Erakusketa: Margolan Itzuliak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2018-10-26 • 2019-01-13

Margolan Itzuliak

Erreprodukzio-grabatua, Bilboko Arte Ederren Museoan

Durangoko Arte eta Historia Museoa

FIG Bilbao Grabatuaren eta Paper gaineko Artearen Nazioarteko Jaialdia zazpigarrenez antolatu da aurten. Jaialdi horren helburua da grabatuaren kultura zabaltzea, kultura horri loturiko alderdi guztiak aintzat harturik. Eta xede horretan bat eginik, jaialdiak eta museoak elkarlanean jardun dute 2012an jaialdia sortu zenez geroztik, historian zehar paper gaineko arteak izandako balioa aldarrikatzen. Hain zuzen ere, eta besteak beste, erakusketak antolatu dituzte urtero, hala monografikoak –Giovanni Battista Piranesi (2012); Mimmo Paladino (2014) eta Lucas van Leyden (2015)– nola taldekoak –Sardiniako grabatuari buruzkoa (2013), Vivanco Bildumari buruzkoa (2016) edo Bilboko Arte Ederren Museoko bilduman koloretako grabatuak duen tartea aztergai zuena (2017)–.

Margolan itzuliak. Erreprodukzio-grabatua, Bilboko Arte Ederren Museoan erakusketa da aurtengo proposamena, eta berrikuntza dakar, aldatu egingo baita agertokia, Bilboko museoko aretoetatik Durangoko Arte eta Historia Museokoetara, hain zuzen. FIG Bilbaoren urteko egitarau zabalaren barruan kokatuta dago erakusketa, eta, egitarauari buru emateko, azoka bat egingo da, azaroaren 15etik 18ra, Euskalduna Jauregian, hiria Europako grabatuaren epizentro bihurtuko duena berriro.

 

Margolan itzuliak. Erreprodukzio-grabatua, Bilboko Arte Ederren Museoan


Beste teknika artistiko batzuekin alderatuta, anizkoiztasuna du grabatuak bereizgarri aipagarriena. Ezaugarri horri esker, XIX. mendearen hasierara arte artista ospetsuen –nagusiki, margolarien– obrak ezagutzera emateko erabili izan zen, batik bat: prozedura horren bidez askoz ere zabalkunde handiagoa zuten artista haien obra nagusiek, eta, ondorioz, baita beren sonak ere. Hortik datorkio izena, erreprodukzio-grabatua, askotariko teknika artistikoei jarraituz egindako artelanak erreproduzitzen baititu, modu gutxi-asko zehatzean. Erreprodukzio-grabatuak Italian du jatorria, XVI. mendean. Obrak publikoari ezagutzera emateaz gainera, jarduera honek orobat ahalbidetzen zuen artistek modelo gisa hartzeko eredu bisualak hedatzea.

Tipologia honi kontrajarririk, asmakuntza-grabatua dago, zeinaren bereizgarria baita artistaren asmamenak sortutako konposizioen adierazpen autonomoa eta, maiz, intimoagoa izatea, eta, beraz, beste artelan baten mende ez egotea. Grabatuaren historian, margolari handi asko nabarmendu dira grabatzaile gisa –hala nola Dürer, Rembrandt, Tiepolo eta Goya–, ez zutenak bilatzen beren margolaritza obra estanpen bidez ezagutzera ematea, baizik eta teknika eta formatu hori baliatzea beren talentuaren adierazpen neurritsuago eta pertsonalagoak lantzeko. Nolanahi ere, hainbat mendez asmakuntza-grabatua oso urria izan zen erreprodukzio-grabatuarekin alderatuta: askoz ere erabiliagoa eta ezagunagoa izan da erreprodukzio-grabatua.

Margolan itzuliak erakusketarako, Bilboko Arte Ederren Museoko paper gaineko obraren bilduma zabaleko 37 ale bikain hautatu dira, horien bidez erreprodukzio-grabatuaren bilakaera era espezifikoan aztertzeko moduan. William Hogarth, Paul Cézanne, Francisco Iturrino, José Gutiérrez Solana, Pablo Picasso, Equipo Crónica, Francis Bacon, Antonio Saura, Antoni Tàpies, David Hockney, Isabel Baquedano, Eduardo Arroyo eta Mari Puri Herrero dira, besteak beste, erakusketaren ibilbidea osatzen duten obren egileak.

