Patera duen eskaintzailea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Patera duen eskaintzailea

Anonimoa, II. mendea, K.a.

Brontzea

7,54 x 5,51 x 1,57 cm

82/883

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakume baten irudia, zutik. Ezkerreko hankaren gainean hartzen du atseden eta kanporantz luzatuta du eskuinekoa, baina antza biak daude zuzen tunikaren azpian. Irudia ezkerretarantz inklinatzen dela ematen du, eskuineko hanka lerro zuzenean luzatuko bagenu bat egingo lukeelako lepoarekin eta buruarekin. V formako lepoa duen tunika du jantzita, mahukarik gabea, bularraldearen beheko aldean lotua, eta gainetik ezkerreko sorbaldatik abiatu eta eskuineko aldakarantz luzatzen den mantua du. Besoak zabalik eta luzatuta dauzka, ezkerreko esku ahurra agerian, hatzak soilik esku gainean nabari zaizkiola. Eskuineko eskuak aurrera begira duen gopor zirkular bati eusten dio, eskua eta goporra bat eginda daude, soilik hatz lodia eta zorrotza nabarmentzen da. Arrautza formakoa du burua, estu samarra, lepoaren zabalera bezain. Hazpegiak argi eta garbi ditu adierazita, ildo horizontala ahoa irudikatzeko eta bi zirkulu begiei leku egiteko zuloak irudikatzeko sudur motzaren eta zuzenaren alde bietan. Buruan paraleloan antolatutako ebaki sakonek irudikatzen dute orrazkera, ebaki horiek lokietatik garondoraino iristen dira, burugainean gurutzatzen dira. Gainean kalathos txiki bat du, eskaintzaile batzuek ezkerreko eskuan eraman ohi duten intsentsua gordetzeko pixio acerra deritzen ontzien antzeko forma du. Egitura laminarra du irudiak, gibelaldea laua da, bertan ildo sakon eta inklinatu bat baizik ez dago behe aldean, aitzinaldeko mantuaren ertza irudikatzen du. Gorputzaren zabaleran proportziorik eza agerikoa bada ere, buruaren estilizazio bertikalak eta kalathosaren bidez irabazitako altuerak orekatu egiten dute proportzio gabezia hori, eta halako bizitasun berezi bat ematen diote irudiari. Oso adierazkorra da besoen keinua, beste irudi eskaintzaileen artean ohikoa den egoneko itxura hori saihesten baitu ale honek.

Badira gure brontzeak bezala besoak zabalik dauzkaten beste ale batzuk, antzeko karaktereak dituztenak, nahiz eta horiek bakar batean ere ez diren modu berean aurkezten. Milango Museo Zibiko Arkeologikoko bildumako multzoan arropa bertsuak daramatzan irudi bat dago, horrek ere besoak zabalik dituela, baina hautsita ditu eskuak eta bestelakoa da jantzia. Beste batek modu bertsuan aurkezten du goporra, era berean eskuarekin bat egina dagoena. Orrazkera irudikatzeko moduari dagokionez, emakume eskaintzaileen irudietan diademak buruaren perimetroan antolatutako kiribildura handi batean ageri ohi baita, antz handiagoa du gure piezakoak umbriar/samnitartzat hartutako gizonezko irudietan erabilitako orrazkerarekin, baita katalogo honetako aurreko atalean deskribatutako Heraklesen irudi batzuetako orrazkerarekin ere. Bereziki bitxia da acerra delakoa egokitzeko modua, kalathos bat balitz bezala.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan izanik piezaren egitura laminarra, Italiako azken produkzioen artean sailkatu behar da irudi hau, K.a. II. mendean. Hainbat eredutan landutako ezaugarrien laburpen antzeko bat da, eta kasu honetan egileak modu bitxian baliatu zituen ezaugarri horiek, irudiari halako bizitasuna eman nahi izan baitzion: oso soluzio erakargarria aplikatu zuela esan behar dugu. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 399-402, n° 79.