Agerikoaren eta ikusezinaren artean - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2022-04-05 • 2022-09-25

Agerikoaren eta ikusezinaren artean

Azterketa, kontserbazioa eta zaharberritzea museoan

BBK ARETOA

Iberdrola-Museoa programa

2022ko apirilaren 6tik aurrera

Iberdrola Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren Patronatuko kide da 2001az geroztik, eta hari bere eginkizunean laguntzeko, museoaren kudeaketaren funtsezko ardatzetako bi babesten ditu: artelanen kontserbazioa eta zaharberritzea, batetik, eta bildumari buruzko ezagutzaren ikerketa eta zabalkundea, bestetik. Helburuak horiek izanik, eta duela ia hamarkada batetik hona, Iberdrolak bereziki babesten du urteroko Kontserbazio eta Zaharberritze Programa, hainbat artelan –garai desberdinetakoak, arte teknika desberdinez moldatuak– tratatu ahal izatea ahalbidetu duena.

Erakusketa honek agerian uzten du lankidetza horren arrakasta, urte horietako zaharberritze seinalatuenen xede izan diren obren multzo zabala bertan bilduta. Lan horien guztien artean, erakusketan bereziki nabarmendu nahi izan dira 2021eko programan tratatu diren piezak.

Museoko Kontserbazio eta Zaharberritze Sailak 1975ean hasi zuen bere ibilbide jada luzean egindako lan bikaina haren esku-hartzeen emaitzetan beretan islatzen da, bai obrak berak behatzean, bai aplikatutako tratamenduei eta aldez aurretik egindako ikerketei buruzko dokumentazioa ikustean egiazta daitekeenez.

Dokumentuak aztertuz eta analisi zientifikoko teknikak aplikatuz, obretako bakoitzaren historia materialari buruzko informazio garrantzitsua lor daiteke. Argi ultramoreak gainazalari buruzko datuak ematen ditu; erreflektografia infragorria pintura geruzaren maila sakonetara iristen da; erradiografiak egitura eta eraikuntza alderdiak bistaratzen ditu, eta azterketa estratigrafikoak pintura materiaren ezagutzan sakontzen du. Sarritan, gainera, pigmentuen, karga materialen, aglutinatzaileen eta bernizen izaerari buruzko analisi kimikoak egiten dira. Era berean, mihise gisa erabilitako ehunak, euskarrien zurak eta eskultura materialak ere aztertzen dira.

Informazio horrek guztiak diziplinarteko ikuspegi bat eskatzen du, aztergai diren obren kontserbazio egoera ebaluatu, balizko patologiak diagnostikatu eta tratamendu egokiak zehazteko. Gainera, artistaren modus operandira hurbiltzeko aukera ematen du, bai eta alderdi estilistiko eta kontzeptualak aztertzeko ere, eta horrek informazio baliotsua ematen du, adibidez, ondasun kulturalak datatzeko orduan. Hala, Kontserbazio eta Zaharberritze Sailak laguntza handia ematen du, bai artelanak aztertzeko orduan, bai ezagutza hori jendearen eta, jakina, komunitate zientifikoaren artean zabaltzeko orduan.

Bere bildumaren berezitasunak direla eta –zabaltasun kronologikoa, askotariko objektu artistikoak–, Museoak beharrezkoak ditu aldez aurreko azterketa eta analisi espezializatu horiek, baita zaharberritzaile adituen esku trebeak ere, bertako pintura, erretaula, tailu polikromatu, marfilezko eta zurezko eskultura, zeramika eta esmalte, estanpa eta akuarelei –erakusketa honetan ikusgai diren teknika eta euskarrietako batzuk dira horiek– dagokien tratamendua emateko. Horrek guztiak agerian uzten du oso langile gaituak behar direla artelanak behar bezala kontserbatzeko eta, hala badagokio, zaharberritzeko.

Hala, 2013 eta 2021 bitartean zaharberritu diren obrak, hala nola bildumarentzat hain garrantzitsuak diren Pere Nicolau, Jan Mandijn, Pieter Fransz de Grebber, Ignacio Zuloaga, Balerdi, Isabel Baquedano edo Vicente Ameztoyren margolan batzuk, beste prisma baten pean erakusten dira orain, historian zehar egin zaizkien kontserbazio eta zaharberritze esku-hartzeak –ikusezinak horietako asko–, hots, haien historia materiala, agerian jarrita.

Lan horiei guztiei, joan den 2021ean zaharberritu direnak gehitu behar zaizkie erakusketa honetan. Lan aipagarriak dira denak: Ángel Larroqueren Amatasuna (1895) ospetsua, italiar egile ezezaguna duen XVI. mendeko marfilezko gurutze bat –Larrea Gayarre familiaren dohaintza, eta orain lehen aldiz aurkezten dena–, eta Agustín Ibarrolaren Gernika mural enblematikoa eta haren familiak dohaintzan emandako beste bi lan, besteak beste, 32. aretoan ikusgai daudenak. Beste batzuk ez dira hain ezagunak, hala nola Marta Cárdenas margolari donostiarraren Lautada udaberrian (1987) triptikoa, 2020an Museoaren Lagunen ekarpenekin eskuratua.

Ángel Larroque (1874-1961)
Amatasuna, 1895
Olioa mihisean
Bilboko Udalaren ekarpena 1924

Dekorazio arteek ere badute lekua programa honetan, eta, adibide gisa, XVI. mende hasierako zeramikazko plater bat, Manisesko (Valentzia) buztinolan egina, eta Ramiro eta Ricardo Arrue anaien esmalte multzo aberats bat daude ikusgai.

Ohikoa denez, paper gaineko lanek aparteko tokia dute erakusketan, euskarriaren berezitasunagatik eta lanean erabilitako tekniken aniztasunagatik (marrazkia, akuarela, estanpazioa). Horien artean, garrantzi handiko obrak daude: Paul Gauguinen Stéphane Mallarméren erretratua –2019an eskuratua–, Dürerren Santa Katalinaren martirioa (c. 1498) –2021ean dohaintzan jasoa– eta Sonia Delaunayren 1918ko akuarela bat, jantzi baten diseinua, besteak beste. Francisco Iturrinoren eta Darío de Regoyosen zenbait grabatuk, Jose Gonzálezen marrazki batzuek, eta José Ortiz Echagüeren lau argazkik osatzen dute multzo heterogeneo bezain interesgarri hori.

Albrecht Dürer (1471-1528)
Santa Catalinaren martirioa, c. 1498 (XVIII. mendeko inprimaketa)
Zuntz xilografia paper berjuratuan
Dohaintza: bilduma partikularra (2021)

Erakusketaren irudi gehiago ikusi.

Jarduerak

Topaketa esklusiboak Museoaren Lagunentzat

Aretoan bertan, ateak itxita, egindako zaharberritzeak azalduko ditu Kontserbazio eta Zaharberritze Saileko taldeak, bai eta esku-hartzeak gidatu dituzten analisi teknikoetan oinarrituta egindako aurkikuntzak ere.

Maiatzeko astearte guztietan 12:00etan eta 18:00etan

Doako jarduera, Museoaren Lagunentzat bakarrik

Izen ematea, hemen. 2022ko apirilaren 6tik aurrera

Zabalkundea

Online hitzaldiak (2)

Antzinako pintura kontserbatzeko ikerketa. Mandijn eta Van Dyck-en obra bana

José Luis Merino Gorospe. Antzinako Artearen kontserbatzailea

Vicente Ameztoyren margolanen kontserbazioa Bilboko Arte Ederren Museoan

María José Ruiz-Ozaita. Kontserbazio eta Zaharberritze Sailaren burua

Apiriletik eta maiatzetik aurrera gure YouTubeko kanalean

Iberdrola bekak

Iberdrola Fundazioak eta museoak bi beka deitzen dituzte urtero, artelanak kontserbatzeko eta zaharberritzeko arloetan gaitasun profesionalak ikertzen eta garatzen laguntzeko.

Orain, programaren zazpigarren edizioaren luzapena dago indarrean. Maiatzean, beste deialdi baten berri emango da museoaren webgunean.

Babeslea: