Pigmeoa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Pigmeoa

Anonimoa, II. mendea, K.o.

Brontzea

5,73 x 4,4 x 2,96 cm

82/853

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Mugitzen ari den gizonaren irudia. Pigmeoa da, zoruan duen eskuineko hankaren gainean hartzen du atseden eta tolestuta eta goratuta du ezkerrekoa. Motzak eta gihartsuak ditu besoak eta hankak, eta anatomia indartsua ageri du gorputzak, nahiz eta buru handiarekin alderatuta halako proportziorik eza antzematen den. Ezkerreko besoa aurrerantz luzatuta du dagoeneko galdua duen ezkutuari edo babesari eusteko, eta eskuineko besoa gorantz du tolestuta, ukabila itxita, lantza bati eutsiko zion. Aipagarria da zakilaren irudikapena, oso-oso handia da, ia zoruaren mailaraino iristen da. Bizkarra atzerantz inklinatuta du mugimendu handi baten bidez, eta handiak eta biribilak ditu ipurmasailak. Pertsonaiaren buruak larru arrasean du moztua ilea, bibote luzeak ditu eta bi adarretan antolatutako karakol formako bizarra. Belarri handiak ditu, eta aurpegiaren espresioa begi txikietan eta ahoan kontzentratzen da; bat dator egiten ari den ahalegina islatzen duen ahoaren keinua eskuineko eskuaz emango duen kolpearen keinuarekin, gorputzaren pisu guztia eskuineko hankaren gainera eramaten duen keinuarekin.

Alexandriar jatorriko gai helenistikoak irudikatzen dituen ale berdin bat dago Arles hiriko Museoan. Egipton bertan ez dira horrelakoak ugari, eta europar jatorriko ale urriak oso antzekoak dira euren artean, Egipton aurkitutako biak ezberdin samarrak diren bitartean; horregatik uste dugu Italian sortutako irudi mota dela eta batez ere Frantziako hegoaldean zabaldu zela. Bada Arleseko irudiarekin antz handia duen beste pieza bat Erromako bilduma partikular batean, baina azken horri idulkia falta zaio eta hautsiak ditu zakila eta bi eskuak. Frantziako Liburutegi Nazionaleko beste ale batek mugimendu berdina irudikatzen du, eta kokots uhalak altxatuta dituen kasko bat darama jantzita. Trauskilago landuago dago eta argi eta garbi osatu gabe, Bostongo Arte Ederren Museoan dagoen antzeko pieza bat.

Pigmeoen gaia sarritan erabili zuten termetako mosaikoak, eskuarki zuriak eta beltzak, apaintzeko. 1970. urtean bainugela pribatu bateko zoladura aurkitu zuten Italica hirian, eta bertan Neptuno eta uhandreak biltzen dituen lauki handi baten inguruan ageri dira kurriloei eta hipopotamoei aurre egiten ari zaizkien pigmeo taldeak, inguruan Nilo ibaiko uretako landareak dituztela. Mosaiko horretan ikusten da pigmeo horiei ematen zitzaizkien armak anfora zatiak zirela kaskoarena eta ezkutuarena egiteko eta kanaberak lantzarena egiteko. Mosaikogile berak beste zoladura txikiago bat landu zuen Italicako Exedra Etxeko bainugelan, eta bertako irudi nagusia gure brontze honetan irudikatutako jarrera berean dagoen pigmeoa da. Beraz, gure pigmeoari apaingarri gisa leku egingo zion ontzia edo altzaria bainugelan erabiliko zen norberaren higienearekin zerikusia izango zuen ontzia edo tresna izango zen. Halako geletan, oso egokiak baitziren txantxa eta umore zakarrenetarako, edozein burutazioetara egokitzen ziren pigmeoak. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 172-175, n° 20.