Milton Glaser. Kartelak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

2022-02-08 • 2022-06-26

Milton Glaser. Kartelak

32. Aretoa

32 aretoa. 2022ko ekainaren 26ra arte

Bilboko Arte Ederren Museoa, 2022ko otsailaren 8a.- Azken urteotan kartel multzo handia jaso da museoan, hainbat dohaintzaren bitartez, eta, horiei esker, nabarmen zabaldu da arte diziplina horren inguruan museoan dagoen funts zabala.

Erakusketa monografiko honen bitartez, Milton Glaser-en (New York, 1929-2020) hogei kartel inguru emango dira ezagutzera, haren lanaren erakusgarri nagusiak. Bildumagile partikular batek 2013., 2020. eta 2021. urteetan dohaintzan emandako 48 lanen artean hautatu dira erakusketako lan horiek. Artistaren lanaren hiru hamarkada eta erdi hartzen dira horien bitartez guztira –1976tik 2011ra–, eta diseinatzaile ikoniko honek bere ibilbidean landutako eremu zabala erakusten dute: besteak beste, helburu komertzialekoak, oroitzapenezkoak, eta giza eskubideen edo ingurumenaren aldeko aktibismoaren ingurukoak.

Milton Glaser. Kartelak erakusketak Hormako mezuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako kartelak (1886-1975) erakusketaren arrastoari jarraitzen dio. 2015eko erakusketa hartan, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen eta Musikaren Historia Saileko irakasle Mikel Bilbao Salsidua izan zen komisarioa, eta ordu arte apenas ezagutzen zen museoaren kartel bildumako berrehun lan baino gehiago erakutsi ziren. Erakusketa hartan erakutsi zen lehen aldiz Dylan kartela, Glaserrek 1967an iparramerikar musikari eta poetaren kantu arrakastatsuenen disko baterako sortua, hain zuzen ere.

Oraingo honetan aurkezten den hautaketak oso ondo adierazten du zenbaterainokoa izan zen New Yorkeko sortzailearen moldakortasuna, zeina hartzen baita XX. mendeko diseinatzaile grafiko handienetakotzat, bai eta eragin gehien izan duten diseinatzaileen artekotzat ere. Glaserrek diseinuarekin eta marketinarekin lotutako hainbat eremutan baliatu zuen bere talentua: logotipoak, tipografiak eta identitate korporatiboak, publizitate kanpainak, packaginga, disko, liburu eta aldizkarietarako azal eta ilustrazioak eta kartelak. Haren lanik ezagunenetako bat New York hiriaren irudi kanpainarako 1976an egindakoa da. Hortik sortu zen “I [love] New York” eslogan eta logotipoa, eta horrekin arrakasta eta zabalkunde handiak lortu arren, Glaserrek ez zuen sekula erregistratu.

Milton Glaser (Nuw York, 1929-2020)

Milton Glaserrek New Yorkeko Cooper Union for the Advancement of Science and Art unibertsitatean ikasi zuen, eta, Fulbright beka bati esker, Giorgio Morandi (1890-1964) margolariaren ikasle izan zen Boloniako Unibertsitatean (Italian). Garai haren eraginez, Glaserren kartel askotan ugariak dira margolaritzaren tradizioari buruzko erreferentziak. New Yorkera itzuli zenean, Seymour Chwast, Reynold Ruffins eta Edward Sorelekin batera sortu zuen Push Pin Studios diseinu grafikoko estudioa, eta Chwastekin batera zuzendu zuen bi hamarraldiz. 1974an bere estudioa sortu zuen: Milton Glaser Inc.

Argitalpen munduak erakarrita, 1968an New York aldizkaria sortu zuen Clay Felkerrekin batera, eta 1983an, berriz, WBMG argitaletxea Walter Bernardekin. Horrez gainera, kolaboratzaile gisa jardun zuen, besteak beste, Eye, Life, Paris Match, Print eta Time aldizkarietan, eta hainbat liburu ilustratu zituen, hala nola Cats and Bats and Things with Wings (1965), haurrei zuzendua, Conrad Aiken poetarekin lankidetzan, eta The Underground Gourmet (1966), Jerome Snyderrekin.

Garrantzizko sariak lortu zituen, besteak beste: Cooper Hewitt Lifetime Achievement Award (2004), ibilbide profesionala aitortzeko helburuarekin emana, eta 2009an arteen domina nazionala, diseinatzaile grafiko bati ematen zitzaion lehena.

Milton Glaserrek bostehun kartel kultural, komertzial edo aktibista baino gehiago diseinatu zituen bere ibilbide luzean, harik eta 2020. urteko ekainean hil zen arte. Aipagarriak dira honako hauetarako eginak: Bob Dylan, Johann Sebastian Bach, Aretha Franklin, Carnegie Hall, Montreuxeko Jazz Jaialdia, San Franciscoko Opera edo Mad Men telesaila, batzuk aipatzearren.

Kartelak

De Jules Chéret a Milton Glaser

Un siglo de carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao

Mikel Bilbao Salsidua

UPV/EHU Artearen Historia eta Musika Saileko Irakaslea

Lehen kartel modernoak agertu zirenetik XIX.mendearen amaieran, komunizazio eta pertsuasio-bide horrek aldaketa handiak izan ditu.  Merkataritzan, kulturan, politikan, gerran eta beste esparru batzuetan eman zaion erabilerak agerian uzten du haren garrantzi historikoa.

Otsaliak 17, osteguna

Dylanen “Bob Dylan’s Greatest Hits” (1967) lehen bilduma-albumean zegoen kartela