Pilarreko Ama Birjinaren agerpena Santiagori eta zazpi gizon apostolikoei - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Pilarreko Ama Birjinaren agerpena Santiagori eta zazpi gizon apostolikoei

Lint, Pietro van

Anberes (Belgika), 1609/06/28-Anberes (Belgika), 1690/09/25

Olioa mihisean

122,5 x 191 cm

Pietro van Lint (ángulo inferior izquierdo)

82/534

Pilarreko Ama Birjinaren agerraldia Santiagoren aurrean eta zazpi gizon apostolikoak izenburuko margolana van Lintek egina da Anberesen Erromatik itzuli eta bost urteetara. Dohaintza batetik etorria, gure Museoko bilduman jasoa dago 1935. urteaz geroztik. 1984an Matías Díaz Padrón artistari esleitu zitzaion obra hau, eta urtebete geroago, 1985ean, biltegietatik atera eta zaharberritu egin zen; orduan geratu ziren agerian behe ezkerraldeko angeluan sinadura eta data. Urte horretan bertan jarri zen jendaurrean Belgikan gure herrialdea gai hartuta burura eraman zuten Europalia 85 España erakusketa handian ikusi ahal izateko.

Irudikatutako gai ikonografikoak ahozko iturri batean du sorburura, gerora, XIV. mende amaieran edo XV. mende hasieran, San Gregorio Handiaren Moralia in Job iruzkinean jasota geratuko zena. 40. urte hasieran gertatutako miraria deskribatzen du; horren arabera, Ama Birjina agertu zitzaien oinarri baten gainean zegoela -super pilare quodam marmoreo ressidentem- Santiago Nagusiari eta haren jarraitzaileei denak Cesaraugusta Civitas hirian (Zaragoza) zeudenean Ebanjelioaren berri emateko.

Tradizioaren arabera gauez gertatu baitzen, aintzaren irekierako hodeien artetik sortzen den distirak argitzen du eszena, aurrean Ama Birjina ageri zaigu aingeruez eta serafinez inguraturik. Antzinaro klasikoko eskulturak gogorarazten dizkigu Ama Birjinaren irudiak --Erroman izan zenean van Lintek horren sarri marraztutakoak--, eta ez soilik leku egiten dion idulkiagatik edo oinarriagatik, baita haren jarreragatik, ezkerreko hanka apur bat aurreratuta duela, eta mantua biltzeko eragatik ere. Eskuineko eskuarekin apostoluak eraiki beharreko tenplua adierazten du: Pilarreko Basilika. Ama Birjinaren aurrean, Santiago belaunikatuta dago, Donejakue Bideko erromes bat balitz bezala jantzita, aurrean osagarriak dauzkala, maskorra eta makila. Santuaren gibelaldean, mirariak liluratuta eta askotariko taldea eratuz, penintsulara fedea predikatzeko xedean bidalitako zazpi apostoluak daude.

Margolan honetan van Linten estiloari berezkoak zaizkion elementu asko eta asko antzematen dira. Konposizio lasaia da, orekatua, koloreak neurrian, eta leunki modelatuta dauden irudien estatikotasunak eta bertikaltasunak, aurpegi obalatuek eta begi biribilek areagotzen duten baretasuna arnasten da.

Segur asko espainiar batek egindako enkarguari erantzungo dio margolan honek, gaiak ez baitzuen gure herrialdetik harago inolako interesik izango. Aitzitik, gai hori estu lotuta zegoen espainiar pietatearekin; izan ere, flandestar margolari honen obra interesgarri honetan gure herrialdean gertatutako bi jazoera erlijioso biltzen dira: alde batetik, Santiago apostoluaren etorrera penintsulara bertakoak kristau federa biltzeko, eta bestetik, santuari Zaragozan azaldutako Pilarreko Ama Birjina. (Ana Sánchez-Lassa de los Santos)

Bibliografia hautatuta

  • Splendeurs d'Espagne et les villes belges : 1500-1700 [Cat. exp.]. Bruxelles, Crédit Communal, 1985. pp. 557-558. N° cat. C62
  • Castañer López, Xesqui. Pinturas y pintores flamencos, holandeses y alemanes en el Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa, 1995. pp. 187-189, n° cat. 67.
  • El Pilar es La Columna : historia de una devoción [Cat. exp.]. Zaragoza, Ayuntamiento de Zaragoza, 1995. pp. 55, 225, n° cat. 47.
  • Santiago : la esperanza [Cat. exp.]. Santiago de Compostela ; Bilbao, Xunta de Galicia ; BBV , 1999. pp. 608-609, reproducido en portada (fragmento).
  • La huella y la Senda [Cat. exp.]. Las Palmas de Gran Canaria, Gobierno de Canarias ; Diócesis de Canarias, 2003. pp. 86-87, 754.
  • Camiño : a orixe = Camino : el origen [Cat. exp.]. A Coruña, Xunta de Galicia, 2015. pp. 96-99, il.