Paisaia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Paisaia – 96/22

Zubiaurre Aguirrezabal, Ramón de

Garai (Bizkaia), 1882/09/01-Madril, 1969/06/09

Grafitoa paperean

25 x 32,9 cm

R. Zubiaurre (eskuineko beheko angelua)

c. 1890-1900

96/22

1996an eskuratua

Madrilgo Arte eta Ofizioen Eskola Zentralean ematen zen Laugarren Ataleko Apaindura eta Irudiaren Marrazketa irakasgaia osatzen zuten ikaskuntzen barnean, litografietatik abiatuta marrazkiak egitea ohiko jarduna izan zen ikasleei irakasteko. Gehienetan, litografia horiek atzerriko beste arte zentro batzuetakoak izaten ziren, Charles Bargue margolari frantsesaren Cours de Dessin ospetsukoak esate baterako, Parisko akademia ospetsuenetan erabili zena. Hainbat tamainatako paper orrietan arkatzez edo ikatz-ziriz egiten ziren ariketak ziren, eta hala suertatuz gero, beharreko oinarria ematen zien etorkizunean arte jarduera landu ahal izateko, lan horren kontzepzio guztiz akademikoaren barnean betiere.

Giza gorputzaren irudikapenak lehentasun nabarmena bazuen ere ikasleek Eskola hartan egiten zituzten ariketetan, paisaietako motiboen irudikapenak ere ez ziren falta izan, horren adibide egokia Ramón de Zubiaurreren marrazki hau. Bertan, zuhaizti mardula ikus daiteke itxura handirik gabe egokitutako zeharragaz eginiko egitura bat estaltzen. Konposizioak edozein paisaiaren errealitatea ekartzen digu gogora, paisaia zehaztugabea, eta marrazketako ikasle gazte baten trebetasun falta nabari zaie margolariak egin dituen trazuei, antzematen da oraindik finkatze prozesuan dagoela arkatzaren erabilerari dagokionean. Hori bereziki sumatzen da listoien zati bat estaltzen duten adarren tratamenduan; nabari den trazu urduri eta bakunari difuminatu gabeko itzal batzuen gogortasuna erantsi behar zaio. Ondorioz, kontrasteak nabari dira itzalen intentsitatean, berismo handiago batek irudikapenari emango zion tonu gradazio leunik gabe. Horrenbestez, margolariaren arte jarduera goiztiarreko adibidea da hau, Madrilgo Arte eta Ofizioen Eskola Zentralean ikasi zuen garaikoa, hain zuzen ere. Hamaika urte zituela matrikulatu zuten eskola hartan, 1893. urtean, eta hantxe egon zen 1897. urtera arte, urte hartan San Fernandoko Pintura, Eskultura eta Grabatu Eskola Berezian hasi baitzen ikasten. Aurreko kasuan bezalaxe, eskola honetan ere egin zituen antzeko ezaugarriak zituzten marrazkiak, eta gaur egun zaila da bereiztea zein diren eskola batean eta bestean egin zituen lanak. Nolanahi ere, esan daiteke, bi kasuetan ezagutza praktiko handiak bereganatu zituela, eta haiek ez bazituen eskuratu, gaur justifikatzen eta ulertzen zaila izango litzateke bere margo produkzio garrantzitsua. (Rebecca Guerra Pérez, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 190-191, n° cat. 73.