Ijitoak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Ijitoak

Arteta, Félix

Bilbao, 1890/02/21-Madril, 1986

Akuarela eta grafitoa paperean

65,5 x 51,5 cm

Félix Arteta (eskuineko beheko angelua)

1947

85/161

Francisca Urra González andrearen dohaintza 1985ean

Felix Artetak bere egin zituen hogeita hamargarren urteetan Jose Arruek eta Angel Cabanas Oteizak aurreko hamarraldietan plazaratu zituztenetik horren arrakastatsuak gertatu ziren euskal baserritar bizitzaren aurreko ikuspegi umoretsuak. Artetaren obraren bereizgarrietako bat izan zen egileak tokikoen eta arrotzen jarreren arteko aurkakotasuna ikuspegi komiko batetik erakusteko egin zituen saioak. Egile honen konposizio batzuk ase arte errepikatu zituen, oso aldaketa txikiak egiten zituen, izan ere, gerra osteko saltokiak hornitu behar ziren, gerra eta ondorengo lazeria ahaztu nahi zituzten saltokietara iritsi beharra zegoen.

Turistak portuan da egile honen gai arrakastatsuenetako bat, Elantxobe (1948), Mutriku (1953) eta Euskal portua (1953) izenburuko aldaerak ezagutzen ditugu. Margolan horietan guztietan konposizio eskema bat eta bera betetzen du: lehen planoan hainbat lagun, eskuarki auto batean, erdiko planoan, karelean, beste pertsona batzuk hondoko irudiarena egiten duen portuko paisaiari begira. Arrotzek, hiriburuetako turistek, tokiko bizilagunen aurrean erakusten duten interesean datza margolan honen grazia fina, turistak bertakoei begira jarrita argazkiak egiten baitizkiete alaikiro. Mundaka (1958) izenburuko margolana ere oso antzekoa da eszena osatzen duten elementuen antolamenduari dagokionez, baina lan honetan bazterrera utzi zituen umore keinuak euskal giroko ohiturak era topikoagoan aurkezteko.

Karikatura asmo agerikoarekin daude itxuratuta oilo bat lapurtu ostean baserritik urruntzen ari den ijito familiako kideen fisonomiak. Hondoan, arrotzen atzetik abiatu dira bertakoak. Artetak hainbat aldiz landu zuen gai hau, Oiloa (1947) izenburukoa kopia hutsa da ia, adibide bakar bat ematearren. Egile honen obran konposizioa ere ohikoa da, Ikasleak izenburukoa erakusgarri: pertsonaiak zeiharrean hurbiltzen zaizkio ikusleari, dabiltzan bideak, goiko angeluan etxe edo baserri batean amaitzen denak, alboetan zuhaitz biluziak dituela.

Bi obra horiek, Turistak portuan eta Ijitoak (urtebeteko tartea baizik ez dago bi lan horien artean) ezaugarri bertsuak biltzen dituzte formaren ikuspegitik: irudi lirainak dira, arkitekturak apur bat desitxuratuta daude, kolorea atsegina da, nabarmenkeriarik gabea; emaitza, produktu apaingarriak eta aldi berean kaltegabeak.

Museoko bildumak, gainera, Artetak egindako banako erakusketetatik bat iragartzen duen akuarela kontserbatzen du. Bertan, paleta eskuan duela, hemeretzigarren mendeko margolari bohemio gisa jantzita ageri zaigu egilea, galtza koadrodunekin, jakarekin eta ezinbesteko xingola lepoan duela. (Mikel Lertxundi)

Bibliografia hautatuta

  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 244-246, 249, n° cat. 101.
  • Kortadi, Edorta. Félix Arteta 1890-1986 : Marraskilaria eta humorista = Dibujante y humorista. Donostia-San Sebastián, Kutxa Fundazioa = Fundación kutxa, 2012. pp. 42-43, sin n° cat.