Izenbururik gabea [Bizkarrez eseritako emakumea) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Izenbururik gabea [Bizkarrez eseritako emakumea)

Iturrino González, Francisco

Santander, 1864/09/09-Cagnes-sur-Mer (Frantzia), 1924/06/21

Ikatz-ziria paperean

28,3 x 22,5 cm

c. 1909-1911

88/48

1988an eskuratua

Emakume bat eta bera baina jarrera ezberdinetan ageri da lan honen aurkian eta ifrentzuan. Marrazkiaren aurkian, hankak bilduta ditu emakumeak bere soineko harroaren azpian, besoetan bermatuta dago jarrita orekari eusteko; ifrentzuan erdi etzanda ageri zaigu emakumea, ikusleari bizkarra emanez. Bi irudietan emakumeak biratuta du aurpegia, begirada arrotz orotatik ezkutatzen da.

Iturrinok aurreko urteetako txalak eta peinetak baztertu ditu irudi hauetan, eta irudiei halako plastikotasun bat ematen laguntzen duten soineko sotil baina harroekin jantzi ditu emakumeak. Era berean, motots soil baina sofistikatu batean dute bilduta ilea, Europako hiriburu handietako modari jarraiki. Ikatz ziriaren puntarekin egindako trazu urri baina markatu batzuek mugatzen dute emakumearen forma eta ingerada, eta arkatzaren segmentu zabalenarekin aplikatutako trazu diagonalak eta sotilak erabili zituen egileak emakumearen jantziei halako bolumena eta testura emateko.

Bi marrazki hauek eraikitzeko eta egituratzeko erak eta moduak eramaten gaituzte lan hau inolako zalantzarik gabe 1909 eta 1911 urte bitartean datatzera. Formaren eta estetikaren ikuspuntutik, zirriborro hauek antz handia dute Francisco Iturrinok egindako obra askorekin, esate baterako, erakusketa honetako marrazki batekin --Izenbururik gabea (Emakumea makurturik bizkarra emanez)-- edo Santiago Amónek "Marrazkiaren eta pinturaren maisu garaikideak" bilduman egileari emandako ale monografikoan jasotako obra batzuekin, paperean egindakoekin.

Iturrinoren garai honetako irudiei egilearen aurreneko etapako emakume mozkote eta zurrunetatik eta mende hasierako bolumen geometrikoetan oinarritutako egituratik urruntzen diren naturaltasuna eta mugikortasuna darie. Irudi hauetan nagusi dira forma leunak, sobera daude osagarriak --peinetak, txalak, apaingarriak--. Jantziek, harroak eta uhin formakoak, ez dute oraindik beren gorputz biluziak ikusten uzten, baina egilearen gardentasunarekiko irrika iragartzen dute nola edo hala.

Zirriborro hauek gerora oihaletara edo akuaforteetara eramango zituen konposizioak egiteko saio hutsak izan ziren. Baina zirriborro horiek ez zituen beti beren horretan eraman olio edo grabatu lanetara, saioak eta apunteak ziren, aldaketa batzuk eginda garai bereko edo geroagoko obretara eramango zituen egileak. Horren erakusgarri dira hiru grabatu lan, haietako bat Bruselako Bibliothèque Royale Albert I liburutegian eta beste biak Bilboko Arte Ederren Museoko bilduman (82/1766 eta 83/165 Inb. zk.); horietan, jarrera berean baina kontrako perspektibatik hartuta, behe eskuineko eta goi eskuineko angeluetan irudikatu ditu egileak bi emakumeak. (Helena López Camacho, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Joos, Petra. Francisco Iturrino, 1864-1924 [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Mapfre, 1996. p. 226.
  • Cat. Francisco Iturrino. Donostia-San Sebastián, Fundación Social y Cultural Kutxa, 1996. p. 226.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 88-89, n° cat. 32.