Oro har, mota honetako grabatuek margolanak erreproduzitzen dituzte, baina orobat izan daitezke marrazki edo eskulturen adierazpen grafikoak, baita beste grabatu batzuenak edo argazkienak ere, esaterako, Carlos de Haesen erretratua, Ignacio Suárezena, zeinak kopiatu baitzuen margolariaren bustoa soilik, haren argazki batetik.

Bestalde, aipatzekoa da grabatzeko plantxara irudi bat eramateko erabiltzen zen teknikarekin, konposizioa alderantzikatzen zela; horren adibide da, esaterako, Israel van Meckenem alemaniar grabatzaileak XV. mendearen amaieran Schongauer ospetsuaren beste estanpa batean oinarriturik gubilez grabaturiko lana, edo William Hogarth ingeles margolariak bere mihise bat kopiatuz 1735ean grabaturiko Taberna akuaforte satirikoa.

Erreprodukzio-grabatuaren esparruan, kasuistika oso ugaria aurki daiteke. Badira artearen historiako maisuen pinturak zehatz-mehatz errepikatzen dituzten estanpak, adibidez Rafaelek 1514-15ean Vatikanoko Aretoetarako egindako Borgoko sutea obratik abiatuta Giovanni Battista Volpatok 1775-84 bitartean egindako grabatua, edo Hieronymus Wierixena, zeinak erakusten baitu, alderantzikaturik honek ere, Azken epaiketa, Martin de Vosen marrazkia.

XVIII. mendearen erdialdera, Ilustrazioarekin, bultzada handia izan zuen erreprodukzio-grabatuak Espainian; ordurako oso zabalduta zegoen Europa osoan, eta, Espainian, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiaren ekimenei eta Kalkografia Nazionalaren sorrerari esker hartu zuen indarra. Manuel Salvador Carmona da garai hartako erakusgarri bikainenetakoa; Mengsen obra bat abiapuntu hartuta hark landutako Isabel Parreño erretratua dago ikusgai. Arte grafikoaren bidezko hedapen eta propaganda ekinaldi bereziki interesgarria izan zen Espainiako errege bildumetako koadroak grabatzeko xedez 1789an sortu zuten konpainia, gerora ezerezean gelditua. Haren emaitza da Tintorettoren obra bat oinarri harturik Manuel Esquivelek grabaturiko Asiar bat estanpa.

Bestalde, aipatzekoak dira artistak berak bere ekoizpen piktorikoari loturik landutako estanpak ere, adibidez, Francisco Iturrinoren Jaia herrian, 1902-10 inguruko koloretako akuafortea, zeina baita izen bereko koadroaren interpretazio askea; edo José Gutiérrez Solanaren Kaleko emakumeak akuaforte eta punta lehorreko grabatua, non aldatu baitzuen ia hogei urte lehenago, 1915-17 inguruan, margotutako koadroko pertsonaien kopurua (jatorrizko koadroa ere museoko bilduman kontserbatu da).

Azkenik, badira iraganeko maisulanek inspiraturiko edo haien bertsio libre modura sorturiko grabatuak, oso ohikoak XX. mendean zehar. Modalitate honetan, obra hauek hautatu dira erakusketarako: Picassoren obra oinarri duen Zer da Picasso hau? akuafortea, David Hockneyrena, Equipo Crónica taldeak Velázquezi jarraituz egindako Konde-dukea eta alanbikea eta Goyan inspiraturik Antonio Saurak landutako Goyaren txakurra serigrafia saila.

 

Erakusketa

Javier Novo Gonzálezek –Museoko Bildumen Sailaren burua eta erakusketaren katalogoko testuen egilea– hautatutako lanak bi espazio kronologikotan antolatu dira erakusketan: lehen espazioan, XIX. mendea baino lehenagoko aleak bildu dira. Alde batetik, jatorrizko irudia sortu eta gutxira irudi haiei buruz egindako estanpak. Data horretara arte, grabatuan egindako idazkunek –latinismoak, oro har; esaterako, pinx(it) (margotu zuen), invent(it) (asmatu zuen), sculps(it) (grabatu zuen), delin(eavit) (margotu zuen), fec(it) (egin zuen) eta exc(udit) (argitaratu zuen)– aditzera ematen zuten maisu grabatzailea nor zen eta estanpara eramandako aurretiko obra zein zen. Jatorrizko obraren eta haren bertsio grabatuaren arteko lotura estu hori sendotuz joan zen, arrakasta erabatekoaz, XIX. mendera arte.

