Patronato Nacional / del Turismo / Bilbao / Las playas del Abra - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Patronato Nacional / del Turismo / Bilbao / Las playas del Abra

Guezala y Ayrivié, Antonio de

Bilbao, 1889/06/11-Bilbao, 1956/09/13

Koloretako litografia paperean

99,7 x 62 cm

A de Guezala (eskuineko beheko angelua)

1929

87/35

1987an eskuratua

Turismo Patronatu Nazionalak eginarazi zituen garai guztietako turismo kartel espainiar hoberenetako batzuk. Gehienetan, afixa horiek hainbat hizkuntzatan inprimatu ziren eta hedapen handia izan zuten.

Inolako zalantzarik gabe, Turismo Patronatu Nazionalak hogeigarren urteen amaieran argitaratutako kartel interesgarrienetako bat izan zen Antonio de Guezalarena, Bilbao / Las playas del Abra izenekoa. Haren bidez, turistak erakarri nahi izan ziren Abrako hondartzetara, Bilboko itsasadarreko bokaletik hurbil dauden udalerrien eremura. Portugalete, eta batik bat Getxo, uda igarotzeko leku izan ziren XIX. mendeaz geroztik, eta azkenean bizileku gune bilakatu ziren Bilboko goi burgesiako familientzat. Izan ere, Areetan (Getxo) eraiki zuten alde hartako lehen bainuetxea 1868. urtean, eta zenbait gorabehera izan bazituen ere, bizirik iraun zuen 1898. urtera arte. 1903. urtean sortu zen Abrako Itsas Kluba eta 1912. urtean Balneario de Ereaga, S.A. elkarteak Igeretxe bainuetxe eta kasinoaren eraikuntza bultzatu zuen Ereagako hondartzan. Hala bada, oporrak igarotzeko leku bilakatu zen Getxo, jada finkatuago zeuden Donostia edo Santander bezalako norakoen pareko, nolabait esateko. Antzekotasun horiek ez zuten bakarrik azpiegiturekin zerikusia, baizik eta baita monarkia Bilbotik igaro izanarekin ere, Abrako bailandren estropadetara joan eta parte hartzea aski ohiko bilakatu baitzen, hogeigarren urteetako prentsan jaso zen bezala.

Artista egokikor eta emankorra izan zen Antonio de Guezala, eta maitasun berezia erakutsi zuen arte grafikoen munduarekiko. Faktore hori antzeman daiteke XX. mendeko lehen herenean egin zituen exlibris, aldizkarietarako ilustrazio, liburuetako azal eta kartel kopuru handietan. Kartel turistikoen alorrean izandako sartu-irten bakartzat har daiteke afixa hau, hainbat leku eta monumentu azaltzen zituzten txartel batzuk egin bazituen ere 1912. urtean, honako hauek, esate baterako: Bilboko Santiago Katedraleko Aingeruaren Atea, Udaletxeko zubi birakaria, On Didako Lopitz Harokoaren monumentua, edo Bizkaiko Zubia.

Originaltasun eta modernitate handia erakutsi zuen kartel guztietan, futurismotik oso gertuko planteamenduekin eta kutsu kubistekin. Adibide hau ez da salbuespen bat, eta bertan, eskematizazio prozesua jasan behar izan dute irudiek, gorputz atalak forma geometriko xume bilakatuz. Era berean, nortasun aztarna oro kendu zaie pertsonaiei. Hala ere, hori ez da eragozpen kartelak halako sentsazio batzuk eraginarazteko, artistak hogeigarren urte zoriontsuetako izpiritua hauteman nahi izan baitu kolore biziak, mugimendu sentsazioa, modernitatea edo alaitasuna bezalako elementuekin.

Gaiaren ikuspegitik begiratuta, Guezalak bi alderdi azpimarratu nahi ditu. Alde batetik, kostaldeko paisaiaren edertasuna; hartan, Ereagako hondartzaren ikuspegia ageri da lehen mailan Igeretxe bainuetxe-kasinoarekin, bainu-etxolekin eta eguzkitakoekin eta Arriluzeko kaia. Harantzago bailandrek, bela nabigazioa egiten, kaiak, Areetako hondartzak, Portugalete hiribilduak eta Bizkaiko Zubiak ematen diote amaiera eszenari. Bizkaiko Zubia Alberto de Palacio ingeniariak egina da eta industria siderometalurgiko joriaren ikurra, inolaz ere. Bestalde, lehen mailan, figurin gisa zirrimarraturiko irudiek tokiko eta bizitza modernoko plazerak erakusten dituzte autoaren, jantzi dotoreen eta kiroletako arroparen, edo jarrera lasaiaren bidez. Era berean, ikuspegi estetikotik begiratuta, aipaturiko kubismoarekiko erreferentzia horiez gain, bitxia da egiaztatzea Guezalaren mintzairak duen hurbiltasuna Vladimir Lebedev (San Petersburgo, 1891 - Leningrado, 1967) bezalako artista sobietarrarenarekin, Guezalaren obrak ez badu ere konstruktibismoarekin loturiko artista horren obra gehienak duen karga soziala. Era berean, aipatzekoa da kartel hau hainbat hizkuntzatan inprimatu zela, Visit Spain: The Abra Beaches bezalako leloekin. (Mikel Bilbao)

Bibliografia hautatuta

  • "Carteles en el Museo de Bellas Artes de Bilbao", Guía de Exposiciones, n° 86. 1987. n° cat. 57.
  • Arte grafikoak Euskadin eta Katalunian, 1888-1936 = Las artes gráficas en Euskadi y Cataluña, 1888-1936 [Cat. exp.]. Vitoria-Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren = Gobierno Vasco, 1988. p. 39.
  • Mur Pastor, Pilar. Antonio de Guezala y Ayvrie, 1889-1956 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1991. pp. 122, 102.
  • Martín Zurimendi, Miguel. El automóvil en Vizcaya : crónica de un centenario : 1896-1996. Bilbao, Laga, 1996. p. 50.
  • Ubierna, Javier. Euskal Herriko cartelak : askatasunaren irudiak, 1793-1979. Tafalla, Txalaparta, 1997. p. 43, n° cat. 55.
  • Viar Olloqui, Javier. Bilbao en el arte : de 1875 a 1936. Bilbao, Bilbao Bizkaia Kutxa, 2000. pp. 140-142.
  • Pérez Rojas, Francisco Javier. La ciudad placentera : de la verbena al cabaret [Cat. exp.]. València, Generalitat Valenciana, 2003. p. 182, n° cat. 31.
  • Pérez Rojas, Francisco Javier. La ciudad placentera. Noche y día de la vida moderna. Sevilla, Fundación El Monte, 2005. p. 178.
  • A cidade pracenteira : da verbena ao cabaré [Cat. exp.]. A Coruña, Museo de Belas Artes, 2006. p. 78.
  • Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 192-193, n° cat. 53.
  • "Reactions to Futurism in Castille, Catalonia, the Basque Country, Galicia and Portugal", International yearbook of futurism studies, Vol. 3. 2013. p. 287.
  • Eguizábal, Raúl. El cartel en España. Madrid, Cátedra, 2014. p. 150, il. (reproducido tambien en la cubierta)
  • Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. pp. 74-76, n° cat. 14.

Patronato Nacional / del Turismo / Bilbao / Las playas del Abra