Chillida, Mendiburu, Oteiza, Sistiaga, Zumeta - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2016-01-26 • 2016-04-25

Amable, Balerdi, Basterretxea, Chillida, Mendiburu, Oteiza, Sistiaga, Zumeta

1966 | Gaur konstelazioak | 2016

32. Aretoa


2016an Donostia Kulturaren Europako Hiriburua hautatu dutela-eta, aukera paregabea da zenbait euskal artistaren lana sakonago aztertzeko: hurrenkera kronologikoz, Jorge Oteiza (1908-2003), Eduardo Chillida (1924-2002), Néstor Basterretxea (1924-2014), Amable Arias (1927-1984), Remigio Mendiburu (1931-1992), José Antonio Sistiaga (1932), Rafael Balerdi (1934-1992) eta José Luis Zumeta (1939). 1966. urtean, hain zuzen ere, artista gipuzkoarren Gaur taldearen sorreran bat egin zuten, eta Donostiako Barandiaran galerian egindako erakusketaren eta adierazpenaren bidez aurkeztu zuten taldea. Zortzi sortzaile horietatik, Oteiza eta Chillida izan ziren nazioarteko aitorpen handiena lortu zutenak, eta, guztien artean, euskal arteko "konstelazio" handi eta berritzaileena eratu zuten, diktadura frankistaren ondorioz sorkuntzarako lar egokia ez zen aldian.

Artearen herentzia modernoa berreskuratu nahi zuten, Gerra Zibilaren zein diktaduraren ondorioz Euskal Eskola ezerezean gelditu zela eta beste talde nahiz lurralde batzuetan gauzatu egin zela kontuan hartuta. Horrela, bada, Emen eta Orain sortu ziren Bizkaian eta Araban, hurrenez hurren; eta Danok eta Baita, Nafarroan eta Iparraldean. Dena dela, azken bi horiek ez ziren modu formalean eratu. Artea bera eta haren inplikazio politikoak zein sozialak nola ulertu behar ziren azaltzeko orduan Gaur taldean bertan eta taldeen euren artean desadostasunak zeudenez, 1969an amaiera eman zioten abentura kolektibo horri.

2016an, erakusketa horren berrogeita hamargarren urteurrena beteko da, eta, bertan elkartutako artisten poetikak eta aukeraketa artistikoak era guztietakoak baziren ere, Espainiako arteko abentura handienetakoa garatzeko gai izan ziren. Hori dela eta, Fernando Golvano komisarioa dela, erakusketa nagusi handia antolatu da San Telmo Museoan (16/01/22-16/05/15). Bertan, hain zuzen ere, Gaur mugimenduko zortzi artisten lan ugari eta kairós garaikidea egongo dira erakusgai, hau da, osteko belaunaldietako nazioarteko beste hainbat sortzaileren lanak, haien arteko eta Gaur taldeko artistek hirurogeiko hamarkadan egindako lanekiko elkarrizketa ezarri nahian. Erakusketa horrekin, 1966 Gaur konstelazioak 2016, Donostiako zenbait aretok bat egingo dute: Okendon, Kultur Etxeak Basterretxea, Sistiaga eta Zumeta. Azken urteetako lanak aurkeztuko du; Kur Art Gallery galeriak, Mendiburu eta Amable. Azken urteetako lanak; eta, Altxerri galeriak, Balerdi. Azken urteetako lanak.

"Erakusketa hedatuaren" kontzeptupean, Bilboko Arte Ederren Museoak bi eratara bat egingo du ekimen horrekin, lau mila lan baino gehiago edukitzean eta bere nominan Gaur taldeko artista bikainak egotean euskal arteko bilduma onena duela kontuan hartuta. Batetik, bere bildumako sei lan aldi baterako laga dizkio San Telmo Museoari, bertan egindako erakusketarako: Balerdiren bost margolan eta Mendibururen eskultura bat.

Bestetik, arte garaikidearen areto handian, bere fondoetan dauzkan Gaur taldeko zortzi artisten 74 lan aurkeztuko ditu batera: Oteizaren 18 eskultura, Chillidaren 20 lan (17 eskultura eta paper gaineko hiru lan), Basterretxearen lau lan (bi eskultura, margolan bat eta marrazki bat), Amableren hiru lan (bi margolan eta marrazki bat), Mendibururen lau eskultura, Sistiagaren margolan bat eta Zumetaren bi margolan. Horrez gain, modu berezian, Balerdiren 22 lan ere jarriko ditu ikusgai (lau margolan eta 18 klarion: museoko bildumako zazpi eta partikularrek utzitako 11).

