Herakles, leontea besoan duela - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Herakles, leontea besoan duela

Anonimoa, III. mendeak, K.a.

Brontzea

8,1 x 2,34 x 0,85 cm

82/855

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Herakles zutik. Apur bat aurreratuta eta tolestuta duen ezkerreko hankaren gainean hartzen du atseden gorputzak, eskuineko hanka zuzen eta pixka bat atzera eramana duen bitartean. Soina nabarmen dago inklinatuta, ezkerretaranzko kurba marrazten du aldakaren mailatik oso gora duen gerriraino. Anatomia oso era laburrean dago tratatua irudi osoaren izaera estilizatuaren baitan. Ezkerreko eskua aldakan du jarrita, eta aldakari itsatsita eusten dio gorantz halako hanpadura bat eratzen duen eta beherantz hankaren luzeran zehar erori eta muturrean zorrozten den elementu bati; elementu hori bera luzatu egiten da bizkarrean barrena eta ezkerreko sorbaldaren gainetik azaltzen zaio irudiari. Elementu horretan ebaki batzuk hautematen dira, lehoiaren burua irudikatu dezakete, eta beraz, Heraklesen leontearen estilizazioa identifikatu liteke pieza honetan. Gorputzetik bereizita du eskuineko besoa, baina hautsita dago ukondoaren mailan. Handia du burua, eta kopeta gainean bisera bat eratzen duen eta garondoan biltzen den kiribildura handi batez inguratuta dago, burezurra elementurik gabe. Hazpegiak oso azaletik daude adierazita, aurpegi lau batean eta hotzean egindako ebakiak dira.

Aldakaren kontra eusten duen oihalaren muturraren atzapar itxurak argi eta garbi gogorarazten du Heraklesen irudietako ohiko leontea, eta aurreko bi irudietan duen egokiera berdinean ageri da honetan ere. Milango Museo Zibiko Arkeologikoaren katalogoan bada antzeko ale bat, eta pieza horri begira faltsutasun arrastoak nabari direla esaten da, muskuluen egitura nabarmen desagerrarazia baitu irudiari itxura filiformea emateko; gainera, hotzean egindako ukieren bidez ditu adierazita hazpegiak. Vienan ustezko antzeko pieza bat dagoela adierazten da katalogo berean. Hala eta guztiz ere, gure piezarekin alderatuta, bi kasuetan eredu ikonografiko eta estilistiko berdinak direla ikus daiteke, baina piezak modu ezberdinean landuak direla, batez ere aurpegia irudikatzeko garaian, eta beraz huts egiteko beldurrik izan gabe esan dezakegu ez direla esku berak eginak, ez direla faltsutzaile baten eta beraren obrak. Gure piezaren hazpegiak ebaki finen bidez daude irudikatuta, azaleko ebakiak dira, Milango piezan ildo eta ebaki sakonen bidez adierazita dauden bitartean. Lepoaren forma eta luzera ere ezberdinak dira bi aleetan, gurean motzagoa eta sendoagoa da, baina burua eta adatsak pixka bat txikiagoak ditu, eta begirada beherago bideratuta. Horrenbestez, Milango, Bilboko eta agian baita Vienako pieza ere jatorrizko pieza baten bertsioak direla esango dugu, eta Milangoa aro modernoko obra faltsu bat izatekotan zalantzarik gabe gurearen antzeko jatorrizko pieza bat izan zuela eredu.

Nolanahi ere den, gure piezaren bereizgarriak --lehen adierazitako lehoi atzaparrarekin-- ezin sailka daitezke aro modernoko obra batean, eta estilo filiforme hori, italiar giroko obrei berezkoa zaien estilo hori, guztiz bat dator etruriar eraginpeko eremuan erabili ziren beste gai ikonografiko batzuetan bereizten diren aldaerekin. Estilo horrek, gainera, estetika garaikidera eramaten duen erakargarritasuna ematen dio piezari. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 289-292, n° 50.