Era horretako estanpekin batera, grabatzailearen garaia baino lehenagoko obretatik abiatuta landutako aleak erakutsiko dira. Prozedura hori XVII. mendean sortu eta oso erabilia izan zen XVIII. mendean zehar, Errenazimentuko eta Barrokoko maisuen obrek eragiten zuten miresmena zela-eta, eta bultzada handia izan zuen estanpatzeko sistemetan egindako hobekuntza teknikoei esker. XVII. mendean, boladan jarri ziren, halaber, pertsonaia ospetsuen erretratuen gaineko grabatuak: elizgizonenak, aristokratenak, eta merkatarienak, Jacob van Sandrarten Johann Gollingen erretratua obran bezala, zeinetan ageri baita Bilboko hiribilduan kokatutako merkatari bat, hiria ikusten dela atzealdean (Martín Amigo gasteiztar margolariaren koadro desagertu batean oinarrituta dago grabatua).

Azkenik, atal honi dagokionez, aipatzekoa da, grabatua obra artistiko independente gisa finkatu bazen ere, loraldi ikusgarria izan zuela era honetako grabatuak XIX. mendetik aurrera, argazkilaritzari loturik irudiak erreproduzitzeko agertutako teknologia berriei, arte argitalpen ilustratuen zabalkundeari eta enpresa grafiko eta komertzialak ugaritzeari esker.

Artistak: Israel van Meckenem, Hieronymus Wierix, Jacob von Sandrart, William Hogarth, Juan Bernabé Palomino, Johann Georg Wille, Giovanni Battista Volpato, John Raphael Smith, Jean François Janinet, Luis Fernández Noseret, Francesco Bartolozzi, Manuel Salvador Carmona eta Manuel Esquivel de Sotomayor.

 

Erakusketaren bigarren eremuan, XIX. mendearen amaieratik gaur egunera bitartean esperimentazio artistikorako bitarteko modura eta grabatuaren eta pinturaren arteko uztarketa modura erabilitako erreprodukzio-grabatua da protagonista. Teknika berriek nabarmen erraztu dute prozesua eta hobetu emaitzaren kalitatea, Picasso, Bacon eta Tàpiesen litografietan ikus daitekeenez. Artistaren ekoizpen prozesuarekin eta analisiarekin loturiko alderdiak agerian uzten dituzte, gainera, era honetako grabatuek, hala nola Hernández Pijuan, Jesus Mari Lazkano eta Mari Puri Herrerorenek. Batzuetan, irauli ere egiten dute grabatua obra margotuaren aurrekaritzat jotzen duen ikuspegi tradizionala, adibidez Paul Cézanneren Bainulari txikiak koloretako litografiaren kasuan, Groupe de sept baigneurs mihisea (1900, Beyeler Fundazioa, Suitza) baino hiru urte lehenagokoa baita litografia.

Artistak: Ignacio Suárez Llanos, Paul Cézanne, Francisco Iturrino, Ricard Canals, José Mongrell, José Gutiérrez Solana, Oskar Kokoschka, Abel Martín, Pablo Picasso, Equipo Crónica, Francis Bacon, Doroteo Arnáiz, Luis Fernández, Antonio Saura, Antoni Tàpies, David Hockney, Larry Rivers, Alfredo Alcaín, Isabel Baquedano, José Hernández Pijuan, Jesus Mari Lazkano, Manolo Valdés, Eduardo Arroyo eta Mari Puri Herrero.


INFORMAZIO PRAKTIKOA

Durangoko Arte eta Historia Museoa

Ordutegia:

Asteartetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara
Larunbatetan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara
Igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara
Astelehenetan itxita

Sarrera doan
Tel.: 94 603 00 20

 

HITZALDIA

Durangoko Arte eta Historia Museoa. Azaroaren 7an, 19:00etan

Ideiak erreproduzitzen. Erreprodukzio-grabatuaren historia laburra
Javier Novo González, Bilboko Arte Ederren Museoko Bildumen Sailaren burua

Sarrera doan, aretoa bete arte

Erakusketaren edukia: Margolan Itzuliak

Babeslea: