Idazketarako kutxa, zaldiekin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Idazketarako kutxa, zaldiekin

Anonimo japoniarra, XIX. Mendea

Egur lakatua

4,2 x 21,7 x 23,5 cm

82/960

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Idazketarako kutxa, nahiz eta egun ez dituen barruko erretiluak eta idazteko tresnak kontserbatzen. Estalki koadroa kaxaren gorputza baino pixka bat handiagoa da, eta alboek kaxaren gainaldea estaltzen dute kabuse-buta deritzon sistemaren bidez. Estalkiaren ingurua alakatuta dago. Urre hautsarekin tantotutako laka beltzarekin landuta dago kaxa osoa.

Izaera naturalistako eszena bukolikoa ikus dezakegu estalkian, hiru zaldi ageri dira, bi albotik ikusirik eta beste baten irudibildua, jarrera ezberdinetan. Zaldi bakoitza kolore batean: urre kolorekoa bata, marroia bestea eta gris urdindua hirugarrena (jatorrian zilarraren kolorekoa izango zen). Irudi horiek dentsitate handiko urre hauts edo xehe-xehe ehotako kolore lehorreko laka barreiatuarekin landuak dira, makie deritzon teknikaren arabera. Zoruko marra horizontalak irudikatzeko neurri ezberdinetako urre hautsak aplikatzen dira, baita metal bereko zati koadro txikiak ere (kirigane). Estalkiaren marko alakatua erroleo zilarreztatuekin dago dekoratua, egun grisak badira ere. Estalkiaren barruko aldeko azala kanpokoa baino askoz ere modu trinkoagoan dago urre hautsarekin tantotuta. Haren aurpegian hezegune bat dago irudikatuta, zortzi oholekin itxuratutako zubi bat, lirioak eta beste landare batzuk. Yatsuhashi izenaz ezagutzen den oso ikonografia tradizionala da. Makie teknikaren bidez daude landuta motibo guztiak, urre eta zilar hauts proportzio ezberdinak aplikatzean datza aipatu teknika, horrenbestez lortzen da tonalitatearen aldaketa. Askotarikoak eta oso piktorikoak dira makie teknikaren bidez lortzen diren ñabardura kromatikoak. (Yayoi Kawamura, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 416-417, 529-530, 532-533, n° cat. 134.
  • Torralba Soriano, Federico. Estudios sobre arte de Asia Oriental. Zaragoza, Prensas Universitarias de Zaragoza, 2008. p. 90, il.