 

 

Amable Arias (Bembibre del Bierzo, León, 1927–Donostia, 1984)

Amableren pintura euskal arteko originalenetakoa da, eta informalismoaren eraginpean dago. Hasierako paisajismoaren ostean, margolariak alde batera utzi zuen figurazioa, eta trazu fineko zein giro inmaterialeko lan abstraktuak egiten hasi zen. 1971. urtetik aurrera, hondo abstraktuen gainean margotutako forma txiki figuratibo samarrak egin zituen. Une horren adibide ezin hobea da Ikusezinaz II (1972), kromatismo argiz adierazi baitzuen hondoaren arintasunaren eta espazio piktorikoan banatzen diren sasi-pertsonaien gorpuztasunaren arteko zentzuzko loturaren bila zebilela.

 

Rafael Balerdi (Donostia, 1934–Alacant, 1992)

Geometriko iluna I(1956)lanean antzematen denez, paleta soileko pintura finaren ondoren, Balerdi bete-betean sartu zen keinuzko informalismoan. Nahaspila I (1960) mugimendu horretan garatu zuen lehen esperientzietako bat izan zen, ekialdeko grafismotik hurbil egondako eta hondo argitsuan trazu garbia marrazten duten pintzelada luzez sortutako bertsio lirikoaren barruan. Handik aurrera, bere pintura gero eta konplexuagoa izan zen, kromatismo biziz margotutako kutsu organiko edo mineraleko apaingarrietan oinarritutako konposiziozko koherentziaren bila, Venezia (1964-1972) lanean antzematen den bezala. 1980tik 1985era, Balerdik bi lan baino ez zituen margotu paperean. "klarionak", alegia. Pastelez eta argizariz egin zituen tamaina handiko estraza-paperean, eta, orain, horrelako zenbait lan adierazgarri jarriko dira ikusgai. 1985ean berriro ere olio-pintura erabiltzen hasi zenetik hil zen arte, era guztietako lan ugari egin zituen, eta gehienak abstraktuak izan ziren. Horrez gain, paisaiatik eta giza iruditik hurbil dauden egiturak ere ohikoak dira, eta, marrazkiaren zein kolorearen bidez itxuraldatzean, Altea-90 XLII (1990) lanean bezala, kutsu surrealista ematen diote konposizioari.

 

Néstor Basterretxea (Bermeo, Bizkaia, 1924-Hondarribia, Gipuzkoa, 2014)

Basterretxea publizitateko marrazkilaria zen, pintura modu autodidaktan lantzen hasi baino lehen. Lehenengo urte horietakoa da kubismoko forma eratorrietan oinarrituta egindako Kuboan oinarritutako konposizioa (1957) margolana. Berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, Oteizarekin hasi zen eskultura jorratzen, eta bere lanek egikaritze zaindua eta abstrakzioaren zein figurazioaren arteko uztarketa zituzten ezaugarri bereizgarri. Horren adibide esanguratsua da euskal mitologiako pertsonaietan zein pasarteetan oinarritutako eta 1972tik 1975era egindako Euskal serie kosmogonikoa. 2008an, Basterretxeak museoari serie horretako egurrezko 18 eskulturak eman zizkion dohaintzan, eta, haietatik, hemen, 1972an egin zituen Illargi amandre eta Eiztaria egongo dira ikusgai. Horrez gain, Basterretxeak zinean, diseinuan, argazkilaritzan, kartelismoan edo idazketan ere garatu zuen bere sorkuntza-jarduera, baita arkitekturan zein hirigintzan abian jarri ez ziren proiektuetan ere. Laurogeiko hamarkadan, eskultura publikoaren arloan ere lan egin zuen.

 

Eduardo Chillida (Donostia, 1924–2002)

Museoak bere bilduman dituen Chillidaren lanen artean, haren ibilbide artistikoko pieza nabariak daude gordeta. Bertan, hain zuzen ere, kaligrafia informalista landu zuen, baita espazialismotik hurbilago dauden forma geometriko trinkoagoak ere. Burdina, alabastroa, hormigoia edo terrakota izan ziren bere eskulturetan gehien erabili zituen materialak. Dardararen burdinak II (1956) eta Hutsaren inguruan I (1964) bere bi serie ezagunenetako lanak dira, baita bere lan-ibilbideko funtsezko uneetakoak ere. Lehenengoa 1956an Parisen erakusgai jarri zituen lanen artean egon zen, eta, haiei esker, nazioarteko aitorpena lortu zuen. Bertan, antzinako olagizonen oroigarri, Chillidak modu linealean landu zuen burdina. Hutsaren inguruan I lanean, ordea, garapen formal geometrikoan loditu zuen metala. Gasteiz (1975) lanak Chillidaren Arkitekturako hasierako ikasketak dakarzkigu gogora, Luis Peña Ganchegui arkitekto oñatiarrarekin Gasteizko Foru plazaren trazatuaren inguruan egin zuen alabastrozko eskeman. Erakusgai jarritako beste pieza batzuk ere badira bere lanen era guztietako interesen adierazgarri; eremu publikoetarako eskulturak, esaterako.

