Izenbururik gabea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Izenbururik gabea – 02/248

Bados, Ángel

Olazti, Nafarroa, 19/05/1945

Burdinurtua, beruna eta oihala

39,5 x 537 x 154 cm

1985

02/248

2002an eskuratua

Eskultura da Ángel Badosen jarduera arloa. Pieza hau Mites i delictes (Mitoak eta delituak) erakusketaren parte izan zen; Bartzelonako Metrònom aretoan egin zuten erakusketa, 1985ean, eta handik Bilboko Udal Aurrezki Kutxaren Kultura Aretora eraman zuten (baina areto horretan ez zuten aurkeztu, azkenean). Lurreko eskultura da, eta tradizio eskultorikoa berrezaugarritzen du, haren oinarri historikoetako biri helduz: harroina eta estatuaren ideia. Lurraren plano hau adierazgarria da artistaren ibilbidearen barruan; hain zuzen ere, eskulturarekiko eta, hedaduraz, munduarekiko hurbiltasuna lortzeko toki operatibotzat du lurraren horizontaltasuna. Artea portaera etikoa atxikita duen esperientzia kognitibo bat da. Badosek hirurogeita hamarreko hamarkadan egin zituen lehen urratsak artean, eta hizkuntza kontzeptualek bereziki erakarri zuten. Bertan, espazioari buruzko kezka jakin batzuk dira nagusi, eta kezka horiek marrazkiaren eta instalazioaren baliabideen bitartez ebatzi zituen. Hurrengo hamarkadan -pieza hau sortu zuen hamarkadan-, arte kontzeptualaren eta post-minimalismoaren hizkuntzen poetikarekiko elkarrizketa izan zen bere eskulturaren oinarria, eta, harekin batera, Jorge Oteiza eta Josef Beuys.

Eskulturan egindako urrats horiek artista eta mugimendu horiekiko pixkanakako hurbilketa eta urruntzeetatik abiatuta ikus daitezke, betiere objektutik abiatutako subjektuaren praxi konstitutibo baten bilaketaren ikuspegitik. Adibidez, Oteizaren «kutxa metafisikoaren» erreferentziak Beuysera hurbiltzen duen materialtasun bati bidea ematen dio hemen. Eskultura hau, zeinu eta adierazpen modura, orobat da, egilearen hitzetan, «objektu narrativo bat, zeinak ahalbidetzen baitu urruntzea ekintzan, bere materialtasun trinkotik eta sendotasun fisikotik abiatuta». Hemen agertzen diren burdinurtua, beruna eta oihal bilgarria artistak harrezkero behin eta berriro berreskuratutako materialak dira; bereziki adierazgarria da oihala, sentikortasunaren eramaile bihurtua.

Aztergai dugun piezaren bereizgarria da, hain zuzen ere, «postmodernitatearen» gaineko eztabaidaren erdigunean jarritako proiektu modernoaren eta modernitatearen auziari buruzko eztabaida berpiztuan kokatuta dagoela». Eztabaida horrek eragin nabarmena izan zuen «Euskal Eskultura Berrian», eta horren bidez Bados hainbat artistekin lotu da; Txomin Badiola, Pello Irazu, Juan Luis Moraza eta María Luisa Fernandez, besteak beste. Eskulturak, nolanahi ere, abangoardia artistikoaren estetikarekin lotura du (bereziki, sobietar konstruktibismoarekin). Oraintsu, Ángel Badosek material arinagoak baliatu ditu, hala nola, egurra, formika, kristala edo objektuak, zehaztasun handiko konposizio formaletan. Eskultura honetan, nabarmena da inguruko naturarekiko eta objektualtasun poetiko menderaezinarekiko erantzukizuna, non gorentasuna ez baiten baztertu behar. [Peio Aguirre]

Bibliografia hautatuta

  • Adquisiciones 02/07 [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 90-91, n° cat. 36.
  • Guía Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 164-165.
  • Gida Euskal Artistak. Bilbao, Bilboko Arte Eder Museoa, 2008. pp. 164-165.
  • Guide Basque Artists. Bilbao, Bilbao Fine Arts Museum, 2012. pp. 164-165, n° cat. 91a.
  • Viar, Javier. Historia del arte vasco : de la Guerra Civil a nuestros días, 1936-2016. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2017. pp. 787-788, il.
  • 110 Años 110 Obras [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 296-297, sin n° cat.
  • 110 Ans 110 Oeuvres [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 296-297, sin n° cat.
  • 110 Years 110 Works [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 296-297, sin n° cat.
  • 110 Urte 110 Artelan [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 296-297, sin n° cat.
  • Después del 68 : arte y prácticas artísticas en el País Vasco, 1968-2018 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. p. 433.