Hiru erpineko diadema duen eskaintzailea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Hiru erpineko diadema duen eskaintzailea – 82/928

Anonimoa, III-II. mendeak, K. a.

Brontzea

7,85 x 3,1 x 1,46 cm

82/928

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakume baten irudia, zutik. Tunika batez eta mantu batez dago jantzita, haien tolesak nahasi egiten dira gune askotan, baina bi oihalak ongi asko nabari dira aurreko aldetik (atzetik ez) hankak estaltzen dituzten bi arropa horiek bereizten dituen uhinaren formako ebaki horizontalari esker. Alde handia dago irudiaren bi aldeen artean, aurreko aurpegiko tolesak txikiak direlako eta paraleloan antolatuta daudelako, eta gibelaldekoak handiagoak eta zabalagoak direlako, eskuin aldean bereizteko joera ageri dutela toles horiek. Metalen nahasketaren izaera laminarraren emaitza da hori. Barruko tunikak irudi osoa estaltzen du, oinetako behatzak eta besoak baizik ez ditu agerian, besoak oso motzak eta lodiak, halakoetan ohi denez, luzatuta duen ezkerreko eskuan pixide bat duela eta galdua duen eskuinekoan gopor bat izango zuela ziurrenik. Irudiaren jarrera orokorrak arkuaren forma hartzen du, aldakak eskuinetara eramanak ditu, sorbaldak ezkerretara, burua bezala. Hala eta guztiz ere, mugimendu horrek ez du hanken egokieran jatorria, hankak zuzen eta paraleloan jarrita baititu. Hortaz, egilearen gustu kontuak dira, formaren ikuspegitik erakargarriak diren beste irudietatik hartuak, jarrera hori izateko arrazoiak ongi ulertzea zaila bada ere.

Buruaren tratamenduan deigarria da aurpegiaren txikia, formaz triangeluarra, trauskil landua, diademak eta buruko zapiak eraturiko proportzio egokiagoko bolumenean ostatatuta dagoena. Itxura guztien arabera pieza hori hondatuta egongo zen molde batean landuko zuen erdi mailako artista batek, oinarrizko aurpegi bat landu behar izan zuen artista batek itxuratutako hazpegiak ageri baititu irudi honek. Buruko zapian ongi asko hautematen dira aurpegia inguratzen duten ile xerlo kizkur higatuak eta diadema, azken horrek punta triangeluar handi bana duela mutur bakoitzean eta beste bat gainean, aurrez aurre egokitutako hego txikien antzeko forma dutenak, erdian arrosetoi bat. Apaingarri horrek iradoki lezake aurreko piezarenak izango zuen forma, nahiz eta agian beste material batean egina izan zitekeen. Gainera, emakume eskaintzailearen zabalkunde handiko irudi mota honi buruzko informazio esanguratsua eskaintzen du.

Gerriaren mugimendu nabarmenak baldintzatzen du irudiaren jarrera, ezkerretara eramaten du soina, egileak Praxitelesen eskulturen erritmoaren bizitasunaren antzeko emaitza lortu nahi izan balu bezala. Aquileiako Arkeologia Museoan bada antz handiko irudi bat (17.743. Inb. zk.), oso hondatuta brontzearen gainazala oso higatuta dagoelako; are estilizatuagoa da irudia, gorputza oso liraina, eta eskuineko aldaka oso nabarmena, mantuaren tolesen norako berari jarraiki. K.a. III. eta II. mende bitartean dago datatuta, izan ere, azken italiar obrak ezaugarritzen dituzten irudien bolumenaren osaera zapala ageri du. Hortaz, gure irudia lehenagokoa izan liteke ikuspegi estilistiko batetik aztertuta, baina aurpegia segur asko berriz ere egina duenez, oso litekeena da berau lantzeko moldea ere oso denbora tarte luzean erabili izana.

Pennsylvaniako Unibertsitateko Hilprecht bilduman badago irudi bat berdin-berdina. Jatorrizko aurpegia kontserbazio egoera onean du. Mantineako Basa deituaren irudietako baten jarrera bertsuan ageri denez, helenistikotzat hartua da honakoa.

Pieza honen eta aurrekoaren arteko erlazio ikonografikoa agerikoa bada ere, bi irudiak erkatuta ohartuko gara Italiako tailerretan luzaroan erabili zituztela modelo berberak, hori bai, ikuspegi independentearekin alderdi estetikoei dagokienez eta, ikasitako formak behin eta berriz aplikatu baino, obraren emaitza globala bila zuten kezkak kontuan harturik. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 359-362, n° 67.