 

Remigio Mendiburu (Hondarribia, Gipuzkoa, 1931–Bartzelona, 1990)

Mendibururen lanak informalismoaren barruan daude kokatuta, materiaranzko eta halabeharrean oinarritutako irtenbide sortzaileetaranzko joera ezin nabariagoa baita bertan, gainazal gogorraren aurka lokatza botatzean egindako lehenengo lan batzuetan edo txapa argalez egindako zulodun eta josturadun goi-erliebeetan islatzen den bezala. Talua (1960) eta Izenbururik gabe (c. 1966) bi interes horien bi adibide on dira. Chillidaren egurrezko eskulturen hasierako eraginaren ostean, Mendiburuk bere lan pertsonalena garatu zuen material horretan, eta, horretarako, morfologia bakunak mihiztatu zituen herri-artisautzatik hartutako antzinako prozeduren bitartez. Horren guztiaren erakusgarri dira Txori askeentzako kaiola (1969) eta Sustraiak (c. 1970-1971) eskulturak.

 

Jorge Oteiza (Orio, Gipuzkoa, 1908–Donostia, 2003)

Erakusketa honetan ikusgai jarritako eskulturak Oteizaren etapa guztien adierazgarri dira. Itziar (1947) Buenos Airesen egin zuen Latinoamerikatik itzuli baino urtebete lehenago, 1935. urtetik bertan bizi izan baitzen. Emaztearen erretratua zenez, oso lan preziatua zen eskulturagilearentzat, eta eskultura primitiboaren eraginaren erakusgarri ere bazen. 1948. urtearen ostean, ondo zehaztutako bi etapa daude: gorputza hutsik eta zulatuta daukaten giza irudikapenen etapa figuratiboa eta espazialismoaren zein Malévichen konstruktibismo errusiarraren eraginpeko etapa abstraktua. Figurak (1951) lanak lotura dauka 1950. urteaz geroztik Henri Mooreren eskulturatik eratorrita Gipuzkoako Arantzazuko basilikarako egin zituen lanekin. Bestetik, 1955-1958koa den lana ere egongo da ikusgai. Urte horretan, hain zuzen ere, eskultura bertan behera utziko zuela iragarri zuen arren, ez zuen asmo hura bete. Lan hori, gainera, São Pauloko 1957ko Bienalarekin dago lotuta, eta Eskulturako Nazioarteko Sari Handia lortu zuen bertan. Oteizak II. Mundu Gerrako autoreekin bat zetorren abstrakzio geometrikoa garatu zuen, kutxa metafisikoetara iritsi zen arte. Bere serie hutsen kontrapuntu moduan, 1955. urteaz geroztik Oteizak beste eskultura batzuk sortu zituen; gehienetan marmol beltzez egin zituen, haien izen generikoa maklak zen, eta, geometrikoak ere izan arren, faseka landutako bolumen trinkoetan zeuden eginda.

 

José Antonio Sistiaga (Donostia, 1932)

Sistiagak informalismoarekin bat egin zuen berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran. Keinuzko aldagaia landu zuenez, pintura ematean ez zituen beti ohiko tresnak erabiltzen, baina azkar baino azkarrago margotzen zuen, eta, batzuetan, halabeharraren esku ere uzten zuen bere sormena. Bizi-ekintza. Gure arbasoen omenez (1970) lanak printzipio horiek islatzen ditu tamaina handiko mihisean, eta, bertan, margolariaren ekintza fisikoa ere antzematen da. Margolariak adierazkortasun handiko erritmoz betetako konposizioa sortzen du askatasunez, bere inkontzientea ez beste edozein adierazpide kulturalekin loturarik ez daukaten trazuen bidez.

 

José Luis Zumeta (Usurbil, Gipuzkoa, 1939)

Zumetaren lanak koloristak eta irudimen handikoak dira, eta espresionismo abstraktuarekin daude lotuta. Etapa abstraktuan nahiz figuratiboan, berezkotasuna eta adierazkortasuna izan ziren bere ezaugarri bereizgarriak. Pintura (1961) interes horien erakusgarri goiztiarra da, hain zuzen ere. 1973an Picasso hil zenean (autoreak betidanik oso kontuan hartu zuen bere lanetan), berrantolatu egin zuen bere lanen zuzendaritza, eta, ondorioz, indar adierazkor handiko eszena eta pertsonaia itxuraldatuetan oinarritutako figurazio espresionista lantzen hasi zen. Esperientzia horren ondorioz, figurazio piktorikoagoa eta koloristagoa garatu zuen, eta oso ohikoak ez ziren euskarriak erabili zituen; kartoia, esaterako. Beste lan batzuetan, ordea, Zumetak kolorerako zeukan trebezia eta bere irudimen formala erabili zituen, eta Pintura (1977) lana da horren erakusgarri. Margolan horretan, hain zuzen ere, gerra osteko Europako pinturako adierazpideak azaltzen dira; esate baterako, keinuzko lorratza. Espresionismoaren barruan sortu zuen azken lana abstraktuagoa eta indartsuagoa da, eta tamaina handian ere egin zuen betiko moduan.


#GaurKonstelazioak



Babeslea: