Sotoba Komachi (Komachi hilobian) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Sotoba Komachi (Komachi hilobian)

Toyokuni, Utagawa

Tokio, 1777-1835

Xilografia

38,6 x 26 cm

Toyokuni ga (豊,国,画,)

c. 1812

XIX. Mendearen lehen heren

82/759

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Ono no Komachi (825-900) Japoniako Sei Olerkari Hilezinen artean emakume bakarra, jauregi inperialeko dama izan zen Heian Aroan, nipondar kulturaren balio klasikoak gauzatu ziren garaian. Haren talentu literarioa bere edertasunarekin baizik ezin zen parekatu, eta horregatik hain zuzen ere, Heian Aroko, hau da, garai klasikoetako, emakume ezin dotoreagoaren eredu bihurtu zen Komachi. Palacio Bilduman badira haren bizitzaren pasarte batzuk deskribatzen dituzten hainbat irudi, zehazki Shigenagak sinatutako bat eta Utamarok sinatutako beste bat. Hala eta guztiz ere, idazleari berari dedikatutako ilustrazioak baino ugariago izan ziren XVIII. eta XIX. mendeetan olerkariaren eta bere zazpi pasarte ospetsuenen parodiak (mitate-e), halako harreman ikonografikoak sorrarazten baitzituzten emakume ederrekin, antzezlariekin eta garaiko gaiekin. Kasu honetan artistak zazpi pasarte ospetsu horien parodia bat egin zuen bere garaiko neska gazteak olerkariari berezkoak zitzaizkion jarreretan irudikatuta, aldaketa txiki batzuk tarteko. Toyokuni kabuki antzerki generoan espezializatu zen, baina baita bijin-ga edo emakume ederren rola betetzen ere, emakume sentsual eta sofistikatuarena eginez.
Goi eskuineko angeluan elkarren gainean jarritako bi kartutxo ikusten ditugu. Luzeenak seriearen izena adierazten digu goiko aldean (Imayō musume Nana Komachi) eta irudikatutako pasartearen izenburu zehatza beheko aldean, kasu honetan Sotoba Komachi. Beste kartutxo karratu eta gorriak pasarteari erreferentzia egiten dioten olerki batzuk biltzen ditu, erreferentziatzat era berean Sotoba Komachi izenburuko noh antzezlaneko poema dutela. Antzezlan horretan, urteek hondatutako atso gisa ageri da olerkaria, hilobi baten gainean ezaxolati jarrita, gazte zelarik ezkon nahian izan zuen gazte bati eragindako sufrimenduak atsekabeturik. Irudi honetan Toyokunik emakume nekazari gazte bat marraztu zuen egur sorta baten gainean jarrita; Komachi tragikoaren aldean, alaikiro ari da jostatzen heriotzaren eta eraldaketaren sinbolo diren bi tximeletarekin. Ia beti Toyokunirekin lan egin zuen Yamatoya Jubei izan zen Bostongo Museum of Fine Arts museoan bere zazpi irudiekin oso-osorik kontserbatzen den serie honen argitaratzailea. Garai hartan antzeko beste irudi batzuk landu zituzten Ono no Komachiren biografiaren parodia egiteko asmo berarekin, esate baterako, Imayo Yakusha nana Komachi (Komachiren zazpi pasarteak gaurko antzezlariekin) eta Furyu nana Komachi (Komachiren zazpi pasarte dotoreak). (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 213, 286-288, n° cat. 80.