Sergio Prego. Hamairu Centaurusera - Bilboko Arte Ederren Museoaren
Sergio Prego. Hamairu Centaurusera

2022-05-06 • 2024-11-30

Sergio Prego. Hamairu Centaurusera

BBKateak

Antzinako eraikinea





BBKateak

Bilboko Arte Ederren Museoak BBKateak proposamena jarriko du martxan, eta, horretarako, Sergio Prego (San Sebastián, 1969) artistaren Hamahiru Centaurusera instalazioa aurkeztuko du. Berariaz museorako sortutako lana da, eta, bereziki, museoa handitzeko proiektuaren garapenari laguntzeko.

1945eko eraikina zaharberritzen amaitu ondoren, hurrengo asteetan bilduma lekuz aldatzeari ekingo dio museoak. Handitze-lanek irauten duten bitartean zabalik iraungo duten 22 aretoetara, hain zuzen ere. A(r)teak zabalduz goiburupean, museoak ekainaren 20an irekiko ditu berriz ateak, eraikin zaharraren fatxadan, eta, txandaka, bildumako ehun artista esanguratsuren lanak jarriko ditu ikusgai, hurrenez hurreneko erakusketa txikien segidak eratuz (Kateak), museoko ohorezko patroia den BBKrekin batera garatutako programaren barruan. 

Bestalde, Hamahiru Centaurusera esku-hartzea eraikin zaharrean eraberritu diren geletan dago jadanik; hain justu, kanpoko bertikalean egiten ari diren handitze-lanek gehien eragindakoenetan. Museoko arkitekturek protagonismo berezia hartu duten honetan, eta aretook hutsik egoteak sortutako salbuespenezko egoera baliatuz, Pregok eskulturaren esperientzia proposatzen du, museoko barne-arkitekturarekiko hartu-eman berezian. Espazioa zeharo betetzen duen modulu pneumatikoen kate batek osatzen du artelana. Diafragma baten antzera funtzionatuko du, museoaren eraldatze-prozesuan sortutako beharren arabera zabaldu eta itxiko baita. 

Pregok erreferente bikoitza darabil: XX. mendeko hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako arkitektura erradikalaren mugimenduen esperimentalismoa, eta mugimendu haiek egitura pneumatikoak –ia beti iraungikorrak– erabiltzeko zeukaten joera, beste habitatze-forma batzuk antolatzeko. Bide horretatik, Pregok, hemen, masa materiala erlatibizatzen du bizipen espazialaren osagai gisa, eta, aldi berean, bere lana txertatzen du eskulturaren genealogian.

Hamahiru Centaurusera zientzia-fikziozko kontakizunean, egileak, J. G. Ballardek, etorkizuneko irudi utopikoak eta distopikoak lotzen ditu elkarrekin, ezbaian jartzeko modernotasunaren ezaugarri izan den, eta, maiz, giza esperientziatik eratorritako jarrera etikoekin borrokan aritu den aurrerapen-kontzeptua. Narrazio horretan oinarrituta, Pregok museoan egingo duen esku-hartzeak egitura geometrikoen agerpen espaziala kontrajartzen dio haiek osatzen dituzten mintz pneumatikoen gorpuztasunari.

Hamahiru Centaurusera Sergio Pregok Bilboko Arte Ederren Museoan egingo duen bigarren esku-hartze espezifikoa da. 2001ean, museoaren azken eraberritzea inauguratzeko egin zen Gaur, Hemen, Orain erakusketaren barruan, artistak bere lehen soinu-instalazioetako bat gauzatu zuen: House, Where is House?. Orduko hartan ere, arkitektura berria hartu zuen bere obra islatzeko espazio modura.

Hamahiru Centaurusera

Lana sortu da museoa handitzeko lanak egiten diren bitartean bertako aretoetan jartzeko, lan-eremu horretako bildumako obrak husteak eman dion aukera aprobetxatuz. Hamahiru Centaurusera lanak egoera ezin hobe bat aprobetxatu du eskultura eta museo barruko arkitektura lotzen dituen esperientzia bat proposatzeko.

Eskala handiko modulu pneumatikoen sekuentzia batek gorputz arkitektonikoa osatzen duten elkarren ondoko hamar aretoen pertzepzioa eraldatzen du. Museoaren alde zaharrenaren barnean dago. Nagusiki 14 moduluk osatzen dute instalazioa; espazioan kokatuta daude, berean hartu dituzten aretoen neurrira eginda. Gainera, elementuok aretoen arteko simetria-ardatzen arabera daude antolatuta, eta kateatutako elementuak txandakatuz osatutako patroi bat sortzen dute. Elementu batzuk jarraitasun fisikoa dute, eta beste batzuk bereizita daude, gelak banatzen dituzten hormen bidez edo geometrikoki analogoak izanik espazioan paraleloak diren ertzen arteko gune hutsen bitartez.

Moduluen mintzak tetraedroa eredu abstraktu gisa hartzen du bere egiturarako. Solido erregularrik sinpleena eta egitura-sendotasun handienekoa da; triangelu formako lau alde berdin ditu. Tetraedroak berezitasun bat du: haren ertzak ez datoz bat koordenatuen sistema ortonormalaren ardatz axialekin eta, gainera, ez da egokitzen kubikatze-sistema batera. Hau da, forma horiek espazio bat hartzen dutenean, ezin dute erabat bete; aldiz, zirrikituak uzten dituzte elkarren artean. Ondorioz, sortzen den geometria ez da guztiz egokia museo-aretoak edukitzaile gisa ulertuta; izan ere, aretoen egitura desitxuratuta geratzen da, eta tetraedroen presentziak haien pertzepzioa oztopatzen du. Mintza puztean, horietako bakoitza topologia baten antza duen forma kurbatu eta organiko bihurtzen da, eta haietan identifikatu daitezkeen elementu geometriko bakarrak tetraedro-katea osatzen duten moduluak lotzen dituzten bi ertzak dira. Egitura pneumatikoak forma organiko gisa sailka daitezke, esaterako, organo edo organismoen moduan, zeinak bere baitan ixten den mintz bat diren eta barnealdearen eta kanpoaldearen arteko harremana erregulatzen duten zuloak dituzten. Forma organiko horien ezaugarriak mintzen gainazaleko tentsioaren plastikotasunaren araberakoak dira.

Esku hartutako arkitektura-gorputzaren hegal bat osatzen duten aretoetatik bostetan, zenbait mintz zeharrargi daude, espazioan gorputz arrotz gisa sartuta. Masek zehatz-mehatz bost areto horien zabaleraren erdia hartzen dute, elkarren artean konektatzen dituzten atalaseak dauden aldean; hala, ibilbide linealean sartuta daude eta zirkulazio bihurri bat sortzen dute. Ibilbidean zehar, batzuetan, ikuslea horiekiko oso hurbil dago, ukitu ere egin ditzake; beste zati batzuetan, argizuloetatik datorren argia bahetzen duten mintzen azpian aurkituko da. Egitura ez-ortonormalak aretoetako espazioaren pertzepzioa eta igarotzeko modua eraldatzen ditu.

Beste bost aretoek osatzen duten kontrako hegalean, moduluak mintz beltz eta opaku batez eginda daude. Beste batzuk, berriz, aretoak lotzen dituzten atalaseek marraztutako igarotze-lerro zuzenaren beste aldeko erdian daude, luzetara. Eskultura-katea hormatik esekita dago, errodapiaren eta berori goitik mugatzen duen molduraren arteko eremuak sortutako frisoaren gainean. Hegal horretan, gorputz beltz handiak zirkulazioaren kontrako aldean daude jarrita, kontenplazio-distantzia batera dauden izakiak balira bezala.

Paraleloan, moduluek betetako hormen beste aldean, paperean egindako zenbait marrazki figuratibo daude erakusketan zehar barreiatuta. Marrazkiak dira bizitza eta gizatasuna irudikatzeko modu ezagunenak guretzat, eta elementu modular pneumatikoen presentzia abstraktu eta aldi berean organikoak sortzen duen indarkeriarekin solasean eta kontrastean daude.

Proiektuak, halaber, bildumako bizpahiru lanen irudietatik abiatutako esku-hartze bat barne hartzen du, bildumaren azken antolamenduan zuten kokapen berean. Horrela, proiektua hustutako museoaren testuinguruan inskribatuta geratzen da, hala espazioari dagokionez, beren forma arkitektonikoan, nola denborari dagokionez, betetzen duen kontserbazio-funtzioarekin lotuta. Aretoko frisoetan kokatutako mintz pneumatiko batean edo bitan, hautatutako obren eskala errealeko zenbait argazki daude. Beraz, ikuslearen eta argazkiaren artean jarritako mintz plastiko zeharrargia tartean egongo da haiek begiratzean eta, gainera, marko bat balitz bezala, babes-funtzioa betetzen du, ikuslea iruditik aldenduz eta irudiaren pertzepzioa lanbro batean margulduz.

Zientzia-fikziozko Thirteen to Centaurus (Hamahiru Centaurusera) kontakizunean, J. G. Ballardek esperimentu bat deskribatzen du; horretan, pertsona batzuk kupula batean isolatuta bizi dira, izarren arteko belaunaldiarteko bidaia baten kondizioak simulatuz, kanpoko errealitatea ukitu eta ezagutu gabe. Helburua da jakitea giza portaeraren zein faktorek eragin duten espazioa kolonizatzeko aurreko saiakerek porrot egitea. Roger Francis doktorea arduratzen da ikerketaren subjektuen jarraipen psikologikoa egiteaz, eta erregulartasunez ateratzen da isilpean kupulatik, proiektuaren aurrerapena, euskarri-lanak eta mantentze-lanak koordinatzera, instalazioak mantentzen dituen kanpoko taldearekin. 50 urteren ondoren, babes publiko eta politikoa galtzen hasi direnez, proiektua arriskuan dago, eta doktoreak etsi-etsian defendatzen du ikerketarekin jarraitzea, etorkizun oso urrun batean amaitu ahal izateko:

“…Proiektua eteten bada, gure porrota izango da, ez haiena. Ezin dugu krudela edo desatsegina dela esanez arrazionalizatu. Kupulan dauden hamalau pertsonei zor diegu, proiektuak martxan jarrai dezan zor diegu.”

Chalmersek maltzurkeriaz begiratu zion.

Hamalau? Hamahiru esan nahiko duzu, ez, doktore? Edo zu ere kupularen barruan zaude?”

Kontakizun ilun horretan, etorkizunari buruzko irudi utopiko eta distopikoak elkartzen dira, modernitatearen bereizgarri izan diren aurrerapen-moduak zalantzan jartzearekin lotuta; hain zuzen ere, aurrerapen horien garapenak talka egin du giza esperientziaren ondoriozko zenbait jarrera etiko eta moralekin. Lotura hori 1960 eta 1970eko hamarkadetako arkitektura erradikalean berezkoak ziren zenbait esperimentutan hauteman daiteke, zeinetan egitura pneumatikoak erabiltzen ziren. Besteak beste, José Miguel de Prada Poolek, Event Structure Research Group eta Ant Farm taldeek eta Hans Walter Mullerrek egin zituzten esperimentuok; guztiak artistarentzat erreferente izan dira eta hala dira oraindik ere. Haien lanean, arkitektura pneumatikoak zalantzan jarri du baliabide materialak masiboki erabiltzea bizitzeko beste modu batzuk prestatzeko orduan. Asmo esperimental berberaz, baina eskulturaren genealogian txertatuta, arrazoi batengatik erabiltzen dira mintz pneumatikoak: masa materiala espazioko esperientzia osatzen duen elementu bat dela zalantzan jartzea.

Sergio Prego


 

 


 

Sergio Prego

Sergio Prego (Donostia, 1969)


Bizilekua Brooklynen (New York) duen artista honek eskulturaren inguruan egiten du lan, ikuspegi performatiboa txertatuz. 1993 eta 1995 artean zenbait lantegi eta mintegitan parte hartu zuen Donostiako Arteleku arte-zentroan; horietan, Juan Luis Moraza, Txomin Badiola eta Ángel Bados zituen irakasle. 1996 eta 2002 artean, Vito Acconci iparramerikar artistaren estudioan laguntzaile aritu zen, arte publikoko eta arkitekturako proiektuak garatzen. PRIMER PROFORMA 2010 egitasmoaren sorkuntzan eta garapenean parte hartu du, MUSAC Gaztela eta Leongo Arte Garaikidearen Museoan, baita 2015ean Kalostrak Donostian sustatutako arte-pedagogiaren proiektuan ere. Haren azken erakusketen artean, nabarmentzekoak dira Rose-colored Drift/To the Students (Blaffer Art Museum, Houston, 2017), Perforado por (Veneziako 58. Biurtekoko espainar pabiloia, 2019, Itziar Okarizekin batera) eta Poured Architecture: Sergio Prego on Miguel Fisac (Graham Foundation, Chicago, 2020).